Zergatik ordaindu doan lor badaiteke?

Azken asteetan eztabaida handia piztu da Estatu mailan elektrizitatearen prezioan izan den gorakada dela eta. Gorakada horrek hainbat arrazoi izan ditu, baina, funtsean, bi izango lirateke eragin handiena izan duten alderdiak: energia eskaera handia (hotz-bolada dela eta) eta baldintza meteorologikoen ondorioz (haize eta prezipitazio falta) energia berriztagarrien ekarpen eskasa.
Estatuan elektrizitatearen truke ordaintzen dugun faktura hiru atal nagusitan banatzen da. % 35 inguru konpainiek ezartzen dute elektrizitatearen truke handizkako merkatuan ordaindu behar dutenaren baitan. % 25, inguru, berriz, zergak izango lirateke eta beste % 40, araututako kostuak lirateke (elektrizitatearen garraioa, banaketa…)

Rajoy presidenteak hedabide batean azaldu zuenez, euria hasi bezain pronto elektrizitatearen prezioa jaitsi egingo zen. Baina zein neurriraino da benetakoa baieztapen hori?

Esan bezala, elektrizitate fakturaren heren bat inguru handizkako merkatuan zehazten da. Merkatu hori, enkante antzeko bat da: Red Eléctrica Españolak orduro behar izango den energiaren zenbatespen bat egiten du eta konpainiek prezio bat eskaintzen dute. Kalkulatutako eskaera hori asetzeko, lehenik energia berriztagarriak erabiltzen dira (merkeenak) eta ondoren bestelako energia iturriak (garestiagoak). Azken prezioa, eskaera asetzeko erabili den azken energiaren arabera zehazten da.

Energia berriztagarrien bidez lortzen den energiaren prezioa nahikoa baxua da naturak eskaintzen dituen baliabideak doakoak direlako (eguzkia, haizea, olatuak, ura, biomasa…) Zenbait kasutan, prezioa zero eurokoa ere izatera iritsi da. Energia nuklearrarekin antzeko zerbait gertatzen da; instalazio horiek oso konplexuak direnez halabeharrez martxan izan behar dira etengabe eta horrek prezioa merkeagotzen du.

Energia berriztagarri eta nuklearraren bidez eskaera osoa asetzea lortuko balitz, bestelako energia iturri garestiagoak ez lirateke beharrezkoak izango, adibidez, ziklo konbinatuaren bidez lortzen dena. Beraz, energia berriztagarriek eragin zuzena izan dezakete ordaintzen dugun kopuruan baldin eta eskaera osoa asetzeko gai badira. 2015. urtean, adibidez, Estatuan kontsumitutako energia guztiaren % 36,9 energia berriztagarrien bidez sortu zen eta % 21,8 zentral nuklearren bidez. Bien artean, beraz, % 58,7. Baina prezioa falta den % 41,3 hori asetzeko erabili diren bestelako iturriek zehaztu zuten.

Europan energia berriztagarrien aldeko apustua zintzoa dirudi; Espainian, ez hainbeste. Europar Batasunak Estatu kide guztien energia, garraio eta negutegi efektuko gasen emisioen zenbatespena egin eta ‘Reference Scenario 2016’ izeneko txostenean jaso du. Espainiaren kasuan, 2020-2030 eperako energia berriztagarrien erabilera % 46ra igotzea igotzea da. Espainiako gobernuak kalkulu hori baikorregitzat jo du.

Asko dira Espainiako gobernuak arlo horretan duen papera kritikatzen dutenak. Izan ere, 2015. urtean gobernuak autokontsumo elektrikoa zigortzen zuen dekretua onartu zuen. Horrela, pasa den urteko apiriletik aurrera autokontsumorako instalazio ia guztiak ilegalak dira, adibidez, teilatuetan jartzen ohi ziren eguzki-panelak edo plaka fotovoltaikoak. Neurria ‘Eguzkiaren zerga’ ezizenarekin ezagutzen da. Hainbat erakundek salatu zutenez, dekretu horrek Europar Batasunak sustatu nahi duen politikaren kontra egiten du. Izan ere, Europak hiritartasun aktiboa sustatu nahi du modelo energetikoa eraldatu eta eredu jasangarri berri bat ezartzeko.

Kontsumitzaileen kooperatiba elektrikoek alternatiba bat eskaintzen dute

Estatuan elektrizitatearen merkatua konpainia handien esku dago (Endesa, Iberdrola, Gas Natural Fenosa…) Bezero ia guztiak konpainia horiekin kontratatzen dute elektrizitatea baina, azken urteetan, gero eta gehiago dira energia berriztagarrien kooperatiba elektrikoetan izena ematen dituzten bezeroak. Euskadin, adibidez, GoiEner izeneko kooperatibak jada 6.000 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu. Kataluniako Som Energía eta Andaluziako Zencer dira indar handia duten beste kooperatibak. Kooperatiba horien helburu nagusia kideek eskatzen duten energia sortzea da baina, aldi berean, kideei eskatzen duten energia horren gaineko kontrol osoa bermatzen zaie. Horregatik, merkaturatzen duten ia energia guztia iturri berriztagarrietakoa da. Modu horretan, Kw bakoitzeko ordaintzen den kopurua zuzenagoa izatea bermatzen da.