Gazteon erronka: lan duin bat aurkitzea

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadin gazteok bizi dugun lan baldintzen inguruko datuak aztertu ditu. Langabezia-tasa eta lan-baldintzak dira kezka nagusienak.

Gazteen kezka nagusienetako bat enplegua da. Krisia dela eta gazte-langabezia tasa azken urteetan izan duen bere mailarik altuenean kokatu da. Azken hilabeteetan egoera hobera egin duen dirudien arren, gazte batentzat lan bat aurkitzeak zaila izaten jarraitzen du, eta are gehiago baldintza onenetan.

Gazteen Euskal Behatokiak gazteen enplegu eta emantzipazioaren inguruko ikerketa sakona burutu du. Momentuz, datuen aurrerapen bat besterik ez du eman baina informazio guztia laster argitaratuko dute ‘Enplegu eta emantzipazioa 2015’ ikerketaren txostenean.

Emandako datuen arabera, 2015. urtean bere okupazio nagusia lana zela adierazi zuten gazteen kopurua % 34,8a da. Krisia hasi aurretik, ehuneko hori zortzi puntu altuagoa zen baina kontuan hartu behar da 2013. urtean ia lau puntu baxuagoa zela. GEB-ek azpimarratzen dutenez, ehuneko horretan ez dira kontuan hartzen, adibidez, bere zeregin nagusia ikastea izanik bestelako lan gehigarri bat burutzen duten gazteak. Datuen arabera, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen zeregin nagusia ikastea da (%46,8). Langabezian daudenak, berriz, % 15,4 izango lirateke.

p4653-B

Gazteon lana, sarritan, prekarietatearekin edo duinak ez diren baldintzekin lotu izan da. Zentzu horretan, ikerketa horrek antzinatasuna eta kontratu motak aztertu ditu. Antzinatasunari dagokionez, bere lanpostuan urtebete baino gutxiago daramaten gazteen proportzioa % 44koa da, aurreko urteetan baino gehiago. Krisiarekin batera, eta antzinatasunari dagokionez, bi joera kontrajarri nagusitu direla ikus daiteke. Alde batetik, krisiaren erasoei eutsi eta lanpostuan hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna duten gazteen kopurua berean mantendu da eta krisi aurreko urteetan baino altuagoa da. Bestetik, esan dugun moduan, aldi baterako lanak soilik eskuratu eta oraingo lanpostuan urtebete baino gutxiagoko antzinatasuna duten gazteen kopuruak gora egin du.

p4653-A

Kontratu motari dagokionez, kontratu mugagabeak (%41,6), aldizkako finkoak (% 1,6) eta kooperatibistak (% 0,3) kontuan hartzen badira, lanean jarraitasuna bermatuta duten gazteen kopurua % 43,5ekoa litzateke. Gehiago dira, hala ere, aldi baterako kontratua duten gazteak (% 44,2). Zentzu horretan, Euskadi Europar Batasunean den aldizkako kontratuen batez bestetik gora kokatzen da, 44,2 eta 32,6 hurrenez hurren. Historikoki Euskadin kontratu mugagabeen eta aldizkakoen kopuruak oso antzekoak izan dira. Bestalde, autonomo edo enpresarien kopurua % 6,1ekoa da eta kontraturik gabe lan egiten dutenak, % 5,9. Autonomoen kasuan, Europan den bataz bestekoaren antzekoa da.

Gazte batentzat lana aurkitzea zaila bada, emakumeen kasuan arazo hori areagotu egiten da eta, lana aurkitzekotan, baldintzak ere okerragoak izaten dira. Horrela, adibidez, lanaldi partziala duten gazte gehienak emakumeak dira eta, gizon gazteen artean lan egiten dutenen % 77,9k lanaldi osoa duten bitartean, emakumeen artean portzentaje hori % 50,9ra murrizten da. Emakume gazte okupatuen artean ia erdiak (% 48,9) lanaldi laburra du. 2013tik 2015era pixka bat gehitu dira lanaldi osoa duten gizon gazteak, baina ez da gauza bera gertatu emakumeen artean; aitzitik, lanaldi partziala duten emakumeen portzentajea hamar puntu igo da. Kasu honetan ere Europan den lanaldi partzialean diren gazte okupatuen batez bestekoa askoz baxuagoa da (%23,2).

p4653-C

Langabeziaren kontrako neurririk onena trebakuntza izaten jarraitzen du; trebakuntza maila altua duten gazteen artean langabezia tasa baxuagoa da. Hala ere, ikerketa honen arabera, jasotako trebakuntzaren artean eta egiten den lanaren artean ez da beti erlazio zuzena ematen. Horrela, bere lana jasotako formazioari oso edo nahikoa lotuta dagoela dioten gazteen kopurua % 52,7 den bitartean, lana eta formazioa pixka bat bakarrik edo ez daudela batere lotuta adierazi dutenak % 46,7 dira. Heren batek, gainera bere lana eta trebakuntzaren artean ez dela inolako erlaziorik uste du.

Azkenik, soldataren inguruko analisia egin da. Pasa den urtean, gazte batez, batez beste, jasotzen zuen soldata 996 eurotakoa zen. Kasu horretan, lanaldi osoa (1195€) eta lanaldi partziala (605€) dutenen arteko bereizketa egin behar da. Hemen ere, datu oso kezkagarria azaltzen da: batez beste, gizonek (1125€) emakumeek (867€) baino gehiago irabazten dute (emakume asko lanaldi partzialean) baina, baldintza berberetan (lanaldi osoan) ere, 1242€ eta 1119€, hurrenez hurren.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.