Aingeru Mayor: “Sexu identitatea genitaletan ez dagoela ulertu behar dugu”

Chrysallis elkartea zakila duten nesken eta bulba duten mutilen gurasoek osatzen dute. Urte hasieran egin zuten kanpainari esker gai hau gizarteratzea lortu zuten.

‘Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak’ leloa erabili zenuten urte hasieran egin zenuten kanpaina batean. Norberaren nortasun sexuala, beraz, ez da bakarrik hankartean dugun horren baitan eraikitzen?
Sexu identitatea autopertzepzio kontu bat da: “ni neska naiz”, “ni mutila naiz”. Beraz, guztiz subjektiboa da. Prozesu mental bat da eta, horrela, nonbait ematekotan, hankartean baino, garunean emango litzateke. Eta hau adibide sinple baten bidez uler daiteke: mutil batek istripu baten ondorioz bere zakila galduko balu mutila izateari utziko lioke? Argi dago ezetz! Kasu horretan, zakilik gabeko mutila izango litzateke baina, esan dudan moduan, autopertzepzio kontu bat denez pertsona horrek bere burua mutiltzat hartzen jarraituko luke. Mutila izaten jarraituko luke. Horregatik, garrantzitsua da identitatearen kontzeptualizazioa desgenitalizatzea eta ulertzea sexu identitatea ez dagoela genitaletan. Eta hau oso argi erakusten digute zakila duten neskek eta bulba duten mutilek.

Kontzeptuak argitzearren, zein da sexu identitatearen eta generoaren artean den aldea?
Sexu identitatea norberak bere burua zein sexuarekin identifikatzen den litzateke, hots, zure burua gizontzat ala emakumetzat jotzen duzun. Generoa, berriz, sexuagatik gizarteak inposatzen dituen estereotipoak eta rolak lirateke.

Zeren baitan eraikitzen du haur batek bere sexu nortasuna?
Sexu identitatearen muina norberak gizona ala emakumea den jakitea da. Har dezagun gizon baten adibidea; gizona denaren ezagutza horren gainean pertsona horrek bere bizitza osoan zehar gizona izateko bere modua eraikiko du. Gure haurrekin argi ikusi ahal izan dugunez, neska edo mutil direla jakitea barnetik kanporako prozesu bat da. Hasieratik dakite neska edo mutil diren eta, gure haurren kasuan, gainera, besteok esaten dugunaren kontra. Beraz, aurkikuntza bat da, ez da aukeraketa bat, hots, gure haurrek ez dute neska edo mutila izan nahi duten aukeratzen, neska edo mutila diren aurkitzen dute. Eta autopertzepzio hori ez da kanpotik eraikitzen den zerbait. Hori bai, autopertzepzio horren gainean sexu identitate osoaren eraikuntza hasiko litzateke, hots, nolako neska edo mutila eraikitzen joaten den.

Izan badira sexu identitatea garunean den egitura neuronalaren araberakoa izan daitekeela azaltzen duten zenbait ikerlan baina hori, oraindik ere, frogatzeke dago. Hala ere, hala balitz ere, guretzat sexu identitatea zerbait subjektiboa izaten jarraituko luke eta, beraz, ziurtasun osoz soilik ezagutu ahalko genuke neska edo mutil horrek hala adierazten duelako.

Zuzena da haur transexualak terminoa erabiltzea? Nola izendatu beharko genituzke?
Guk transexualitatea terminoa erabiltzen dugu, nolabait, haur horien errealitatea izendatzeko, ulertzeko eta ikasteko baliagarria delako. Gure elkartea adingabe transexualen gurasoen elkartea da. Termino horrek kolektibo horren inguruan hitz egiteko era errazten du baina arazoak sor daitezke adjektibo hori sustantibo moduan erabiltzen denean. Izan ere, terminoa izen bezala erabiltzen dugunean pertsona horiek bere ezaugarri batera mugatzen ditugu. Bestalde, haurrek ez dute inoiz bere burua transexualtzat jotzen, mutilak edo neskak direla diote baina ez dute transexualak direla esaten. Egia da pertsona horiek, helduak egiten direnean, hainbatetan, adjektibo hori erabiltzen hasten direla identitate politiko gisa, hots, bere izaera hori aldarrikatzeko.

Zakila duen neska bat naiz (edo bulba duen mutila). Arazo bat daukat?
Garbi dago haur horiek euren sexu identitatea dela eta, hots, zakila duten neskak edo bulba duten mutilak izateagatik bizitzan zehar hainbat zailtasun aurkituko dituztela. Seguruenik sarritan euren sexu identitatea ukatuko diete, beraiek direna ukatuko diete. Hala ere, eta jende askok kontrakoa pentsa badezake ere, haur horiek zoriontsu bizi daitezke baldin eta familian eta eskolan prozesua modu egokian egiten bada eta, are gehiago, txikitatik eurene identitatea errespetatu bada. Identitatea ukatu zaien kasutan, berriz, orduan bai ematen dira arazoak, zu zarena ezin izatea oso gogorra baita.

Orokorrean, Euskal Herrian diren kasuetan oinarriturik, gizartea oso ongi erantzuten ari da errealitate horren aurrean familia eta eskolatik prozesua ondo laguntzen bada. Ezin da orokortu baina, kasu gehienetan, gazte horiek bizitza nahiko lasaia eramaten dute.

Jar gaitezen gurasoen paperean. Nola eraman ahal duzue normaltasunez gizartean normalizatuta ez dagoen fenomeno hori?
Familia bakoitzaren prozesua desberdina da baina, funtsean, badira errepikatzen diren fase edo etapa batzuk. Gehienetan, hasieran ukapena izaten da. Gure seme-alabak babestu nahian edo, nahiago dugu pentsatzea horrelakorik gertatzen ez dela. Gizarteak oraindik errealitate hau ulertzen ez duenez etorkizunera begira gure seme-alabek arazoak izango dituztela pentsatzen dugu. Sufrimendua handia da, batez ere etorkizunean izan daitezkeen arazoen inguruan pentsatzen duzulako. Baina etorkizuneko sufrimendu horretan oinarrituta ematen den ukazio horrek sufrimendua eragiten du orainaldian. Errealitate horri bizkarra ematen badiogu sufrimendua eragiten diegu gure txikiei eta, berriz, errealitate hori onartzen denean, zoriontsuago bizi dira.

Gure elkartean 40 familia gaude eta, erabiltzen ditugun estimazioen arabera, Hego Euskal Herrian 400 familia inguru izan daitezkeela uste dugu. Elkartean onarpen hori egin dugun familiak gaude.
Onarpen prozesu hori desberdina da familia bakoitzean; batzuek denbora gehiago behar dute eta beste batzuek gutxiago. Baina haur hauek beraiek direna izan ahal izatea nahi badugu, haien identitatea onartzea bide bakarra da eta hori egin ondoren familia, eskola eta inguruneari horren berri eman behar zaio.

Hori guztia ondo egiten bada, egoera guztiz aldatzen da eta lehen negarrez zen haurra irribarretsu azaltzen da, zoriontsu (bere gora behera guztiekin, noski, beste edozein haur bezala). Familia askorentzat onartze prozesu hori loratze antzeko bat da, ireki egiten dira eta poztasuna sentitzen dute. Poztasun horrek hala ere, badu hainbat familiatan zapore mingotsa, izan ere, zenbaitetan galdetzen baitiogu gure buruari zergatik: “zergatik guri”, “zergatik hau”…; iruditzen zaigulako beste edozein modutan bizitza errazagoa izango zela. Baina, aldi berean, egoera horrek indartu egiten gaitu eta geure burua garatu ahal izateko eta pertsona bezala hazteko izugarrizko oparia da, bereziki, errespetuan, onarpenean eta baldintzarik gabeko maitasunean.

Zer da zehazki Chrysallis elkartean egiten duzuen lana?
Elkartea zakila duten nesken eta bulba duten mutilen gurasoek osatzen dugu. Elkartearen xede nagusiena familien arteko babes sare bat sortzea da, hau da, ibilbide hau guztia bakarrik ez egitea eta beste familiak hurbil izatea, sor daitezkeen zalantzak, pozak, ametsak eta beldurrak beraiekin partekatzeko.

Horrez gain, arreta zerbitzu bat ere badugu, bereziki errealitate horri aurre egin behar dioten familia berrientzat. Arreta zerbitzu horretan, familiek ez ezik sexologia adituek ere parte hartzen dute. Azken urteetan sexologo talde bat osatu izan ahal dugu. Kontuan izan behar da gai honen inguruan lan handia egin behar dela gizartean: ikastetxeetan, erakundeekin, etab. Zentzu horretan, gure beharrik handiena familientzako berariazko arreta zerbitzu baten eraketa da, gai hori ezagutzen duten profesionalez osatua. Une honetan familiok bolondreski egiten ari gara lan, baina ez gara iristen egiteko dagoen guztira eta gainera horretan ematen dugun denbora guztia norberak bere familiari eskaintzeko denboratik lapurtu behar du.

Bestalde, gai horren inguruko baliabideak sortzen ari gara. Kontuan izan haurren transexualitatearen inguruan oraindik ez dagoela ia ezer ikertua, ez dagoela ia ezer idatzita; eta ezagutza gure haurren bizipenetan dago eta hori guztia jasotzen ari gara elkartean, sexologoek, psikologoek, pedagogoek eta hezitzaileek errealitate hori hobeto ezagutu dezaten. Euskal Herrian, adibidez, mundu mailan aitzindari diren baliabide didaktikoak sortu ditugu eskoletan lantzeko. Eduki horiek guztiak Interneten daude eskuragarri eta jada zortzi hizkuntzatara itzuli dira.

Azkenik, gai hori gizarteratzeko lana egiten ari gara eta hor kokatuko litzateke, adibidez, urte hasieran egin genuen kanpaina.

Zein nolako laguntza jasotzen duzue erakunde publikoetatik?
Nafarroako Gobernuak oso denbora gutxian aurrerapauso asko eman ditu: familientzako arreta zerbitzua martxan jarri du (nahiz eta une honetan finantzazioarekin hainbat arazo egon), hezkuntza sailetik haur eta gazte hauek dauden ikastetxeetan haien prozesua laguntzeko formazio plan integral bat bermatzen du, eta gainera herrialdeko ikastetxe guztietara bidali ditu transexualitatea ulertzeko eta sexu-aniztasuna lantzeko material didaktiko eta liburuak, parlamentuan harrera egin digute, transexualitatea despatologizatuko duen lege berri bat garatzen ari da, gida integral bat garatzen ari da…

Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, gauzak oso geldi egon dira orain arte eta haur eta familia hauen errealitatea laguntzeko ez da aurrerapausorik eman. Iaz transexualitatearen arretarako “Gida integrala” argitaratu zen, eta osasun arloan hainbat aurrerapauso ematen baziren bertan, adibidez pediatriako kontuetan, gidak transexualitatea patologizatzen jarraitzen du (2012ko legeak bezala). Gainera gida ez da batere “integrala”, eta batez ere haur eta gazteen eta haien familien beharrak ez ditu kontutan hartzen. Eusko Jaurlaritzari premiazkoa den familientzako berariazko arreta zerbitzua sortzea eta ikastetxeetan transexualitate egoeran den haur bat dagoenean modu integralean ekitea eskatu diogu, arreta osoa modu koordinatuan egitearen beharra azpimarratuz. Bi puntu horiek jorratzen ez diren bitartean, gu egunero ikusten ari gara familiak zailtasun askorekin aurkitzen direla eta horren ondorioz haurrek sufritzen dutela. Eta gogorra da jakitea haur bat negar egiten duela egunero, edo eskolatik etorri eta autolesionatzen dela, batez ere jakinda sufrimendu guzti hori saihestu ahal dela laguntza egokia emanda. Familiek haien seme-alaben errealitatea lagundu eta babestu ahal izateko laguntza eta babesa behar dute, eta babes eta laguntza hori erakunde publikoek eman behar dute. Espero dezagun erakundeak honen larritasunaz eta premiaz ohartzea.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.