Zeintzuk dira munduan gehien ikasten diren hizkuntzak?

Duolingok munduan gehien ikasten diren hizkuntzen inguruko azterlana burutu du. Oro har, ikerketak espero zitezkeen emaitzak eman ditu, baina badira zenbait datu bitxi ere.

Mundu globalizatu batean bizi gara eta egunero herrialde desberdinetako pertsonekin egin ahal dugu topo. Horregatik, hizkuntza desberdinen ezagutza ezinbestekoa bilakatu da bai goi-mailako ikasketetarako zein bizitza profesionalerako. Ondorioz, gero eta gehiago dira bigarren edo hirugarren hizkuntza bat ikasten ari diren pertsonak. Baina zein hizkuntza ikasten da gehien? Zeren baitan erabakitzen da hizkuntza bat edo beste ikastea?

Internet bidez hizkuntza desberdinak ikasteko aukera ematen duen Duolingo enpresak munduko herrialde desberdinetan gehien ikasten diren hizkuntzak zeintzuk diren aztertu du. Horretarako, hiru hilabetez, 194 herrialde desberdinetan dituen 120 milioi erabiltzaileen eguneroko jarduera aztertu du.

Imajinatu ahal izango zenuten moduan, ingelesa da mundu osoan zehar gehien ikasten den hizkuntza. Estatu guztiak aintzat hartzen badira, bi herenetan ingelesa gehien ikasten diren bi hizkuntzen artean aurkitzen da. Gezurra badirudi ere, Estatu Batuetan ingelesa da gehien ikasten den bigarren hizkuntza (gaztelaniaren atzetik hain zuzen ere). Ingeles ikasle gehien dituzten herrialdeak, batez ere, Latinoamerika, Ekialde Hurbila eta Asiako Hego-ekialdean aurkitzen dira.

Ingelesaren atzetik, frantsesa eta gaztelania aurkituko lirateke. Horrela, frantsesa gehien ikasten diren bi hizkuntzetako bat da herrialdeen % 58an eta gaztelania, aldiz, % 46an. Hala ere, gaztelaniak hiztun edo ikasle gehiago ditu: ikasleen % 17 gaztelania ikasten ari da eta % 11 frantsesa. Frantsesaren kasuan, ikasle gehienak Afrikan biltzen dira. Gaztelaniak, berriz, arrakasta handiagoa du ingelesa ama-hizkuntza duten herrialdeetan.

Duolingok egindako ikerketa honek baditu zenbait ondorio bitxi. Adibidez, Suedian gehien ikasten den hizkuntza suediera bera da. Suedian bigarren hizkuntza bat ikasten ari direnen % 27 suediera ikasten ari dira. Nola da posible? Erantzuna, noski, immigrazioan aurkitu behar da. Izan ere, Suediako biztanleriaren artean % 16 inguru Suediatik kanpo jaioa da. Antzeko fenomenoa ematen da, ikusi dugun bezala, Amerikako Estatu Batuetan (biztanleriaren % 13,1 atzerriko beste herrialderen batean jaioa da). Norvegian ere, bertako norvegiera da gehien ikasten den bigarren hizkuntza. Kasu honetan ere immigrazioa da arrazoi nagusiena.

Ikerketak bestelako datu bitxiak ere utzi ditu. Indian, adibidez, hindustanerarekin batera hizkuntza ofiziala izan arren, ingelesa da gehien ikasten den lehen hizkuntza. Bitxia bada ere, bertako biztanleriaren % 10 inguruk soilik ingelesez hitz egiten du. Kasu horretan, ingelesa goi-mailako hezkuntza eta administraziorako hizkuntza bilakatu da Indian eta, ondorioz, hizkuntza hori hitz egiten ez duenak mugatua izaten du bere ibilbide profesionala.

Angolan hizkuntza ofizial bakarra portugalera da baina biztanleriaren % 40 inguruk ez du hizkuntza hori menperatzen. Antzeko egoera bizi dute Mozambiken.

Adibide gehiago. Kanadan frantsesa bi hizkuntza ofizialetako bat da baina, hala ere, frantsesa da gehien ikasten den hizkuntza. Kasu horretan, frantses hiztunak eskualde zehatz batean pilatzen dira (Quebec). Beste eskualdetan ia hitz egiten ez bada ere, ikasleek derrigorrez ikasi behar dute.

MUNDUAN GEHIEN HITZ EGITEN DIREN HIZKUNTZAK
Munduan 7000 hizkuntza inguru daude baina guztiak ez dira maila berean. Hizkuntza nagusienek gero eta hiztun gehiago dituzten bitartean, beste milaka hizkuntza desagertzeko arriskuan aurkitzen dira hiztun gabe geratzen ari direlako. Hona hemen munduan gehien hitz egiten diren hizkuntzen sailkapena:
• Txinera: Munduan hiztun gehien duen hizkuntza da. 1000 milioi pertsona baino gehiagoren ama-hizkuntza da. Guztira 1300 milioi hiztun inguru ditu.
• Hindustanera: India eta Pakistango hizkuntza ofiziala. 970 milioi hiztun mundu osoan.
• Gaztelania: 550 milioi hiztun mundu osoan. Espainia eta Latinoamerikako hainbat herrialdeetako hizkuntza ofiziala.
• Ingelesa: Gaur egun munduko hizkuntza unibertsala. 328 milioi pertsonek dute ingelesa ama-hizkuntza baina mundu osoan 1800 milioi biztanle baino gehiago dira ingelesez hitz egiteko gai.
• Arabiera: Afrika eta Asiako herrialde askotako hizkuntza ofiziala. 260 hiztun mundu osoan.
• Portugalera: Brasil, Portugal eta Afrikako zenbait Estatutako hizkuntza ofiziala 230 hiztun mundu osoan.
• Bengalera: 203 milioi hiztun.
• Errusiera: Errusia eta Sobiet Batasuneko hainbat errepublika ohien hizkuntza ofiziala. 130 milioi hiztun.
• Japoniera: 125 milioi hiztun.
• Punjabiera: India eta Pakistanen hitz egiten den hizkuntza. 120 milioi hiztun.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.