“Datozen urteetan, ezer egongo bada, lana izango da”

Zein da zure iritzia Lanbide Heziketa Dualak izan duen garapenaren inguruan? Egun diren datuekin gustura al zaude?

Nire ustez, Lanbide Heziketa Dualak izan duen garapena zuzena da. Une honetan, 953 ikasle eta 493 enpresa dira eredu horretan parte hartzen. Burutu izan ditugun ebaluazio desberdinen arabera, eta ikasle zein enpresekin egin diren inkesta desberdinen arabera, modeloa bide onetik doa. Iaz, adibidez, LH Duala burutu zuen ikasleriaren % 70 lanean zen bere ikasketak amaitu eta ondorengo egunean.

Dena den, kontuan izan behar da LH Duala duela gutxi jarri zela abian eta, ondorioz, gaur egun eredu horretan ikasle gutxi daudela pentsa badaiteke ere, garapena aurreikusitakoa da. Lanbide Heziketa Duala, bere ezaugarriak direla eta, ondo eta asko landu beharreko zerbait da; gauza asko adostu behar dira; ondo prestatu; gizarte eragile, patronal edota sindikatuekin hitz egin… Ikasturte honetan, Lanbide Heziketan diren ikasleen % 5 inguru Lanbide Heziketa Duala burutzen ari da, baina ezinezkoa da hau bezalako eredu bat 14 000 ikaslerekin hastea. Lanbide Heziketa Duala ardura handiz egin behar da, eredua ondo garatu eta behin zuzena dela ikusten denean hedatu. Gure asmoa, modelo sendo bat garatzea da eta, horretarako, funtsezkoa da eman beharreko urratsak ondo ematea.

Era berean, kontuan hartu behar da Lanbide Heziketa Duala berez ez dela helburu bat; LH Duala Lanbide Heziketako ikasketak burutzen ari diren ikasleen trebakuntza hobetzeko tresna bat da. Epe motzera, lanbide Heziketa Duala oso tresna garrantzitsua izango delakoan nago eta, 2020. urteari begira, eredu horretan Lanbide Heziketa ikasten ari diren ikasleriaren % 40-50 inguru izango dela espero dugu.

Zeintzuk lirateke garatzen ari zareten Lanbide Heziketarako Euskal Legearen proiektuaren indargunerik garrantzitsuenak?

Hau jada Lanbide Heziketaren esparruan burutzen ari diren hainbat jarduera edo ekintzei izaera normatiboa eman nahi dien proiektua da. Lanbide Heziketaren inguruan hitz egiten dugunean, hezkuntza sistemako ikasleei ez ezik, lanean izanik trebakuntza gehigarri bat behar duten pertsonei edota langabezian aurkitzen diren pertsonei ere prestakuntza eskaintzen dien trebakuntza baten inguruan hitz egiten dugu. Era berean, trebakuntza maila handia eskatzen duten zenbait lanpostu betetzeko enpresek dituzten beharrei erantzuteko espezializazio programa desberdinak prestatzen dira. Proiektuaren beste alderdi garrantzitsu bat berrikuntza aplikatuarena da. Berrikuntza mota hau, lehenik eta behin, lanbide heziketaren barruan bertan ikaskuntza metodologiak eta kudeaketa modeloak hobetzeko erabiltzen da eta, bigarrenik, enpresa txiki eta ertainei bere produktu, prozesu, zerbitzu eta abarrekoak hobetzen laguntzeko.

Proiektuaren hirugarren ardatz garrantzitsua ekintzailetzarena dugu. Zentzu horretan, bi lan ildo jorratu nahi dira. Alde batetik, lanbide heziketako ikasleriari kultura ekintzailea irakatsi nahi zaio eta, bestetik, gure enpresen nazioartekotzea sustatu nahi da lanbide heziketako esparruan bestelako herrialdeekin elkarlana sustatuz.

Lege proiektuak, gainera, zentroen garapena ere sustatu nahi du, sistema osoaren garapenaren ardatz bilaka daitezen. Ikastetxeek osatutako sare sendo bat osatu nahi dugu esparru berriak landu eta garatu ahal izateko.

Oro har, euskal Lanbide Heziketa erreferentetzat hartzen da. Hala ere, behin baino gehiagotan azaldu izan duzu moldatzen edo egokitzen jarraitu behar duela. Zer izango litzateke hobetu behar den hori?

Gaur egun ondo egotearekin ez da nahikoa. Helburua onena izatea da edo, behintzat, onenen artean izatea. Horretarako, funtsezkoa da etengabe moldatzen egotea, geldirik ez egotea eta etengabe hobetzea. Gaur egun, mundua oso abiadura azkarrean aldatzen da eta horrek, proiektu berriak sortzera, berrikuntza lantzera… behartzen gaitu. Hain aldakorra den ingurune honetan sistemek oso dinamikoak izan behar dute eta, zorionez, gure lanbide heziketa sistema oso dinamikoa da.

Iaz izan zen Ikaslanen biltzar batean azaldu zenez, seguruenik, gaur egun eskola garaian diren ikasleen % 65 inguruk gaur egun existitzen ez diren lanpostuetan egingo du lan. Nola molda daiteke hezkuntza sistema oso bat errealitate horretara?

Garbi dago teknologiak aurrera egin ahala lan mundua, gaur ezagutzen dugun moduan behintzat, nabarmen aldatuko dela. Makinen automatizazioak, adibidez, zenbait lanpostu desagertuko direla suposatuko du. Baina, aldi berean, automatizazio prozesu berri horien inguran lanpostu berriak sortuko dira. Postu horiek lehen existitzen ez ziren postuak dira; aldaketa handiek eraldaketa handietara eta behar berrietara bultzatzen gaituzte. Behar horien baitan lanpostu berriak sortuko dira eta lanpostu berri horiek, bere aldetik, trebakuntza desberdina ere eskatuko dute, normalean, oso maila altukoa.

Hezkuntza mundua oso errealitate konplexua da eta bertan eragile askok hartzen dute parte. Aldaketa horietara guztietara egokitzea, beraz, ez da gauza erraza. Lanbide heziketari dagokionez guk bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, pertsonen enpleagarritasuna eta trebakuntza eta, bestetik, gure enpresen lehiakortasuna. Bi helburu horiek ardatz izanik, ematen diren aldaketetara egokitzen jakin behar dugu. Ikasleei begira, egokiena ahalik eta trebakuntza onena izatea da, modu horretan, bere interesekin bat egiten duen trebakuntza ibilbidea aukeratzeko gai izango baitira.

Hain aldakorra den ingurune batean gero eta nabarmenagoa da etengabeko prestakuntza baten beharra. Zure ustez, gazteek garbi dute bere prestakuntza ez dela lanbide heziketako edo unibertsitateko gradu batekin amaitzen?

Egiturari dagokionez nik ezetz esango nuke baina egia da gaur egun gazteek trebakuntzarako bestelako ibilbideak dituztela eta, sarritan, kontziente izan gabe ere ikasten dute. Ikaskuntza ez da bakarrik ikasgela baten barruan ematen den hori. Gaur egun ikaskuntza informal eredu ugari aurki daitezke gazteen egunerokotasunean. Ikaskuntzarako bide desberdinak daudela onartu behar dugu. Gure asmoa, ikaskuntza formala ez ezik, interesgarritzat jotzen ditugun ikaskuntza informal horiek ere sustatzea da. Galderari eutsiz, gazteek gero eta gauza gehiago ikasten dituzte modu informal batean eta, gainera, elkarri azaltzen diote. Ezagutu ohi dugu ikaskuntza fenomenoaren barruan aurkitzen ez den horrekin, gazteek ezagutza handia bereganatzen dute.

Hori esanda, garbi dago behin zure ikasketa formalak amaituta lan merkatuan sartzeko aukera izango duzula. Baina hori ez da nahikoa izango. Etengabeko trebakuntzaren ideia gero eta barneratuagoa dago.

Kezkatzen zaitu Oinarrizko Lanbide Heziketan eman den eskola-uzte tasa?

Bai, noski. Hasierako Kalifikazio Profesionaleko Programekin (HKPP/PCPI) Euskal Autonomia Erkidegoan genuen eskola-uzte tasa % 12 ingurukoa zen. Hezkuntza Ministerioak aipatu programa horiek ordezkatzen dituen Oinarrizko Lanbide Heziketa ezartzen du eta tasa hori % 20raino hazten da. Hori gure artean; Estatu mailan Oinarrizko Lanbide Heziketaren eskola-uzte tasa % 52koa da. Datu horiek ikusita, garbi dago modelo berria ez dela egokia eta ez dagoela ondo diseinatua. Guk jada horren berri eman genuen. Kezkagarria da % 12ko eskola-uzte tasa duen eredu batetik % 20koa duen eredu batera pasatzea.

Zer da Oinarrizko Lanbide Heziketan ondo ez dagoena?

Ikasle batek ikasketa arazoak dituenean edo arrazoi desberdinengatik hezkuntza sisteman behar bezala aurreratzen ez duenean, ezin zaio zentro berean maila baxuko beste trebakuntza bat burutzera behartu. Ikasle horiek bere ingurunearekin apurtu behar dute, oxigenoa hartu. Guk beste erakunde batzuekin egiten dugu lan, Gobernuz Kanpoko Erakundeak… Erakunde horietan arazoak zituzten ikasle horiek bere ibilbidea sendotzeko aukera izaten dute eta, behin pausu hori emanda, hezkuntza sistemara bueltatzen ziren. Esan dudan bezala, sistema horrekin eskola-uzte tasa %12koa zen. Ikasle horien ezaugarriak aintzat hartzen baditugu, oso tasa ona dela esan daiteke.

Zuzena iruditzen zaizu Oinarrizko Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasleek, inolako probarik egin gabe, automatikoki DBH-ko titulua eskuratzeko aukera izatea?

Ez zait bidezkoa iruditzen. Titulu akademikoa paper bat besterik ez dela uste duena oker da. Titulu akademiko bat ezagutza da; ezagutza duzu edo ez duzu. Ezin duzuna da jendea engainatu eta ikasle bati Oinarrizko Lanbide Heziketa egiteagatik DBHko titulua ematea engainatzea da. Arazoa da LOMCEk berak Bigarren Hezkuntzarako ateak ixten zizkiela Oinarrizko LHa egin duten ikasleei eta erabaki horrekin, konponketa bat egin nahi izan dute.

Behin eta berriz azaldu izan duzu Euskadik arazo handia izango duela bere ekoizpen sektorean behar duen belaunaldi-ordezkapena dela eta. Lanbide Heziketarako sailburuordetzak emandako datuen arabera 10 000 ikasle inguru beharko lirateke lanbide Heziketan. Nola konpon daiteke arazo hori?

Belaunaldi-ordezkapenaren arazoa bertan dugu eta oso larria da. Badira krisialditik hobeto atera diren sektoreak eta horietan jada enplegua sortzen ari da. Industria esparruan lanpostuak sortu ahala enplegu gehiago sortuko dira zerbitzuen sektorean. Arazoa da ez dugula nahiko langile beharrezkoa den trebakuntzarekin eskaera horri erantzuteko. Egun den joera mantentzen bada, bi urte barru arazo larriak izan ditzakegu. Jendeak horren berri izan behar du. Horregatik enplegua sortzen ari diren eta horiek betetzeko arazoak dituzten sektoreen berri eman behar da. Datozen urteetan zerbait egongo bada, lana izango da. Hori bai, berariazko trebakuntza maila oso altua eskatzen duten lanpostuak izango dira. Horregatik, funtsezkoa da gazteak sortuko diren lanpostu horietarako trebatzea eta hor, orientazioak oso funtzio garrantzitsua beteko du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.