Itsaso Andueza. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) presidentea

EGK gazteez osatutako erakundea da gazteen alde lan egiteko. Zein nolako lan-ildoak jorratzen ari zarete une honetan?
EGK-k zer egiten duen edo zertarako den ulertzea nahikoa zaila da. EGK bera ulertzea ere nahikoa zaila da; hori da, behintzat, leporatzen ohi zaiguna. Gure lana, funtsean, izenak dioen moduan, gazteei zuzendutako politiketan edo esparruetan aholkua ematea da. Gazteen eta administrazioaren arteko zubi izateko sortu zen EGK eta, horregatik, gazteriari ez ezik, administrazioari ere begiratu behar diogu. Gazteriari dagokionez, gure lana gazteek dituzten behar eta interesak ezagutzea da. Administrazioari begira, berriz, gure lana gazteengandik jasotako informazio hori guztia helaraztea izango litzateke eta baita administraziotik gazteen alde egiten diren politikak aztertzea ere.

Une honetan, gure jarduera sei ardatz edo lan-ildo nagusitan banatuko litzateke: hezkuntza; enplegua eta etxebizitza; parte-hartzea; komunikazioa; bakea eta bizikidetza; eta, berdintasuna. Gizartean diren beharretara moldatzen saiatzen gara eta EGK osatzen duten elkarte guztien erabakia da jorratu beharreko lan-ildoak zehaztea.

Bizkaiko NNGG-eko Nacho Tocak EGK ixtea eskatu du abertzaleen tresna delako eta Espainiako Gobernuak hartutako neurrien kontra doalako. Zer esan behar duzue horren inguruan?
Egia esan, oso gauza bitxia izan da. Berarekin izan nintzenean Bizkaiko NNGG-ek EGK-n baja eman behar zuela azaldu zidan baina ondoren prentsa ohar bat atera dute gure itxiera eskatuz. Prentsa ohar horretan EGK eta INJUVE alderatzen dituzte baina ez da zuzena, INJUVE EAEn den Gazteria Zuzendaritzaren baliokide baita eta EGK, aldiz, parte-hartzerako plataforma bat. Gainera INJUVE goraipatzeko zenbait programa aipatzen dituzte baina horiek guztiak Europatik sustatutako programak dira ez INJUVE-k sustatutakoak. Ez zaigu zuzena iruditzen kide izanik EGK-k sustatutako ekintzetan parte-hartzen ez duen norbaitek gure itxiera eskatzea. Kritikak onartu beharrean gaude eta kide batek gure funtzionamenduarekin ados ez badago azal dezala horretarako ditugun tresnen bidez. Gure aldetik ateak zabalik dauzkate eta esan beharrekoa entzuteko prest gaude.

Aipatu dituzun lan-ildo horietatik guztietatik, zein izango litzateke, zure ustez, gazteentzat garrantzi handiena duena?
Guztiak dira garrantzitsuak. Seguruenik, azken urteetan, pairatu izan dugun krisia dela eta, pisu gehien hartu duen lan-ildoa enplegua eta etxebizitzarena izan da. Gaur egun nagusi den gizarte antolakuntza dela eta, enplegurik ez duten pertsonek ez dituzte eskubide sozial guztiak bermatuta. Gazteen kasuan, lan merkatuan sartzeko zailtasunak direla eta edota prekarietate baldintzak direla eta, oso zaila izaten da bizitza-proiektu bat eraiki ahal izatea.

Azaldu duzunaren ildora, sarritan erabili izan ohi den ‘belaunaldi galdua’ kontzeptua zuzena litzateke?
Guk borrokan jarraituko dugu. Gazteen aldeko neurri gehiago eta eraginkorragoak hartu behar direla uste dugu, baina ez bakarrik egun bizi dugun egoerari aurre egiteko. Pertsona gazteen etorkizunean pentsatu behar da. Langabezia-tasa jaisteak ez du zertan adierazi behar pertsona horien bizitza-baldintzak hobetu direnik. Langabezia-tasa jaistearen aitzakiarekin eskubide asko urratzen ari dira. Gazteen kasuan, oso berandu hasi gara kotizatzen eta horrek etorkizunean ondorio negatibo asko izango ditu.

Ba al duzue atzerrira joan behar izan duten gazte kopuruaren inguruko daturik?
Ez, ez dago eta hori da, hain zuzen ere, gure aldarrikapenetako bat. Inork ez luke atzerrira behartuta joan behar. Gai honen inguruan polemika handia izan zen ‘S.O.S Gazte Atzerriratuak’ ekimena abian jarri genuenean. Gu ez gaude atzerrira joatearen kontra; kontua da guk ez dugula nahi, egoerak behartuta, inork kanpora joan behar izatea.

Nola gauzatzen dituzue aipatu dituzun lan-ildo horiek guztiak?
Arlo bakoitzean teknikari bat dugu. Teknikari horiek, proiektu desberdinen bidez, gazteen inguruko informazioa jaso behar dute. Informazioa modu desberdinetan lor daiteke: gazteekin zuzenean, Gazteen Euskal Behatokiarekin elkarlanean… Modu desberdinak erabiltzen ditugu eta ahalik eta originalen izaten saiatzen gara.

Eta nola hartzen dituzte proposamen horiek erakunde publikoetan? Ba al da erakunde publikoetatik garatzen diren politiketan eragina izateko aukerarik?
Guk garbi dugu gure proposamenek eragina dutela baina oso zaila da hori frogatzea. Adibidez, duela urte pare bat edo, Eusko Jaurlaritzak ‘Lehen Aukera’ izeneko programa jarri zuen martxan gazteen enplegua sustatzeko. Programa horren lehen deialdian zehazten ziren baldintzak, gure ustez, oso kaxkarrak ziren. EGKan bada enplegu lantalde bat eta talde horrek txosten bat prestatu zuen aipatu programa horretan gustuko ez genituen puntuak azalduz eta zergatiak arrazoituz. Txostena Eusko Jaurlaritzara iritsi zen eta beraiekin elkartzeko eskatu ziguten. Haien ustez, guk proposatzen genituen baldintzak ezartzen baziren gazte gutxiago laguntzeko aukera izango zuten. Guk azaldu genien diru publikoarekin garatutako programa bat bazen gazteei baldintza egokiak eskaini behar zitzaizkiela eta, azkenean, ez dakit nola konpondu zuten baina guk proposatutako baldintzetan hasieran planteatu zen gazteentzako laguntza izan zen. Programa hori urtez urte hobetuz joan da baina beti gure baldintzak errespetatuz eta hori, guretzat, garaipen handia izan zen.

Hau adibide bat besterik ez da eta garbi dago beste zenbait kasutan ez dugula horrelakorik lortu baina, oro har, jakin badakite hor gaudela.

EGK diru publikoarekin finantzatzen da. Duela zenbait urte murrizketa handia izan zenuten aurrekontuan eta zenbait langile kanporatu behar izan zenuten. Nola konpondu duzue egoera hori? Nahikoa aurrekontu duzue zuen lana aurrera ateratzeko?
Sarritan entzun izan dugu aurrekontu handiegia dugula. Nire ustez, aurrekontuaren egokitasuna egiten den lanaren araberakoa da eta, pertsonalki, oraindik ere aurrekontu laburra dugula uste dut. Gure urteroko aurrekontua 350 000 euro ingurukoa da eta zortzi langile gara. Aipatzen duzun murrizketa eman zenean, aurreko legealdian, lau langile bakarrik izatera pasa ginen. EGK arautzen duen legearen arabera, erakunde publikoen ardura da EGK mantentzea baina ez da zehazten nork egin behar duen edota zein kopurutan. Aurrekontuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzarena da eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiekin ere hitzarmenak ditugu. Horietaz gain, ekimen zehatzak garatzeko hitzarmenak sinatu ditugu, besteak beste, Gasteizko Udalarekin, Emakunderekin eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiarekin.

Sarritan entzun izan ohi da gaur egungo gazteak aurreko belaunaldikoak baino indibidualistagoak direla. Zein da horren inguruan duzuen iritzia? Zuen lan-ildoetako bat parte-hartzea sustatzea da…
Guk egin izan ditugun ikerketa desberdinek azaltzen dutenez euskal gazteria parte-hartzailea da, gizarte parte-hartzea egiten du. Horrek, nolabait, gazteek bere ingurunearekiko kezka dutela azalduko luke. Ez hori bakarrik; guk ditugun datuen arabera, gazteek politikarekiko (ez alderdi politikoekiko) duten interesa ere nabarmen hazi da. Kontuan izan behar da gizartea bera ere nabarmen aldatu dela. Gaur egun, parte-hartzerako tresna eta baliabide desberdinak daude: gizarte sareak… Gazteak asko mobilizatzen dira. Agian, egitura zehatzetan egiten diren gauzen berri izaten dugu bakarrik baina gazteek hamaika gauza egiten dituzte inolako egituraren beharrik gabe. Gizartean izaten diren aldaketarik garrantzitsuenak, ia beti, gazteen eskutik izaten dira.

Duela zenbait urte gazte mugimendua oso baldintzatuta zegoen herri honetan bizi izan dugun gatazka politikoarengatik. Nolakoa da alderdi desberdinetako gazteen arteko harremana gaur egun?
EGKri dagokionez, pausu txikiak ematen ari gara baina oso pausu garrantzitsuak dira. Zuk aipatzen dituzun alderdietako gazte horiek pausu gehiago eman beharko dituzte baina horretan ari dira. Gehiago egin beharko dute baina bidea hasita dute. EGK-k espazio neutral eta anitza eskaintzen die eta gure ekimenetan parte-hartzeko gonbidapena dute. Hala ere, oraindik mesfidantza gehiegi dago eta bakea eta bizikidetza gaietan, adibidez, kostatzen zaie barneratzea. Eta ez naiz alde edo alderdi bakarrez ari.

Bakea eta bizikidetza alorrean ekimen desberdinak jorratzen ari zarete. Zein izango litzateke, epe ertainera egoerarik egokiena zuen ikuspegitik?
Egoerarik egokiena bakean eta benetako bizikidetza batekin izango litzateke. Gai honen inguruan lasaitasunez eta errespetuz hitz egiteko gai izan beharko genuke, baina batez ere, enpatiarekin. Gatazkaren unerik latzenak aspaldi izan ziren arren, horrek guztiak eragina izan du belaunaldi gazteenetan ere. Nagusiengandik entzun izan dugun gauza bat da eta EGK-k antolatu izan dituen ekintza ia guztietan azaldu da. Gazte askok azaldu dutenez, gatazkaren inguruan gauza asko baina azalpen gutxi entzun dituzte. Isiltasunarena sarritan atera den kontua da. Gai tabu izaten jarraitzen duen arren, ausartagoak garela esango nuke, agian, gure motxila ez dagoelako hain kargatuta.

Berdintasun diagnostiko bat egin duzue EGK-an bertan eta baita kide diren zenbait taldeetan ere. Zeintzuk lirateke diagnostiko horren ondoriorik azpimarragarrienak?
Gauza asko egin behar direla. Ez da sorpresa izan; espero genuen zerbait da. Jendea toleranteagoa da eta berdintasun irizpideak barneratuta ditugu baina oraindik aurrerapauso gehiago eman behar dira, batez ere hain ikusgarriak ez diren indarkeria horietan.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.