Aniztasun Funtzionala duten pertsonen beharrizanei erantzun egokia emateko unea da

Aniztasun Funtzional gehiago edo gutxiago dugun pertsonak gara, gure inguruak ezartzen dizkigun eskakizun, muga edo zailtasunen arabera.

Zer da Aniztasun Funtzionala? Kontzeptua gizarteratzen badoa ere, askotan definizioarekin ez da asmatzen. Gerturatzen gara, baina hanka sartzeko beldurrarekin. Zoritxarrez, ezjakintasuna nabarmena da oraindik. Garai batean bestelako terminoak erabiltzen ziren, hala nola ‘atzeratua’ edo ‘minusbaliatua’, lehen ofizialki ere erabiltzen zirenak. Egun, ordea, konnotazio negatiborik gabeko terminoen aldeko apustua egiten da. Azken finean, buruan izan behar dugu Aniztasun Funtzionala bi elementuren interakzioa dela: pertsona eta ingurua. Aniztasun Funtzional gehiago edo gutxiago dugun pertsonak gara, gure inguruak ezartzen dizkigun eskakizun, muga edo zailtasunen arabera.

Aniztasun Funtzionalaren kontzeptua bera oso zabala da. Bere barnean hainbat mota zehazten dira eta horrez gain pertsona bakoitzak baditu bere gaitasunak eta baita mugak ere. Pertsona guztiengan pentsatzen badugu, ikuspegi global eta inklusibo batetik begiratzen ikasten badugu, oso funtzionalak izango gara.

Gida

Zer egin dezakegu guk? Formakuntza espezifikorik izan gabe zailagoa da jokabide egokiak zein diren jakitea. Hori ezin da ukatu, baina ez da zilegi formakuntzarik eza portaera okerren justifikazioa izatea. Gizarte bezala gauza asko baititugu hobetzeko. Nola egin daiteke hori? Adibidez esperientzia duten elkarteekin harremanetan jarriz gero edo erreferentziazko euskarri eta materialak landuz, aurrez gaizki edo ez hain ondo egindakoak bidera ditzakegu.

Esaterako, ‘Mugarik gabeko aniztasuna’ gida. Aniztasun Funtzionalaren harira sortutako galderei erantzuna eman nahi dien materiala da, denborarekin jasotako mito edo aurreiritziak alde batera uzteko, Aniztasun Funtzionalaz hitz egiten gaudenean zer esan nahi dugun azalduz, egoera berriei aurre egiteko gomendioak eskainiz eta gaia lantzeko baliabideak bilduz.

Lehenik, Aniztasun Funtzionala duten pertsonek gainerako herritarren aukera berdinez gozatzeko bermea izan behar dute. Mota bakoitzaren beharrizanei erantzuteko laguntza ematea gauza bat da, eta beste bat haurren moduan tratatzea. Askotan egiten dugun akatsa da, egia da ez dela asmo txarrarekin egiten, baina ez da bidezkoa.

Era berean, irisgarritasuna eta inklusioa bermatu behar dira. Jarduerak egiterakoan pertsona guztiak kontuan hartzea. Hainbat elkartek dioten bezala, gizarteak inklusioa bermatuko balu eta muga oro (fisikoak, jarrerarekin lotutakoak) ezabatuko balitz, haiek ez lirateke beharrezkoak izango. Eta, azken finean, hori da haien helburua.

Aipatutako bi kontu horiek, nola ez, politika publikoetan isla izan behar dute. Nola da posible gaur egun irisgarriak ez diren espazioak existitzea? Nola da posible garraio zerbitzuak % 100ean egokituta ez egotea? Herritar guztien beharrizanei erantzun behar diete.

Azkenik, hezitzaileentzako formakuntza espezifikoaren eta Aniztasun Funtzionala duten pertsona gazteei buruzko datu espezifikoen beharra. Hezitzaileek nola jokatu baldin badakite, Aniztasun Funtzionala duten pertsonek esperientzia hobea biziko dute egunerokoan. Helburu hori erdiestea errazagoa izango litzateke orain arte bildutako estimazioak datu estatistiko errealak izango balira: adin-tarte zehatzagoak, alderdi sozialei begiratzea, etab.

Amaitzeko, lerro hauek probestu nahiko nituzke urte askoan zehar —eta egun oraindik— Aniztasun Funtzionala duten pertsona, elkarte eta eragileen lana balioan jartzeko. Poliki-poliki kontzientzia zabaltzea lortu dute, eta gizarteak oraindik beharko lukeen jokabidea ez badu ere, hobekuntzaren errudunak haiek dira. Besteak beste, gidan lagundu gaituzten APDEMA, APNABI Autismo Bizkaia, ASPACE Bizkaia, ASPACE Gipuzkoa, Atzegi, Bizkaiko Urtxintxa Eskola, EDEKA., Euskal Gorrak Gazteak, Euskal Herriko Down Sindromearen eta bestelako Adimen Urritasunen Fundazioa, FEVAPAS, FEVAS Plena inclusión Euskadi, Gautena, Gorabide eta Juventudes de Unidad Progresista de la ONCE.