Gure historian mugarri diren guduak

778. urteko abuztuaren 15ean euskaldunon historian hain garrantzitsua den Orreagako gudua izan zen. Gudu horretan, baskoien erasoaren ondorioz, Karlomagnoren (Carolus Handia) armadako atzeguardiak sekulako porrota jasan zuen Nafarroako Orreaga udalerriko lursailetan den Ibañeta mendatearen haitzartean. 46 urte beranduago, hots, 824. urtean, beste gudu garrantzitsua emango da Orreagan bertan. Bigarren gudu horretan, baskoien armadak karolingiar espedizio militarra mendean hartu ondoren baskoi nobleek Eneko Aritza errege goratu eta Iruñeko Erresuma sortu zuten. Erresuma hori, zenbait urte beranduago, Nafarroako Erresuma bilakatuko zen.

Orreagako bigarren gudu horrek ondorio politiko garrantzitsuagoak izan bazituen ere, 778. urtean jazotakoa askoz ere ospetsuagoa da gure artean. Izan ere, baskoiek menderatu zuten gudarostea ez zen nolanahikoa eta huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuen porrot bakarra. Garai horietan, Karlomagno Europan zen erregerik garrantzitsuenetakoa zen. 768 eta 814 bitartean Frankoen errege izan zen eta 800 eta 814 bitartean, baita Mendebaldeko enperadorea ere.

778. urteko gudua

Historialariek azaltzen dutenez, 778. urteko udaberrian, Karlomagno Iberiar penintsulan sartu zen (Espainia oraindik ez zen existitzen) Zaragozako gobernadore zen Sulayman al-Arabi laguntzeko. Sulayman al-Arabi Kordobako emirra zen Abderraman I.aren kontra altxatu zen eta frankoen laguntza eskatu zuen Zaragoza (Saraqusta garai horietan) hiriaren truke. Zaragozarako bidean, Karlomagnok Iruñeko hiria menderatu zuen. Hala ere, Zaragozara heldu zenean Sulaymanek bere hitzari uko egin eta ez zion Karlomagnori hirian sartzen utzi. Horren aurrean, Karlomagnok Zaragoza setiatu eta Sulayman preso hartu zuen. Iparralderako bidean berriz ere, Karlomagnoren armada Iruñetik pasa zen beste behin, baina, oraingoan, hiria suntsitzeko.

Karlomagnok bere armada Pirinioak igarotzeko Ibañeta aukeratu omen zuen eta han, baskoiez osatutako osteen erasoa pairatu zuen. Luzaide-Valcarloseko (Vallis-Karoli) haitzartean frankoen armadaren atzeguardia (20.000 gizon inguru) baskoien segadan erori zen. Atzeguardia horren buruan, Karlomagnoren iloba zen Errolan aurkitzen zen. Gudu horretan, Erroldan bera hilik suertatuko da eta preso zen Sulaymanek ihes egitea lortuko du.

Baskoiek menderatu zuten gudarostea ez zen nolanahikoa eta huraxe izan zen garai hartako armadarik ahaltsuena zenak inoiz pairatu behar izan zuen porrot bakarra.

Gudu horren inguruan zalantza asko daude. Historialariek ere ez dute garbi segadaren kokapen zehatza eta ezta erasotzaileen kopurua eta egitura ere. Zenbait historialarien ustez, baskoiak ez ezik, musulmanak ere izan ziren segadan parte hartu zutenen artean.

Orreagako guduaren lehen kontakizunak 25 urte beranduago azalduko dira (Anales Mettenses Priores). Beranduago, Anales Regios delakoan, honakoa irakur daiteke: “Frantziara itzultzea erabaki ondoren, Piriniotako basoetan sartu zen (Pyrenei saltum ingressus est), baina hango gailurretan baskoiek segada bat prestatu zuten. Atzeguardia erasotzean (extremun agmen) anabasa sortu zen armadan (totum exercitum magno tumultu perturbant) eta, nahiz eta frankoak baskoiak baino gehiago izan, bai armamentu zein ausardiaz, ingurune malkartsua eta baskoiek borrokatzeko zuten era zela eta, gutxiago izan ziren. Guduan, erregeak gudarostea agintzeko jarri zituen ia paladin guztiak hil ziren”.

Hala ere, zalantzarik gabe, gudu horren kontaerarik ezagunena ‘Errolanen kanta’ (La chanson de Roland) dugu. Poema epiko horren bertsiorik zaharrena Oxford eskuizkribua da eta 1140 eta 1170 urte bitartean idatzi zuen Turoldo izeneko pertsonaia batek.

LA CHANSON DE ROLAND. Orreagako gudua Erdi Aroan izan zen gudurik garrantzitsuenetariko bat izan zen. Bertan jazotakoak eragin handia izan zuen garaiko literatura eta folklorean. Adibiderik ezagunena ‘La chanson de Roland’ edo Errolanen abestia dugu.

824. urteko gudua

Orreagako bigarren gudua 824, urtean izan zen. Kasu horretan, Eneko Aritza buru zuten baskoien eta Luis Errukitsua erregeak sortutako armada frankoaren arteko gudua izan zen. Azken horren buru Eblo eta Aznar Antso kondeak aurkitzen ziren.

VIII. mendearen amaieran, Nafarroa eta Pirinio inguruan, egoera politikoa oso gorabeheratsua izan zen. 799. urtean, karolingiarren, hots, frankoen alde zirenak, orduan Iruñeko gobernadore musulmana zen Mutarrif ibn Musa erail zuten. Hau, Eneko Aritzaren senidea zen. Zenbait urtez, eskualdea frankoen aldekoen esku geratu zen. 816. urtean, musulmanek frankoen alde zen Belasko Baskoiaren kontrako espedizioa antolatu zuten eta hura hil ondoren, Iruñea bere esku hartu zuten. Horri esker, Eneko Aritzak baskoien buruzagitza lortu ahal izan zuen.

Iruñeko matxinada Pirinioaren beste aldera hedatu zen eta Luis Errukitsuak Xemen I.a Gaskoiniakoa Baskoniako duke eta Bordeleko kondea kargutik kendu zuen, matxinada mendean hartu ez zuelako edota babestu zuelako. Horrek sua piztu eta Pirinioez bi aldeetako euskal buruzagiak matxinatu eta 817an Akizen Luis Errukitsuak menderatuak izan ziren.

818an Lope Zentulo hautatu zuten duke baina laster matxinatu eta kargutik kendu zuten. Bitartean, 820. urtean, Aragoin (Jakan) frankoen basailua zen Aznar I.a Galindezen ordez Eneko Aritzak Gartzea “Gaiztoa” jarri zuen. Urte hartan, Baskonia osotik hedatu zen matxinada eta frankoek Hispaniako Markak galtzekotan zeuden. Ondorioz, 824. urtean, orduan frankoen errege zen Pipino I.ak bere armada bidali zuen Iruñea konkistatzera Aznar Antso eta Eblo kondeen agindupean. Iruñean ez zuten erresistentziarik topatu eta bueltarako bidea hartu zuten arpilatutako ondasun guztiekin. Baina Orreagan, Eneko Aritzak zuzendutako armada zain zegoen eta frankoen armada guztiz suntsitzea lortu zuten Eblo eta Aznar Antso kondeak preso hartuz.

Urte horretan bertan, ondoren Nafarroako Erresuma bilakatuko zen Iruñeko Erresuma sortu zen Tuterako Banu Qasi eta Iruñeko diozesiaren laguntzari esker. Lehen erregea Eneko Aritza izan zen. 905. urtean Aritza leinuaren ordez Semeno leinuak hartuko du erresumaren agindua eta horrekin batera, musulmanekin ziren harremanak ere hautsiko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.