Orain arte EGA zen horrelako azterketa bakarra

Eusko Jaurlaritzak, irailetik aurrera, euskara maila egiaztatzeko azterketa libre berriak jarriko ditu martxan. Orain arte, azterketa libre bakarra Euskara Gaitasunaren Azterketa (EGA) zen, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (HEEEB) C1 mailaren baliokidea, hain zuzen ere. Irailetik aurrera, berriz, HEEEB-en zehazten diren B1 eta B2 mailak egiaztatzeko aukera ere izango da. Eusko Jaurlaritzatik aurreratu dutenez, etorkizunean gainerako mailetarako azterketa libreak ere izatea espero da (A1, A2 eta C2).

Printzipioz, B1 eta B2 azterketa libre horietara aurkeztu ahal izateko bete beharreko baldintzak EGA azterketara aurkezteko eskatzen diren baldintzen antzekoak izango dira, hala nola, gutxienez 17 urte izatea. Titulu libre horiekin, irailetik aurrera edonork aukera izango du, bere kabuz, administrazioan eskatzen ohi diren lehen hiru hizkuntza eskakizunak lortzeko. Ez hori bakarrik, euskara maila frogatzea eskatzen duten erakundeek ere EGA maila baino maila baxuagoa eskatzeko aukera ere izango dute.

Izan ere, azken urteetan EGA azterketaren inguruan hainbat eztabaida eman dira. Askoren ustetan, azterketa oso zaila da; urtero 13 000 hautagai inguru aurkezten dira baina bakarrik laurden batek azterketa gainditzea lortzen du. Emaitza horiek ikusita, Eusko Legebiltzarrak txosten bat prestatzea eskatu dio aditu talde bati. Talde horren emaitzak aurki emango dira ezagutzera baina izan bada Europako markoaren arabera egina den ikerketa bat. Horren arabera, D ereduan ikasi duten 16 urteko ikasleen %68k B2 maila izango luke, hots EGA aurreko maila eta ingelesezko First Certificate in English tituluaren baliokidea. B ereduan ikasi duten adin bereko ikasleen artean B2 maila dutenak %33 izango lirateke.

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak titulu berri horien beharra azpimarratu nahi izan du. Baztarrikak azaldu duenez, “beharrezkoa da EGA hainbat erabileratarako, baina beste askotarako ez. Euskaraz bizitzeko ez da EGA mailarik behar, funtziona daiteke maila apalagoarekin”.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.