Nafarroako Artxiboak Bonaparte printzearen euskarazko izkribuak argitaratu ditu

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak XIX. mendearen erdialdean Luis Luziano Bonapartek euskarari buruz bildu zituen eskuizkribuen bilduma argitaratu du. Guztira, 134 eskuizkribu jarri dira ikusgai eta horietatik 118 euskaraz idatzita daude. Luis Luziano Bonaparte hizkuntzalaritzan eta dialektologian espezializatutako filologo ospetsua izan zen. Euskal Herrian ezaguna da euskararen eta euskalkien inguruan egin zuen ikerlanengatik. Haren lan eta ahaleginen emaitza dugu euskal hizkuntzalaritzari buruzko hogeita hamahiru lanen argitalpena; horien artean, “Le verbe basque en tableaux” (Londres, 1869) eta euskarari identifikatu zizkion zortzi euskalkiak biltzen dituen “Carte des sept provinces basques montrant la délimitation actualle de l’euscara et sa division en dialectes et sous-dialectes et varietés” (Londres, 1863).

Bonaparte hil ondoren, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek haren eskuizkribuak erosi eta hiru lurraldeen artean banatu zituzten. Banaketa haren ondorioz, funtsa 1904az geroztik babesten duten hiru erakundeen artean banatuta dago: Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Iruñean, Foru Agiritegi Historikoa Bilbon eta Koldo Mitxelena Kulturunea Donostian. Gainera, Bonaparteren liburutegi pertsonala Chicagoko Newberry Libraryk erosi zuen 1901ean. Gaur egun, bilduma hori funtsezko tresna bilakatu da euskara eta euskalkiei buruzko edozein ikerketari ekin ahal izateko.

Artxibo Irekiari gaineratu zaion nafar funtsa, Resurreccion Maria de Azkuek, Carmelo Etxegaraik eta Arturo Campionek agirietan aipatutako euskalkien kokapen geografikoaren arabera bereizi eta Nafarroako Foru Aldundi Probintzialari emandako agiriek osatzen dute. Irizpide berbera erabili zen Gipuzkoako eta Bizkaiko aldundiei emandako zatiak bereizterakoan. Eskuizkribuak ebanjelioei eta Bibliari buruzko testuak, dotrina-liburuak, sermoiak eta otoitzak dira, den-denak XVIII. eta XIX. mendeetakoak eta euskaraz –bereziki Nafarroako euskalkietan– idatzitakoak. Euskara eta gaztelaniazko hiztegiak ere badira.

Landa-lanetarako, Bonapartek bertako pertsona garrantzitsuak izan zituen lagun; adibidez, Arturo Campion, Bruno Echenique, Jaurrieta, Bidankoze, Aria, Irurozqui eta Aspurz herrietako erretoreak, maisuak eta Nafarroaren iparraldeko beste pertsona ospetsu batzuk. Kasu batzuetan, antzinako eskuizkribuak bildu zituzten, eta beste batzuetan, testuak osatu zituzten tokian tokiko euskalkiaren arabera, askotan obra erlijiosoak itzuliz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.