Ezagutzan ondo. Erabileran ez hainbeste

Gazteen Euskal Behatokiak Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ezagutzera eman dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 26,4k lagunen arteko komunikazioan euskara erabiltzen du nagusiki edo, behintzat, gaztelania beste. Kopurua nahiko urria da, euskara ezagutzen duten gazteen kopurutik urrun (% 69,3), eta egonkor mantendu da azken hamarkadan % 25 inguruan. Erabilera eta ezagutzaren artean den aldea, gainera, ezagutzan eman den hazkundearekin nabarmentzen da. Horrela, erabilera egonkor mantendu den bitartean, ezagutza ia 14 puntutan hazi da 2004. urtetik hona.

Eusko Jaurlaritzatik sarritan azpimarratu den moduan, gazteria da euskararen etorkizuna. Ildo horretan, erabileraren datua positiboa ez den arren, gazteen artean den erabilera gizarte osoko biztanleriaren artean den batez besteko erabilera (% 21,4) baino altuagoa da.

Herrialdeka, datu positiboenak Gipuzkoan ematen dira. Bertan, euskaraz erlazionatzen diren gazteen ehunekoa % 45,7koa da. Bizkaian, berriz, ehuneko hori 18,5eraino jaitsiko litzateke eta Araban % 10,8raino. Ezagutzari dagokionez, herrialdeen arteko ordena berbera izango litzateke baina aldeak ez dira hain nabarmenak (% 78,9 Gipuzkoan, % 68,3 Bizkaian eta % 51,4 Araban).

Adinari dagokionez, Behatokiak emandako datuek azaltzen dutenez zenbat eta gazteago orduan eta euskaldun kopuru handiagoa. 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean % 81,3k euskaraz ondo hitz egiten duela dio. 25 eta 29 urte bitartekoen artean kopuru hori % 59,1era jaisten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.