Gero eta euskal gazte gehiagok eskizofrenia pairatzen du

Hil honen hasieran Bilbon aurkeztu den ‘Voz’ izeneko txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 22.000 pertsona baino gehiagok eskizofrenia-desoreka pairatzen du. Txostenean azpimarratzen denez, horietatik asko gazteak eta nerabeak dira eta, bereziki, mutilak. Datuak Europa mailan egin den ikerketa batetik lortu dira eta Euskadiri dagozkion datuak ere badira.

Txostenaren aurezpen-ekitaldian azpimarratu denez, desoreka hori pairatzen duten eriek duten arazorik handienetako bat autonomia falta da. Era berean, pertsona horien sexualitatearen garrantzia azpimarratu dute txostengileek. Izan ere, bizitza sexual gogobetegarri batekin pertsona horien bizitza-kalitatea hobetzen da eta, ostera, sexualitatearekin arazoak dituzten erien kasuan eskizofreniak nabarmen egiten du okerrera.

Eskizofrenia uste dena baino desoreka arruntagoa da. Adituen ustez Estatuan 400.000 baino gehiago dira desoreka hori duten pertsonak eta Euskadin, esan bezala, 20.000 baino gehiago. Eskizofrenia, bereziki 15 eta 40 urte bitarteko pertsonek izaten duten desoreka da. Txostenak agerian uzten duenez, pertsona horientzat eta baita euren familientzat ere, garrantzitsuena behar emozionalak betetzea da. Jende askok pentsa dezakeenaren kontra eskizofrenia duten pertsonek harreman sozialen beharra dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.