Irrati-seinale estralurtarrak Lurrean zuen jatorria

2015. urteko maiatzean, errusiar astronomia talde batek gure planetatik 94 argi-urtetara dagoen HD164595 izarrean jatorria izan zezakeen irrati-seinale indartsu bat (0,75 Jansky) antzeman zuen. Izar horrek gure eguzkiaren antzeko tamaina du, baina bere inguruan, eta nahikoa distantzia txikira, Neptunoren antzeko tamaina duen planeta bakarra aurkitzen da. Ondorioz, bertan bizitza garatu ahal izatea ezinezkotzat jo eta zientzialariek irrati-seinale horren jatorria zalantzan jarri zuten.

Errusiar astronomia talde batek 94 argi-urtetara dagoen planeta batean jatorria izan zezakeen irrati-seinale bat aurkitu du. Astronomoen helburu nagusienetako bat unibertsoan bestelako izaki-adimentsuak diren ala ez aurkitzea da

Aurkikuntza horrek oihartzun handia izan zuen hedabideetan, horrelako irrati-seinale batek unibertsoan bestelako izaki adimentsuak ere izango liratekeela baieztatuko baitzuen. Hala ere, errusiar astronomia talde berak aurkitutako irrati-seinalea Lurrean bertan izan dezakeela jatorria onartu du, errusiar satelite batean, hain zuzen ere.

Errusiar zientzialariek azaldu dutenez, seinaleak errusiar satelite militar batean omen du jatorria. Antza denez, aipatu satelite hori ez zegoen sailkatutako zeruko gorputzen zerrendan eta horrek sortu zuen nahasketa.

Adituek azaldu dutenez, hori bezalako abisuak ohikoak dira astronomia esparruan. Zientzia horren helburu nagusietako bat da unibertsoan bestelako izakiak diren ala ez aurkitzea. Zientzialari askoren ustetan, unibertsoa izaki adimentsuez beteta dago. Probabilitate kontua da; gure galaxian bakarrik milioika planeta daude eta unibertso osoan 100 trilioi baino gehiago izan daitezkeela uste da. Kopuru horiekin, zientziaren ikuspegitik, oso zaila da ulertzea planeta bakar batean bizitza garatzeko baldintza egokiak izatea. Hala ere, momentuz, ez dago zibilizazio horien berri. Zientzialariek bilaka jarraitzen dute.