Non praktikatzen da sexu gehiago?

Berriki ezagutzera eman den azterlan baten arabera, kanariarrak, murtziarrak, andaluziarrak eta kantabriarrak dira, Estatu mailan, sexu-harreman gehien dituztenak. Antza denez, hegoaldean sexuarekiko jarrera irekiagoa omen dute. Auskalo! Klimaren kontua izango omen da. Txanponaren beste aldean, Balear Uharteak, Errioxa eta Euskadi aurkituko lirateke. Antza denez, gure artean ez diogu Espainian dugun famari uko egin nahi izan eta ‘En Euskadi no se folla’ leloarekin bat egiten dugu. Izan ere, aipatu azterlanaren arabera, adin nagusiko euskaldunok, batez beste, astero harreman bakarra izaten dugu. Andaluzian, berriz, % 40k gutxienez bi harreman ditu astero.

Nazioarte mailan, Espainia sexu gehien duten herrialdeen sailkapenaren bederatzigarren postuan azaltzen da. Lehen postuan, gezurra badirudi ere, Grezia aurkitzen da.

Harremanak izateko lekuari dagokionez, euskaldunak tradizionalak izaten jarraitzen dugu. Ohea da (nola ez!) larrua jotzeko gustukoen dugun lekua. Kotxea ere gure lehentasunen artean azaltzen da. Jarrera edo posturei dagokionez, euskaldunak oso berritzaileak ez garela onartu beharko dugu: misiolaria eta txakurrarena dira gehien erabiltzen ditugun posturak.

Ikerlanaren arabera txortan gutxi aritzen bagara ere, euskaldunak omen gara, kanariarrekin batera, sexu-harremanetan hasten garen lehenengoetakoak. Batez beste, euskaldunok 17 urterekin dugu gure lehen harreman osoa. Sexu kontuetan, beraz, ez gaude beti azken bagoian!
Nonahi egiten duzuelarik, gogoratu babesa oso garrantzitsua dela. Nahi ez diren haurdunaldiak ez ezik, sexu-transmisiozko gaixotasunak ere ekidin egingo dituzue.

Lohizune Loroño
Mi Psicólogo Getxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.