Munduko ordenagailurik ahaltsuena txinatarra da (beste behin)

Munduko ordenagailurik ahaltsuena eta azkarrena eraikitzea ez da gauza erraza. Esfortzu ekonomiko itzela ez ezik, hainbat urtetako ikerketa programa behar izaten da. Lasterketa horretan, munduko herrialderik garrantzitsuenak murgilduta daude eta, momentuz, ordenagailurik ahaltsuena txinatarrek eraiki dute. Egia esan, puntu honetara helduta, txinatarrak izatea meritu horren jabe ez da albiste; izan ere, zazpigarren urtez jarraian txinatarrak izan dira ohore hori eskuratu dutenak.

Hala ere, aurtengo edizioan bada albiste garrantzitsu bat. Aurreko urteetan ez bezala, txinatarrek bere teknologia propioa erabili dute ordenagailutzar hori eraikitzeko. Kasu hau Txinak teknologia mailan hartu duen garrantziaren beste adibide bat da.

Egun den ordenagailurik azkarrena Sunwy TaihuLight izena du eta Shangai-n kokatuta dago. Ingeniaritza diseinuak eta ingurumen ikerketak egiteko erabiltzen da eta bere potentzia 93 petaflop-etakoa da.

Super-ordenagailuen sailkapenean lehenengo bi ordenagailuak txinatarrak dira eta hirugarrena, berriz, estatubatuarra. Txina da, gainera, 500 ordenagailu ahaltsuenen sailkapenean makina gehien kokatzea lortu duen herrialdea, 167 hain zuzen ere. Duela hamar urte eskas Txinak soilik 28 ordenagailu zituen sailkapen horretan.Bi gutxiagorekin orain arte areriorik izan ez duen Estatu Batuak aurkitzen da. Hirugarrena Japonia izango litzateke baina nahiko urruti (29 makina).

Europa zertxobait atzerago aurkitzen da. Europako herrialde guztien artean 105 ordenagailu kokatu dituzte 500 ahaltsuenen artean (Alemaniak 26, Frantziak 18 eta Erresuma Batuak 12). Aipatu sailkapenean espainiar ordenagailu bakarra dago, 105. postuan hain zuzen ere. Ordenagailu hori Bartzelonako Super-konputazio Zentroan aurkitzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.