El Chimborazo da Lurreko erdigunetik urrutien dagoen puntua

1953. urteko maiatzean Edmund Hillary zeelandaberritarrak, Tenzing Norgay sherpa lagun zuelarik, Everest (8848mt) mendiko gailurrera iristea lortu zuenean, seguruenik, munduko tontorrik altuenean zegoela uste zuen. Eta hala pentsatu dugu beste guztiok ere frantziar zientzialari talde batek egin duen ikerketaren berri izan dugun arte. Izan ere, aipatu ikerketaren arabera Ekuador-en den El Chimborazo (6268mt) sumendia gure planetan den punturik altuena izango litzateke. Nola da posible? Bada, ikerketa horretan, itsas-maila erreferentziatzat hartu beharrean Lurreko erdigunea hartu dutelako eta hor, Ekuatoretik gertu izateak mesede egin dio El Chimborazo-ri. Gainera, Lurreko erdigunea erreferentziatzat hartzen bada, munduko bigarren tontorrik altuena ere ez litzateke Everest izango. Kasu horretan, ohorea Peruko Huascarán (6768mt) mendiarena izango litzateke. Itsas-maila erreferentziatzat hartzen bada, berriz, Himalayako menditzarrak ez du aurkaririk.

GPS neurketetan oinarritu den ikerketa horren arabera, Lurreko erdigunetik Everesteko tontorreraino 6382,605 km daude. Lurreko erdigunetik El Chimborazoren tontorreraino, berriz, 6384,416 km, hots, 1,811 kilometro gehiago. Gakoa gure planetaren itxuran dago. Jakingo duzuen bezala Lurra ez da guztiz biribila eta poloetan lauagoa da (6357km) Ekuatorean (6378km) baino. Beraz, ekuatorean itsas-mailan aurkitzen den pertsona bat poloan itsas-mailan den pertsona bat baino 21 kilometro urrutiago dago Lurraren erdigunetik.

Zenbait hedabideetan, albiste hau azaltzerakoan, Lurraren erdigunetik ez ezik El Chimborazoren tontorra Eguzkitik gertuen den Lurreko puntua ere dela baieztatu da. Zoritxarrez, datu hori ez da guztiz zuzena. Izan ere, Eguzkia eta Lurraren artean den distantzia azken honen errotazioa eta inklinazioaren (23º) araberakoa da. Horrela, udako solstizioarekin batera Eguzkitik gertuen dauden puntuak Kantzer Tropikoan aurkitzen dira. Neguko solstizioan, berriz, Kaprikornio Tropikoan daudenak. Hori bai, ekinokzioekin batera (martxoak 20-21 eta irailak 22-23) El Chimborazo da Eguzkitik gertuen den puntua. Egun horietan, eguzkiak ardatz perpendikularra osatzen du ekuatorearekin eta eguzki orduak berdinak dira Ipar zein Hego hemisferioetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.