Soldataren erdia emantzipatu ahal izateko

Gurasoen etxetik alde egin nahi? Bada, presta zaitez dirua zuritzeko. Izan ere, Gazteon Euskal Behatokiak(GEB) ezagutzera eman dituen datuen arabera, euskal gazteek soldataren % 63,8 beharko lukete merkatu librean etxebizitza beraiek bakarrik alokatu ahal izateko eta %53,4 etxebizitza baten hipoteka ordaindu ahal izateko. Datuak, GBEk egoitza-emantzipazioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen kostuaren inguruko hirugarren txostenean argitaratu dira eta 2015. urteko datuak islatzen ditu. Aipatu txostenean azpimarratzen denez, etxebizitza babestua litzateke, zertxobait gora egin duen arren, aukerarik eskuragarriena gazteontzat. Kasu horretan, aurre egiteko moduko gastuak izango lirateke, batez ere alokairuaren kasuan baina, zoritxarrez, aukera hori ez da 25 urtetik beherakoentzat.

Txostena prestatzerakoan, besteak beste, gazteriaren batez besteko soldatak, etxebizitzak zer preziotan eskrituratu diren eta hipoteka-kredituen iraupena eta interesak, edo batez besteko alokairu-errenta hartu dira kontuan. Horretarako, Euskadin etxebizitza libre bat eskuratzeko kostu teorikoa islatzen duten hamar adierazle eta etxebizitza babestua eskuratzeko kostuari dagozkion beste bi adierazle erabili dira. Azken bi adierazle horiek, jabetzako eta alokairuko etxebizitza babestu bat eskuratzeko kostuek, gazteek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasunei buruzko ikerketa osatzen dute eta etxebizitzarako politika publikoek ekartzen duten kontrapuntua eskaintzen dute.

Euskal Autonomia Erkidegoan 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek batez beste irabazten duen soldata erreferentziatzat hartzen bada, gazte batek soldata horren % 53,4 beharko luke hipotekaren lehenengo hileko kuota ordaindu ahal izateko. Kontuan izan behar da, hipoteka bat eskatzerakoan bankuek hileko soldataren % 30eko muga ez gainditzea eskatzen ohi dutela; hori baita egokitzat jotzen duten zorpetze-muga. Azpimarratu behar da 2015. urteko kostua 2007an zena baino merkeagoa dela (% 50 inguru), besteak beste, kredituen interes-tasak (Euribor delakoa bereziki) bere mailarik baxuenean daudelako. Hala ere, etxebizitza librea ez legoke gazteen eskura. 2014 eta 2015 artean gazteon batez besteko soldata % 0,4 jaitsi da. Gainera, Euskadiko prezioak Estatuan batez beste daudenak baino garestiagoak dira. Zentzu horretan, urte hasieran Espainiako Gazteriaren Kontseiluak (CJE) eta Emantzipazioaren Behatokiak ezagutzera eman zituzten datuak gogoratzea komeni da. Txosten horren arabera, Estatuko gazteek, batez beste, bere soldataren % 60 beharko lukete etxebizitza bat erosi ahal izateko. Gainera, estatuan bizi diren 30 urtetik beherako gazteen % 80 inguruk bere gurasoen etxean bizitzen jarraitzen du.

Euskadira bueltatuz, GEBren txostenak azaltzen duenez, alde handiak daude adinaren, sexuaren eta lurralde historikoaren arabera. Horrela, 18 eta 24 urteko gazteek bere soldataren hiru laurden baino gehiago (% 77,2) bideratu beharko lukete etxebizitza erosi ahal izateko. 25 eta 29 urte bitartekoek, aldiz, 20 puntu gutxiago (% 57).
Espero zitekeen bezala, gizon eta emakume gazteen arteko soldatetan alde nabarmena dagoelako, emakumeek zailtasun handiagoak dituzte emantzipatzeko. Txostenak azaltzen duenez, 18 eta 34 urte bitarteko emakume batek, batez beste, etxebizitza bat erosteko bere soldataren % 57,7 bideratu behar duen bitartean, adin tarte bereko gizon batek % 48,7 bideratu behar du.

Lurralde historikoei dagokionez, Gipuzkoak du etxebizitza eskuratzeko kosturik altuena (% 58,0). Jarraian Bizkaia (% 52,2), eta Araba (% 45,4) aurkituko lirateke.

Gehienek pentsa dezaketenaren aurka, etxebizitza libre baten alokairu gastuak erosketa gastuak baino garestiagoak dira; hots, alokatzea erostea baino garestiagoa da. Horrela, gazte batek etxebizitza libre bat erosteko bere soldataren % 53,4 behar duen bitartean, etxebizitza bera alokatzeko bere soldataren % 63,8 beharko luke.

Testuinguru horretan, etxebizitza babestua da gazteek duten aukerarik egokiena. Erosketaren kasuan, soldataren % 31,9 beharko litzateke eta alokairuaren kasuan, berriz, soldataren %25,3. Estatuarekin alderatuta, EAEn handiagoa da etxebizitza babestua erostearen kostua Estatuan baino (% 29,2) baina alokairuaren kasuan, kostua Estatuan (% 30,1) baino txikiagoa izango litzateke.