Boluntariotzaren eta boluntarioek egindako lanaren benetako aitorpenaren unea da

Alicia Susok eta Imanol Zuberok 2014an argitaratutako ‘Boluntariotza eta partaidetza soziala: kontzeptuen mugak’ ondorio-txostenean dioten bezala, “ekintza boluntarioa beti mugitu izan da oso zabala eta lausoa den eremu teoriko eta praktikoan, eta hainbat dimentsiok gurutzatzen dute”. Are gehiago, gaur egun, ez dago definizio zehatz bat boluntariotza zer den azaltzen duena. Ez, behinik behin, bateraturik edo onarturik. Honek gaia jorratzea zailtzen du.

Zer uler daiteke boluntariotza bezala? Zer egin behar da boluntariotzat hartua izateko? Zein da gutxieneko konpromiso-maila? Horrelakoek eta antzekoek sortzen dute eztabaida. Ez dut emango nik konponbiderik lerro hauetan. Definizioaz gain, boluntariotzaren inguruan beste hainbat gauza baitaude esateko. Argiena, boluntario lanetan dabiltzanen aitorpena. Egunero besteen mesedetan egiten dutenaren benetako aintzatespena.
Urtean behin ospatzen diren egunekin gertatzen den moduan, abenduaren 5a gerturatu ahala, boluntariotzaren gaia gizarteratzen da. Bat-bateko interesa pizten da. Erreportajeak hedabideetan aurreko eta ondorengo asteetan, kanpaina puntualak, administrazioen adierazpenak, etab. Izan ere, orduan da Boluntarioen Nazioarteko Eguna. Egiten den aitorpena oso beharrezkoa da, baita egiten jarraitzea ere. Hori ezin da zalantzan jarri. Zer falta da orduan? Egindako lana balorean jartzea, erakunde eta boluntario gazteek urtean zehar duten konpromisoaz kontziente izatea, gure auzo eta herrietan buru-belarri lanean ari direnen jarduna gizarteratzea. 2016. urte amaieran Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak abiatutako #IzanZuAldaketa kanpaina bide horretatik zihoan. Astialdi Foroak aspalditik egindako eskaerei erantzunda, gazteek gizarte- erakundeetan egiten duten boluntario-lana balioetsi nahi izan zen.

Krisi garaian nini kontzeptua asko zabaldu zen, hedabideetan ia egunero erreportajeak azaltzen ziren gaia landuz edo berau jorratzen zuten ikerketako datuak emanez. Poliki-poliki gazteon ehuneko handi batek ezer egiten ez zuela zabaldu zen: ez ikasi, ez lanik egin, ez parte hartu ez ezer. Kasu batzuetatik orokortuz bolo-bolo zabaldu zen. Baina hori ez da horrela. 2015ean Gazteen Euskal Behatokiak eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) egindako ‘Gazteak eta parte-hartze soziala Euskadin’ ikerketaren arabera Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %23,6k boluntario lanak egiten zituen, horietatik %17,3k modu egonkorrean, gainera.

Nabaria da parte-hartzeko moduak aldatu direla. Ohiko ekintza kolektiboko forma klasikoak badiraute, baina teknologia berriek ahalbidetutako ekintza forma berriak agertu dira. Bien arteko nahasketan dabil egungo gazte boluntarioa, hezkuntza-aisialdian, kirol eta kultura eremuko jarduera herrikoietan, giza eskubideen lankidetzan, osasun arloan, asistentzia eremuan edo ingurumenaren zaintze eta bermean, besteak beste.

Azpimarratzeko modukoa da egungo gizartean laguntzeko asmoa eta gogoa izatea. #IzanZuAldaketa kanpainak zioen bezala bakoitzak egin dezakeen gutxi hori asko delako eta egoera aldatzeko balio duelako, boluntario-lana eginda asko irabazten delako (lagunak, gaitasun sozialak, esperientzia edo segurtasuna), eta, batez ere, bakoitzaren errealitatera egokitutako proiektuak daudelako. Egun puntualetan, aste bukaeretan, oporraldietan, udaran ala egunerokoan. Bakoitzaren egoera pertsonal eta inguruabarrak aintzat hartuta, bakoitzak ahal duen neurrian eta moduan lagunduz. Horixe da boluntario bezala ibili den edonork esango lizukeena eta, nire ustetan, balioan jarri behar dena. Ez egiten duenak nahi duelako —pausua ematen duenak ez du etorriko diren txalo edo dominengatik egiten—, gizarte bezala horrelako lanek aitorpena merezi dutelako baizik. Esan bezala, ez egun puntualetako aintzatespen edo esker onarekin, baizik eta boluntarioek egiten duten lanari ikusgarritasuna emanez eta benetako aitorpen bat eginez.

Maialen Olabe
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.