Euskal gazteriaren % 80 inguruk seme-alabak izan nahi ditu

Gizarte aurreratu edo aberatsenetan gurasotasuna gero eta gehiago atzeratzen da. Gazte gehienek lehentasuna eman ohi diete ikasketei eta ibilbide profesionalari baina, hala ere, gurasotasuna gazte gehienen proiektu nagusienen artean aurkitzen da. Horrela adierazten du, behintzat, Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman duen ikerlan batek. Izan ere, 30 urtetik beherako gazteen % 83k seme-alabak izan nahiko lituzkeela aitortzen du. Kopurua oso antzekoa da mutilen zein nesken kasuan (% 82,3 eta % 83,7, hurrenez hurren), baina nesken kasuan, ugariagoak dira muturreko iritziak, hots, proportzio handiagoan aipatzen dute seme-alabaren bat izan nahiko luketeela (% 51,9) baina baita ez dutela batere nahi ere (% 7,0).

Ikerketak agerian uzten duenez, zenbat eta helduago orduan eta seme-alabak izateko gogo handiagoa azaltzen dute euskal gazteek. Horrela, 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean seme-alabak izateko gogoa % 85 inguruan kokatzen den bitartean, 20 urtetik beherakoen artean % 80an aurkitzen da.

Bestalde, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) emandako datuen arabera, EAEn, batez beste, emakumeek 32 urterekin izaten dute bere lehen seme-alaba, baina euskal emakume gazteentzat 29 litzateke lehen seme-alaba izateko adin ideala. Zentzu horretan, nesken % 40 inguruk ez du uste bere lehen seme-alaba nahi duten adinean izango dutenik. Adinean gora egin ahala, jaitsi egiten da idealtzat jotzen duten adinean guraso izango direla uste duten gazteen ehunekoa eta, aitzitik, hori gertatuko ez dela deritzotenen ehunekoa handitzen da. Dena dela, adin tarte guztietan gehiago dira nahi duten adinean guraso izango direla uste dutenak beren aitatasuna edo amatasuna atzeratu beharko dutela uste dutenak baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.