Euskal Kirolari, euskara kirolaren munduan sustatzeko ekimen berritzailea

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak euskararen erabilera sustatzeko beste ekimen bat jarri du martxan. ‘Euskal kirolari’ lelopean, egitasmo berriak gazteria, euskara eta kirola uztartzen ditu eta puntako kirolarien bidez euskararen erabilera indartu nahi da kirolaren esparruan. Proiektua eremu digitalean eta sare sozialetan gauzatuko da, nagusiki, aipatu kirolari horiek, Gaztea irratiko Egoitz Txurruka ‘Txurru’ esatariarekin batera grabaturiko bideoen bidez. Bideo horietan kirolariek euren kirolari lotutako terminologia azalduko dute. Proiektuan parte hartu duten kirolarien artean, adibidez, honako hauek aurkitzen dira: Mikel Landa (txirrindularitza), Julen Goia (errugbia), Nerea Pérez (Arrauna), Aritz Aranburu (surf), Matxalen Ziarsolo (eskubaloia) eta Iñigo Martínez eta Kepa Arrizabalaga (futbola).

Ekimen horrekin gazteen artean hainbatkirol-diziplinei loturiko terminologia hedatu nahi da. Izan ere, hainbat kiroletan gazteek erdara hutsean dagoen unibertso bat topatzen dute. Hori lortze aldera, proiektu honen hedapena bilatuko da klubetan, kirol-federazioetan edota ikastegietan. Gainera, beste bultzada bat eman nahi zaie Eusko Jaurlaritzak, Elhuyar-ekin batera, garatutako hiztegi terminologikoei.

Lehenengo bost bideoak datozen hilabeteetan zabalduko dira, eta proiektuak jarraipena izango du 2018an zehar protagonista berriekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.