Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko udalekuak

631
MINGAINA DANTZAN UDALEKUEN AURKEZPENA DONOSTIAN. Mingaina Dantzan Udalekuen II. edizioa Donostiako Miramar Jauregian egin da. Bertan, Iñaki Eizkmendi (Ebete), Miren Dobaran (Eusko Jaurlaritza), Iñaki Aristondo (Ttakun), Estibaliz Alkorta (Eusko Jaurlaritza) eta Josu Labaka (UEMA) izan dira.

Mingaina Dantzan udalekuen II. edizioan erabileran eragiteko tresnen inguruko azterlan bat garatuko da

Pasa den urtean, gazteen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten Mingaina Dantzan udalekuak jarri ziren martxan. Iazko esperientzian oinarrituta, Eusko Jaurlaritzako, UEMAko eta Ebete enpresako ordezkariek aurtengo ediziorako dituzten asmoak aurkeztu dituzte Donostian. Izan ere, aurten antolatzaileek aurrerapauso bat eman nahi izan dute eta, horrela, ohiko udalekuez gain, topaketan euskararen erabileran eragiteko baliagarriak izan daitezkeen tresnen inguruko azterlan bat ere garatuko da.

Udalekuak Berrizko Olakueta aterpetxean izango dira uztailean zehar. 10 eguneko bi txanda antolatu dira eta horietako bakoitzean 13-14 urteko 30 nerabek parte hartzeko aukera izango dute. Nerabe horiek inguru soziolinguistiko desberdinetakoak izango dira eta aniztasun hori erabili nahi da, hain zuzen ere, hizkuntza-portaeren azterketa egiteko.

Aurtengo edizioaren aurkezpenarekin batera, pasa den urteko edizioaren balorazioa ere egin dute antolatzaileek. Zentzu horretan, iaz egin ziren hiru neurketen arabera, nerabeen arteko elkarrizketen % 75 euskaraz izan zirela azpimarratu dute. Gainera, iaz garatu ziren bideetatik, bi argitalpen egitea erabaki da: Programazioan txertatu daitezkeen jarduerak eta Eusle dinamikak udalekuetan.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.