Haurrak, nerabeak eta mundu digitala

Teknologia berriek gure bizitza aldatu dutela bistakoa da. Alde horretatik, behintzat, ez dago eztabaidarik. Baina ez da mende honetako kontu bat bakarrik. Beti egon dira berrikuntzak, kobazuloetan bizi ziren gure arbasoen garaian ere. Gure bizitza errezten duten tresnen asmakuntza izan da beti gizakiaren ezaugarririk aipagarriena.

Beste kontu bat da teknologia edo asmakuntza horiek zeren alde edo noren mesede erabiltzen ditugun. Denon onura bilatu dezakegu, edo, guztiz kontrakoa, gaitza sortzeko erabilpena sustatu. Bonba atomikoa kasu. Interneti buruz hitz egiten badugu, txanponaren alde bien oreka bilatzea beharrezkoa da, batez ere, haurrei dagokienean. Hauek baitira ahulenak eta gure ekintzen ondorio guztiak jasango dituztenak.

UNICEFen State of the World’s Children (Munduko Haurren Egoera) txostenaren azken aleak Internet eta haurren arteko harreman desorekatu hori aztertu nahi izan du. Horretarako estatistikak eta datuak biltzen ditu, baina, are garrantzitsuagoak diren elkarrizketak eta informazio kualitatiboa pilatzen du ere. Horren harira, UNICEFek Internet izugarrizko aurrerapausua izan dela uste du. Horretan sinesten dugu. Haur errefuxiatu baten hezkuntza eten ez dadin erabiltzen diren programa informatikoak edo on-line kurtsoak; desnutrizioa pairatu duen haurtxo baten osasun-egoera txertatzeko erabiltzen den app berria edo edozein herrialdeko haurren iritzia helarazteko baliagarriak diren sare sozialak. Horiek guztiak aro digitalak egiten dituen ekarpenen zorroan sar ditzakegu.

Kontraz, cyberbulling hitza are eta ezagunagoa egin da azken urteotan, baita sex-cheating edo mota guztietako jazarpenak eta erasoak ere. Guztiz konektatuta ibiltzeak pribatutasunaren hormak lehertzen ditu eta hortaz, arriskutsua izaten da. Tamalez ez dago Internet guztiontzako. Afrikan adibidez, haurren eta nerabeen % 60ak ez dauka teknologia berrietaz gozatzeko aukerarik. Europan, berriz, “eten digitalak” haurren % 4arengan du eragina.

Helduek sortutako tresna da Internet, baina, batik-bat, haurrek eta nerabeek erabiltzen dute. (Mundu mailan haurren eta nerabeen % 71k; helduen
% 48aren aurka). Egin dezagun, denon artean, toki erosoagoa eta, batez ere, seguruagoa. Erakundeek eta empresa teknologikoek segurtasun-tresnetan inbertitu behar dute; gurasoek, ordea, arreta berezia eskeini behar diote semeak baloreetan hazi, hezi eta bizi daitezen.

Kalteak arindu eta abantailak aprobetxatu. Hashtag dotorea izango litzateke.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.