Hegazkinetan ez gara tximisten beldur izan behar

Hegazkinak Faraday-ren Kaiolaren adibide garbiak dira

Hil honen hasieran, Madril eta Bilbao bitarteko bidaia burutzen ari zen Iberia konpainiako Airbus 321 hegazkin batek tximista baten inpaktua jaso zuela jakin izan dugu. Hasiera batean, horrelako gertaera batek, derrigorrez, hondamendi batean amaitu behar duela pentsatuko genuke: jendez betetako hegazkin bat, erregaiez betetako deposituak, hegazkina gidatzeko beharrezkoak diren hainbat gailu elektroniko… Baina, gezurra badirudi ere, hori sarritan jazotzen den zerbait da; estatistiken arabera, batez beste, hegazkin bakoitzak mila orduero jasotzen du horrelako inpakturen bat. Horrela, tximistek karga elektriko itzela duten arren, printzipioz, ez dute inolako kalterik eragiten hegazkinetan. Kasu gehienetan, bidaiariek ez dute inpaktu horiek nabaritzen, akaso, distira handi bat hegazkinaren kanpoaldean. Izan ere, hegazkinak tximistaren energia xahutzeko diseinatuta daude eta, hori, Faraday-ren Kaiola izenarekin ezagutzen den printzipioari esker ematen da.

Michael Faraday britaniarrak eremu elektrikoek baldintza desberdinetan izaten dituzten aldaketak aztertu zituen. Funtsean, Faraday-ren Kaiola izenarekin ezagutzen den teoriak honakoa dio: “Eroale baten barnealdean den eremu elektromagnetikoa zero da, eroale horretan eragin dezaketen kanpo eremuen efektuak baliogabetzen direlarik”. Hau da, eroale batean karga elektrikoa eramaten dituzten elementuak beti eroale horren kanpoaldean aurkitzen dira, inoiz ez barnealdean eta, ondorioz, korronte elektrikoa (elektroien mugimendua) kanpoaldetik soilik bideratuko da.

Hegazkinen kasuan, bai fuselajeak eta baita erregai deposituek ere printzipio hori jarraitzen dute eta, ondorioz, tximista baten inpaktuak ezin du kalte handirik sortu.

Faraday-ren Kaiola teoriaren adibide gehiago gure egunerokotasunean aurki ditzakegu. Adibidez, eraikin batean sartzen garenean gure telefono mugikorren estaldura nabarmen jaisten dela nabarituko dugu. Eraikin gehienek metalezko egiturak izaten dituzte (hormigoiaren barruan den kofratua) eta horiek uhin elektromagnetikoak oztopatzen dituzte.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.