Euskararen etorkizuna gazteon esku

Euskararen hazkundea azken hamarkadetan gazteriaren eskutik etorri da eta datozen urteetan ere gazteria protagonista izango da euskararen etorkizunean. Horiek dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi BaztarrikakGu Gazteok’ txostenaren aurkezpen ekitaldian esandako hitzak. Euskararen Aholku Batzordeak landutako azterlan horretan 12 eta 14 urte bitarteko nerabeek euskararekiko dituzten ohitura, jarrera eta praktikak aztertu dira. Ikerketa pasa den urtearen amaiera eta urte honen hasiera bitartean burutu da eta ehun bat gaztek parte hartu dute. Zehazki, ikerketa Gipuzkoako hiru herritako ‘Kuadrillategi’ egitasmoan gauzatu da: Lasarte-Orian, Pasaian eta Lezon eta, guztira, 12 eta 14 urte arteko 105 gaztek parte hartu dute.

Txostenean azpimarratzen denez, azken bi hamarkadetan euskararen ezagutza biderkatu egin da 25 urtetik beherako gazteen artean. Horrela, 1991. urteko datuen arabera, euskaraz hitz egiteko gai ziren gazteen ehunekoa % 33 ingurukoa zen bitartean, 2011. urtean portzentaje hori % 79koa zen. Azterlanaren arabera, hurrengo urteetan joera mantenduko balitz, hogei urte barru, hots 2036. urtean, euskararen ezagutza gazteen artean % 83,4koa izango litzateke.

Ezagutza vs Erabilera

Txostenean azpimarratzen denez, hala ere, ezagutza eta erabilaren garapenak ez dira parekoak izan, nahiz eta erabileraren kasuan ere joera positiboa izan.

Duela urtebete, Euskararen Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atalari gazteek euskararen gainean eta hizkuntza aniztasunari buruz dituzten pertzepzio, identitate edo identifikazio, bizipen, jarrera eta jokamoldeei buruzko gogoeta eta azterketa egiteko eskatu zitzaion. Gogoeta hori, berriki aurkeztu den ‘Eta hemendik aurrera zer?’ txostenaren barruan kokatuko litzateke. Aurreko zenbakian azaldu genuen bezala, dokumentu horrek datozen 20 urteei begirako lehentasunak finkatzen ditu euskarari dagokionez.

‘Gu Gazteok’ ikerketaren helburu nagusia gazteek beraiek euren inguruko hizkuntza ohiturak, jarrerak eta praktikak ezagutzea, aztertzea eta aurkeztea izan da. Horrekin batera, honako helburu zehatz hauek formulatu dira: gazteen testuingurua ezagutzea, gazte izatearen irudia, bizipenak eta identitateak jasotzea, gazteen egunerokotasuneko praktiketara hurbiltzea, gazteen hizkuntza kartografia egitea (hizkuntza-praktikak, hizkuntza-guneak, hizkuntza eragileak…) eta hizkuntzaren inguruko gazteen diskurtsoak jasotzea.

Erronka etorkizunera begira

Txostenaren aurkezpen ekitaldian Baztarrika sailburuak azpimarratu duenez, datozen urteko hizkuntza politikaren erronka nagusia euskara gazteentzat erakargarri egitea izango da. Horretarako, euskara esparru ez formaletara hedatzearen beharra adierazi du Baztarrikak, bereziki, teknologia berrietara, kirol jardueretara eta bestelako aisialdi jardueretara.

Izan ere, euskara helduen hizkuntza bat izatetik gazteen hizkuntza izatera pasa dela ondorioztatzen du txostenak. Ezagutza maila handia izan arren, hala ere, gaztelania nagusi da gazteen esparru informaletan eta, hainbat kasutan, bi hizkuntzen arteko nahasketa ere ematen da.

Txostenean jasotako ikerketaren emaitzak eztabaida eta hausnarketarako abiapuntu gisa planteatu dira euskararen normalizazio sozialaren bidean. Norabide horretan, Euskara Aholku Batzordeko Gazteriaren Batzorde-atal Bereziak aurrera begirako proposamen orokor batzuk zerrendatu ditu: gazteen eta euskararen arteko harremanetan sakontzen jarraitzea; kirol, kultura eta aisialdirako hizkuntza-plangintza sendoak ezartzea; eskolaren lana indartzea; aurreko bi atalen garapenean, bereziki arreta jartzea gazteekin harremanetan ari diren profesional eta eragileengan (irakasleak, kultura sustatzaileak, aisialdi begiraleak, kirol monitoreak…), horretarako ikerketa sustatuz, programa bereziak sortuz, prestakuntza eskainiz eta sentsibilizazioa sustatuz; gazteen euskarazko sorkuntza propioa aktibatzeko eta egiteko baliabideak (egoerak, ekimenak, diskurtsoak…) zabaldu, sendotu, sortu eta jakinaraztea; eta, azkenik, euskararen prestigioa indartzeko ahaleginak egitea.