Gazteriaren 3/4 euskaldun izatea lortu nahi du Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak 2020. urte bitartean hizkuntza-politikaren lan-ildoak zehazten dituen Agenda Estrategikoa onartu berri du. Agendak bederatzi helburu estrategiko zehazten ditu, bereziki, erabileran zein ezagutzan sakontzen jarraitzeko.

Euskararen Agenda Estrategikoa 2017-2020 aurreko urteetako dokumentuetan jasotako ildo eta gogoeten jarraipena da eta helburu nagusia euskaldunon kopurua areagotzen jarraitzea izango da. Kuantitatiboki, helburua 788.000 hiztunetan kokatu da. Zentzu horretan, arreta berezia jarriko da gazteengan. Txostenean zehazten denez, 2020. urterako 16 eta 24 urte bitarteko gazteen hiru laurden euskal hiztun izatea lortu nahi da.

Hiztun kopurua hazteaz gain, Agenda Estrategikoak erabilera eta kalitatea ere sustatu nahi du. Hor ere gazteek protagonismoa izango dute, nagusiki, euren aisialdia euskalduntzeko esfortzu berezia egingo baita.

Agenda estrategikoaren beste lan-ildo nagusi bat euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea izango da. Horretarako, bereziki administrazio publikoan diren hutsuneak zuzentzeko esfortzua egingo da. Izan ere, dokumentu honen eginkizunetako bat da euskararen zehar-lerrotasuna bermatzea, bai administrazioaren eremu guztietan, baita gizartean ere.

Jarraipen Batzorde batek zehaztutako helburuen betetze mailaren jarraipena egingo du. Horretarako, 25 adierazle neurgarri ezarri dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.