Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berria

EiTBk eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko kanpaina berri bat jarri dute abian. Aipatu kanpainaren leloa ‘Bihotzetik ezpainetara’ da eta ‘Go!azen’ telesaileko lagunek Iker Laurobaren ‘Gure nahia’ abestia bilakatu duten bideoklipa du erakargarri nagusiena. Kanpainak, bereziki, euskal hedabideetan izango du isla.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek kanpainaren aurezpen-ekitaldian azaldu duenez, “Gazteak dira euskara gehien dakitenak, eta eurak dira, baita ere, gure hizkuntza gehien erabiltzen dutenak. Hala ere, aukerak eman behar dizkiegu are eta gehiago erabil dezaten, ezagutza adin-tarte horretan oso altua baita. Aisialdian aukerak ematea edota ‘Go!azen’ bezalako produktuen erakarmena baliatzea oso bide interesgarriak dira”.

Aurreko urteetan ‘Go!azen’ telesailak gazteen artean izan duen arrakasta dela eta, denboraldi berria grabatzeari ekin dio ETBk. Edu Barinaga ETBko zuzendariak aurreratu duenez, hamairu atal berri grabatuko dira eta grabazioa abuztuaren 25erako amaituta izango dela espero dute. Aurreko denboraldian aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain ere protagonista izango dira denboraldi berrian. Azken honek ‘Bago!az’ saioa irabazi ondoren lortu du txartela ‘Go!azen’en parte hartzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.