Noraino iristen da gizakiok Lurrean izan dugun inpaktua?

Zalantzarik gabe gizakia da Lurra eraldatzeko eta bere nahietara moldatzeko gaitasun handiena azaldu duen izakia. Gizakiaren eboluzioan eta, bereziki azken mendeetan, gizakiak sormen izugarria izan du. Zientzialariek gizakiok gure biziraupenerako sortu ditugun gauza guztien multzoa teknosfera izenarekin izendatzen dute. Horren barruan, adibidez, etxeak, errepideak, makinak eta bestelakoak aurkituko lirateke. Leicester Unibertsitateko geologo talde batek teknosfera horren tamaina kalkulatzen saiatu da eta emaitza harritzekoa da. Izan ere, gizakion sorkuntza guztien pisua 30 bilioi tonakoa litzateke eta lurrazaleko metro koadro bakoitzeko 50 kiloko masa izango litzateke. Bestalde, aipatu ikertzaileen arabera, gizakion sorkuntza guztien kopurua egun Lurrean diren izaki guztiena baino handiagoa litzateke.

Zientzialarien arabera, antropozeno izeneko garaian bizi gara. Aro horren ezaugarririk nagusiena gizakiok planetan dugun eragina da. Zientzialari askoren iritziz garai edo aro hori Industria Iraultzarekin batera hasi zen, makina berriei esker gizakiak natura ‘menperatzea’ lortu baitzuen.

Ikerketa burutu duten zientzialarien ustez gizakiok arazo handia izango dugu sortu eta ondoren erabiltzen ez ditugun milioika gailurekin. Izan ere, gailu horiek guztiak Lurreko estratu desberdinetan pilatuko dira eta teknofosilak izenarekin ezagutzen den zaborra osatuko dute. Etorkizunean, planeta honetan jarraitzen badugu, zientzialariek gure garaiaren berri izango dute teknofosil horiei esker.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.