Diseinuzko droga berrien kontsumoak gora egin du EAEn

Droga berrien eskaintza gero eta zabalagoa da. Internet bidez saltzen direnez, oso erraza da droga horiek erostea

Europar Batasuneko alerta goiztiarraren sistemaren arabera, urtero, 60 eta 100 substantzia berri bitartean antzematen dira. Horietatik ia guztiak laborategi klandestinoetan ekoizten dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, iaz, 34 diseinuzko droga berri antzeman ziren, eta horietatik, sei ordura arte Estatuan ikusi ez zirenak ziren.

Adituen ustez diseinuzko droga berri horien kontsumoa oso arriskutsua da osasun publikorako. Izan ere, molekula kimiko konplexuak izaten dira eta oraindik ez dago garbi gizakiongan izan dezaketen eragina. Gainera, horietako bat legez kanpo uzten denerako beste hainbat deribatu sortzen dira. Kasu gehienetan diseinuzko droga berri horiek ezagunagoak diren beste drogen eraginak antzeratzen dituzte; nagusiki, kanabisa eta anfetaminenak.

Ezagutzera eman diren datuen arabera, iaz EAEn substantzia horien ia 1.700 kilo konfiskatu zituen poliziak. Espainia da, Erresuma Batua, Frantzia eta Herbehereekin batera droga berrien kontsumo handiena du herrialdeetako bat.

UPV/EHUko irakasle Koldo Calladoren esanetan, droga berrien kontsumoak gora egin du EAEn, nagusiki, eskaintza gero eta zabalagoa delako eta, kasu gehienetan, Internet bidez eros daitezkeenez, oso eskuragarri direlako.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.