Lan ordu gehiago eta soldata txikiagoa

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak adierazten duenez, gaur egun, soldata diskriminazioa da emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat. Estatistika Institutu Nazionalaren Soldata Egituraren Inkestan oinarritutako datuen arabera, gizonen urteko batez besteko soldata 31.271 eurokoa da. Emakumeen kasuan, berriz, batez besteko soldata 23.781 eurokoa da, hots, 7.489 euro gutxiago. Datuok ez dute zalantzarako lekurik uzten baina, Emakundek salatzen duenez, gai horretaz gizarteak duen kontzientzia ez da izaten arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa.

Hala ere, soldata-arrakalarena ez da emakumeek lan merkatuan pairatzen duten diskriminazio bakarra. Izan ere, gure gizartean nagusi den rol banaketa dela eta, emakumeek familiak suposatzen duen kargaren zatirik handiena euren gain hartzen ohi dute. Oraindik portzentaje handi batean emakumeei egokitzen zaien familia eta etxeko lanaren ardurak galarazi egiten dio sarritan emakumeari lan munduan gizonarekin berdintasunez lehiatzeko aukera eta, ondorioz, malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratu behar izaten dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, zatikako kontratua duten lanpostuen % 80 baino gehiago emakumeek betetzen dituzte.

Etxeko lanak

Eustatek argitaratu dituen datuen arabera, gizonen % 8,7k bakarrik bi ordu baino gehiago ematen ditu etxeko lanak egiten. Ostera, emakumeen ia heren batek (% 28,3) hiru ordu baino gehiago ematen ditu lan horiek egiten.

LaCaixaren txosten baten arabera, (Mujeres y hombres, consumo y producción a lo largo de la vida. Una relación desigual), Espainiako 21 eta 65 urte bitarteko emakumeek, egunero, gizonek baino 1,1 ordu gehiago egiten dute lan. Urtean, beraz, 400 ordu inguru gehiago izango lirateke. Kopuru horren garrantziaz ohartzeko, kontuan izan behar da estatuko hitzarmenaren baitan urteko lanaldia 1.772 ordukoa dela. Beraz, emakumeek egiten duten gehiegizko lan hori urteko lan arautuaren ia laurdena izango litzateke. Gainera, kasu gehienetan, gehiegizko lan hori egiteagatik emakumeek ez ohi dute ordainsaririk jasotzen. Izan ere, gehiegizko lan hori seme-alaben zein gurasoen zaintzan eta etxeko lanetan metatzen da. Txostenean aipatzen denez, gizartearen zahartzeak arazo hori larriagoa egingo du, esan bezala, adineko pertsonen zaintza emakumeek egiten ohi dutelako.

LaCaixak egin duen ikerlanaren arabera, emakumeek estatuko ekoizpen osoaren % 39 besterik ez dute egiten. Hala ere, ordaintzen ez den ekoizpenaren (etxeko lanak, zaintza…) % 67 emakumeen esku dago. Gainera, emakumeek ia euren bizitza osoan zehar betetzen ohi dituzte ez-ordaindutako lan horiek. Gizonen kasuan, berriz, lan horiek 30 eta 50 urte bitartean betetzen ohi dira, hain zuzen ere, haur txikien ardura izaten dutenean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.