Ozono-geruzan den zuloa txikitzen ari da

Ozono-geruza gure planeta inguratzen duen geruza da. Estratosferan aurkitzen da, hots, 15 eta 35 km bitarteko altueran eta eguzkiaren frekuentzia handiko argi ultramorearen % 98 inguru xurgatzen du. Ozono-geruzak betetzen duen babes funtzio horri esker bizitza posible da gure planetan.

1985. urtean Molina eta Rowland zientzialariek ozono geruzan zulo bat aurkitu zuten Antartika inguruan. Zulo horrek arriskuan jartzen zuen gure planetan bizitzeko aukera eta, ondorioz, gizadiak etorkizunean izango zuen mehatxurik handienetako bat izan zitekeela iragarri zen. Ozono-geruzaren zulo hori gizakiok atmosferara isuritako gasen eraginez sortu zela ondorioztatu zuten zientzialariek, bereziki, berotegi efektua duten gasen eraginez. Horrela, ozono-geruzaren zuloa gizakiok gure planetari egin ahal diogun kaltearen sinbolo bilakatu zen.

Zorionez, berriki jakin izan denez, azken urteetan, ozono-geruzan den zuloa txikitu egin da. Berria, Science aldizkarian argitaratu da eta zientzialariak lasaitu ditu. Izan ere, ez zen horrelako aldaketarik espero eta, momentuz mehatxuak berean jarraitzen badu ere, orain geruza berera bueltatzea posible izan daitekeela uste da. Ikerketak emandako datuak, beraz, oso positibotzat jo behar dira; azken 15 urteetan lau milioi kilometro koadro baino gehiagotan murriztu da zuloa.

MITeko Susan Salomonek azaldu duenez, “egoerari buelta eman ahal zitzaiola uste bagenuen ere, ez genituen horrelako emaitza onak espero hain epe laburrean”. Salomonek 1987an sinatutako Montrealeko Protokoloak emaitza horretan izan duen garrantzia azpimarratu du. Protokolo horretan ozono geruzari kalte egiten dioten CFC (klorofluorokarbonatuak) delakoen ekoizpena gradualki deuseztatzea onartu zen. CFCak, batez ere, fluor, karbono eta kloro atomoez osatutako produktu kimiko sintetikoak dira eta ozonoa suntsitzeko gaitasun handia dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.