Denbora atzera egitea lortu dute

Gure egunerokotasunean denbora, beti, noranzko berean igarotzen da, hots, orainalditik etorkizunera. Aspaldidanik zientzialariek zalantzan jarri dute horrek derrigorrez hala izan behar duenik. Izan ere, partikula subatomikoen munduan Fisikaren legeak simetrikoak dira denborarekiko, hots, berdinak dira denborak aurrera edo atzera egiten duen kontuan hartu gabe. Eskala handiagotan, berriz, denbora beti etorkizunerantz mugitzen da eta egoera hori ‘denboraren gezia’ izenarekin ezagutzen da. Zientzialariek ezin izan dute aurkitu horretarako arrazoia eta nagusitu den erantzuna Termodinamikaren Bigarren Legean oinarritzen da: sistema itxi batean entropia beti hazten da. Horregatik, posible dugu kafea eta esnea nahastea, baina ezin dugu ondoren nahasketa hori desegin.

Orain, nazioarteko zientzialari talde batek gezi horren noranzkoa aldatzea lortu du. Horretarako, sistema itxi baten hasierako baldintzak eraldatu dituzte. Horrela, laborategi batean egindako saiakeran, aipatu zientzialari taldeak gauza bitxia lortu du: gorputz hotz baten berotasuna beroago dagoen beste gorputz batera igarotzea. Kontuan izan behar dugu baldintza ‘normaletan’ beti kontrako prozesua ematen dela. Gainera, eskala mikroskopikoan ezezik, eskala makroskopikoan ere emaitza bera lortu dute.

Adituen ustez aurkikuntza horrek aukera emango du denbora eta entropiaren arteko harremana hobeto ezagutzeko. Adibidez, Unibertsoaren hasieran nagusi ziren baldintzak ezagutzeko aukera eman dezake, baita, bide batez, zergatik gure egunerokotasunean ‘denboraren geziak’ beti noranzko berbera duen ezagutzeko ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.