Euskararen erabilera gazteen artean

Eusko Jaurlaritzak egindako III. Eta IV. Inkesta Soziolinguistikoetan jasotako datuen arabera, gero eta gazte elebidun gehiago daude Euskadin. Aipatu iturriaren arabera, 1991. urtean, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 25 elebidunak zen. Kopuru hori 11 puntutan hazi zen 1996. urtera bitartean (% 36). 2006ean jasotako azken datuen arabera, berriz, gazte elebidunen kopuruak % 50eko langa nabarmen gainditu zuen (% 57,5). Ez hori bakarrik, aipatu % 57,5 elebidun horiez gain, 25 urte azpiko gazteen % 24,9 euskara ongi edo oso ongi ulertzeko gai zen.

Baina inkestek bestelako errealitate bat ere azaltzen dute; izan ere, alde handiak agertzen dira lurraldeen arabera. Horrela, Araban 16 eta 24 urte bitarteko gazte elebidunen kopurua % 42,5koa den bitartean, Bizkaian % 49,2koa da eta Gipuzkoan % 78,7koa da. Gipuzkoa eta Araba artean, beraz, 35 puntu baino gehiagoko aldea dago.

Ezagutza eta erabilera ez datoz bat

Gainera, gazteen artean euskararen ezagutza-maila altua izateak ez du esan nahi erabilera ere altua denik, batik bat gaztelaniaren kutsua dela eta. 2006an jasotako datuen arabera, 16 eta 24 urte bitarteko gazte elebidunen erdia baino gehiago gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen zen (% 55,7). Euskaraz hobeto moldatzen direnak soilik % 21,6 dira.

Hortaz, Euskadiko Gazteak 2008 txostenak Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen datuak ezagutza eta erabilerari dagokionez aztertu du eta baita lurralde historikoka eta adinka ere.

Ezagutzaren barnean, gazteek euskara zenbateraino ulertzen duten estatistiken arabera, % 11k ez du batere ulertzen, % 19k zertxobait ulertzen du eta % 63k ongi edo nahiko ongi. Adin taldeei erreparatuta, zenbat eta gazteago orduan eta portzentaia handiago batek euskara ulertzen duela azpimarra daiteke. 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 6k ez du batere ulertzen, % 15ek zertxobait eta % 74k ongi edo oso ongi.

20 eta 24 urte bitartekoen artean, portzentaiak antzekoak dira, % 10, % 20 eta % 65ekoak, hurrenez hurren. 25 eta 29 urte bitartekoen arteko ehunekoak berriz, bestelakoak dira. % 17k ez du batere ulertzen, % 21ek zertxobait ulertzen du eta % 50ak ongi edo nahiko ongi ulertzen du.

Datuak lurraldeka aztertuz gero, ohikoa denez, ikusgarria da Araba eta Gipuzkoaren artean diren aldeak. Ildo horretan, batere ulertzen ez duen gazte kopurua Araban % 20koa da, Bizkaian % 14koa eta Gipuzkoan % 3koa. Eta alderantziz, ondo edo nahiko ongi ulertzen duen portzentaia % 51koa da Araban, % 52koa Bizkaian eta % 83koa Gipuzkoan.

Irakurmena eta idazmena

Ulermenaz gain, txostenak ere gazteek euskaraz zenbat hitz egin, irakurri eta idatzi egiten duten azaltzen du. Lehenengoz, gazteei ea euskaraz mintzatzeko gai diren ala ez itauntzean, % 15ek ez duela batere hitz egiten ihardetsi du eta ongi edo nahiko ongi hitz egiten duela % 56k erantzun du.

Irakurtzeari dagokionez, % 17k ez du jarduera hori gauzatzen eta aitzitik, % 59k bai. Idaztearen kasuan, erantzunak parekoak dira, hain zuzen, % 17k ez du batere euskaraz idazten eta % 58k ongi edo nahiko ongi idazten du. Lurraldeka eta adin taldeka datuak aztertuz gero, arestian ulermenaren atalean gertatzen zena ikus daiteke. Izan ere, adinean gora eginez gero, gutxiagok hitz egin, irakurri edo idatzi egiten dute eta Araban Gipuzkoan baino askoz gutxiago.

Erabilera

Ezagutzak nabarmenki egin du gora baina ez horrela erabilerak, edo hori da, behintzat, txostenak dioena. Gazteriaren % 56k euskaraz ongi edo nahiko ongi hitz egiten duela aipatzen duen arren, gaztelaniaren adina edo gehiago etxean erabili bakarrik % 21ek egiten du eta lagunekin erabili % 25ek.

Hala ere, aintzat hartzekoa da euskaldun guztiek ez dutela familiarte euskaldunik edo haien lagun orok ez dutela euskararen ezagutza eta honek erabilera oztopatzen dute.

Etxean, ia beti euskaraz hitz egiten duten gazteen portzentaia % 11koa da, euskaraz gaztelaniaz baino gehiago % 2, bi hizkuntzetan berdin aritzen den gazte kopurua % 8, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago % 9, ia guztia gaztelaniaz % 27.

Lagunekin zein hizkuntzetan mintzatzen diren galdetzean, ia beti euskaraz %9a aritzen da, euskaraz gaztelaniaz baino gehiago % 3, bi hizkuntzetan berdin % 13, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago % 11, ia guztia gaztelaniaz % 19.

Sexuei erreparatuz, datuak parekoak direla aipa daiteke, baina emakumeek zertxobait gehiago erabiltzen dute. Etxean mutilen % 17 ia beti euskaraz aritzen dira eta emakumeen % 21. Euskaraz gaztelaniaz baino gehiago aritzen diren gizonak % 3 dira eta emakumeak % 5, bi hizkuntzetan mutilen % 14 eta nesken % 13, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago gizonen % 16 eta emakumeen % 14 eta ia beti gaztelaniaz gizonen % 48 eta emakumeen % 46.

Eta lagunekin berriz, portzentaiak honako hauek dira: ia beti euskaraz mutilen % 14k eta nesken % 19k euskara erabiltzen du; euskaraz gaztelaniaz baino gehiago % 6 eta % 7, bi hizkuntzetan berdin % 23 eta % 22, gaztelaniaz euskaraz baino gehiago % 21 eta % 18 eta ia beti gaztelaniaz % 35 eta % 33, hurrenez hurren.

Euskararen sustapena

Euskal administrazioek euskararen erabilera normalizatzeko lan handia egiten dute eta era berean, gazteei sustapenaren gainean galdetu zaie. Gazteen ia erdiek (% 47) Euskadiko herri-administrazioek euskararen sustapenean orain baino diru gehiago gastatu behar dutela dio.

Gutxiago gastatu beharko litzatekeela diotenak ez dira % 10era heltzen. Euskara bultzatzeko ekimenak egiteko, egun aintzina baino diru gehiago gastatu beharko litzatekeela uste dutenak gehiago dira Gipuzkoan Bizkaian baino eta Bizkaian Araban baino. Batez ere euskal herritar sentitzen direnek beste era batera sentitzen direnak baino neurri handiagoan uste dute euskaren sustapena areagotu behar dela.