Ostirala 13: Molayren madarikazioa

Ostirala hamahiru (13) egun madarikatua da mendebaldeko gizarte gehienetan. Alde batetik, ostirala egun madarikatua da kristautasunaren barruan Nazareteko Jesus egun horretan gurutzatu omen zutelako. Gainera, antza denez, Evak debekatutako fruitua astearen bosgarren egunean eskaini omen zion Adani eta, hori gutxi ez balitz, haien seme Kainek ostiral batean erail zuen bere anaia Abel.

Bestalde, hamahiru zenbakia dugu. Hemen ere erlijiora jo behar dugu zenbaki horren gainean den madarikazioa ulertzeko. Hamahiru izan ziren hain zuzen ere Azken Afarian parte hartu zuten pertsonak eta Apokalipsiaren liburuan deabruaren aipamena hamahirugarren kapituluan egiten da.

Beraz, ikuspegi erlijioso batetik, hil batean hamahirugarren eguna ostirala denean, izan daitekeen egunik madarikatuenaren aurrean izango ginateke. Hil honetan, adibidez, horrela izan da. Izan ere, ostirala 13 uste duguna baino maizago ematen da; urtero, bat eta hiru aldi bitartean.

Dena den, ostirala 13 egunaren madarikazioa ulertzeko ez dugu erlijiora jo behar, historiara baizik. 1307. urteko urriaren 13an, ostirala, Frantziako Filipe IV erregeak Zaldun Tenplarioen Ordenako kideen aurkako jazarpena agindu zuen. Felipe IV.ak Klemente V. Aita Santuaren laguntza eskatu zuen tenplarioak heretikoak zirela salatzeko eta, horrela, urte horretan bertan, tenplario nagusietako bat zen Molayko Jacques atxilotu zuten beste hainbat tenplarioekin batera. Tenplario ia guztiak heriotza-zigorrera kondenatu zituzten, baina Molayko Jacquesen kasuan, hil aurreko otoitzean mendekua eskatu zion Jainkoari. Eta mehatxua profezia bihurtu zen. Hilabete beranduago, kontrako eztarritik piku bat sartu eta Klemente V. Aita Santua hil egin zen. Ia jarraian, Filipe IV. Erregea bera ere hil egin zen. Gainera, madarikazioa haren oinordekoengana ere zabaldu zen. 1328an, Filiperen oinordeko guztiak desagertu ziren eta, horrela, Frantzian 300 urtez agintean izan zen Capetiansen dinastia amaitu zen.

Beste hainbat sineskerien azalpena

  • Ispilu bat apurtzea: Ispiluetan gure irudia eta arima islatzen da. Superstizioen ustez, ispilua apurtzen denean gure arima ere apur daiteke. Madarikazioa zazpi urtez luzatzen da, tarte horretan gure gorputza fisiologikoki berritzen baita.
  • Gatza barreiatzea: Gatza barreiatzeak zorte txarra omen dakar. Hori ekiditeko, gatz apur bat hartu eta ezker sorbaldaren gainetik atzera bota behar da. Fededunen ustez, deabrua gure ezkerraldean izaten da gure arima noiz hartzeko zain. Atzera botatako gatz horrekin deabrua itsutu eta arima zorte txarretik berreskuratzeko aukera dugu.
  • Katu beltza: Gure bidean katu beltz bat gurutzatzea zorte txarraren seinale da askorentzat. Sineskeria horren jatorria Erdi Aroan omen dago. Garai horretan, sorginek katu beltzak erabiltzen omen zituzten euren erritualetan (katu beltzak oso garrantzitsuak dira mistizismoaren munduan). Ondorioz, katu beltza eliza eta sorginen arteko gatazkaren isla bilakatu da.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.