XXI. mendeko sexu joerak

Zenbait ikerketen arabera, gazte eta 70 urtetik gorako pertsonen artean masturbazioa da bikotekidearekin gehien praktikatzen den sexu harremana.

EE.BBetako ‘Journal of Sexual Medicine’ aldizkarian argitaratutako bederatzi ikerketen arabera, zenbat eta adin handiago izan orduan eta neurri gutxiago hartzen dira sexu harremanak izaterakoan. Horrela, kontrakoa pentsa bazitekeen ere, gazteak dira antisorgailuak gehien erabiltzen dituztenak. Ikerketa horien arduradunen esanetan, batez ere, berrogei urtetik gora jendea ez da ezusteko haurdunaldiez hainbeste kezkatzen eta, ondorioz, preserbatiboen erabilera urriagoa da aipatu adin tarte horretan.

‘Journal of Sexual Medicine’ aldizkariak ale berezia kaleratu du aipatu bederatzi ikerketen berri emateko. Antisorgailuen erabilerarena ez ezik, ikerketa horietatik guztietatik hainbat ondorio interesgarri ere atera daitezke. Horrela, gazte eta 70 urtetik gorako pertsonen artean masturbazioa da bikotekidearekin gehien praktikatzen den sexu harremana. Masturbazioa da inkestatutako 5865 pertsonen artean azaldu diren 40 jarduera sexualetako bat. Izan ere, azken 20 urteetan, sexuaren inguruan bikoteen imajinazioa biderkatu omen da.

Hainbat aldaketa

Mende berriarekin batera helduen harreman sexualak aldatu omen dira. EE.BBetako Osasun Sexualaren Sustapenerako Zentroko (CSHP) zuzendari Debby Herbenickek adierazten duen bezala ‘gaur egun, pertsona helduak ez dira beraien harreman sexualetan koitora mugatzen. Koitoak praktika sexual hedatuena izaten jarraitzen duen arren, gaur egun bestelako praktikekin batera ematen da, hala nola, masturbazioa edota aho-sexua’. Ez hori bakarrik, gero eta gehiago omen dira sexu bereko pertsonekin harremanak izateko tentazioa duten pertsonak.

Orgasmora iristeko bideak direla eta gizonezkoek koitoa dute ia bide bakarra. Emakumezkoek berriz, koitoaz gain, bestelako joko sexualak ere gustuko dituzte.

Gazteak

Ikerketa hauen guztien arduradunen arabera, ikerketa hauek orain arte egin diren sakonenak dira, besteak beste, nerabeen jarrerak ere jasotzen direlako. Horrela, gizartean bada gazteak gero eta gazteago harreman sexualekin hasten direnaren ustea. Ikerketa hauen arabera, sexua oso garrantzitsua da gazteentzat, baina ez da bere bizitzen ardatz nagusia. Horrela, ikerketan jasotako datuen arabera, gazteak nahikoa arduratsuak dira eta preserbatiboa erabiltzen dute ia kasu gehienetan.