Ana de Castro: “Gazteek sentitu behar dute euskara euren hizkuntza dela”

Euskararen inguruan egin diren azken neurketen arabera, ezagutza-maila nabarmen hazi da azken urteetan, baina hazkunde hori ez da erabileran islatu. Nola baloratuko zenuke egun euskarak Bizkaian bizi duen egoera?

Euskarak Bizkaian bizi duen egoera, alde horretatik, euskararen gainontzeko lurraldeetan ageri denaren parekoa da. Nondik gatozen aintzat hartu behar dugu eta euskarak azken 40 urteetan egin duen aurrerakadari erreparatu. Ezagutzak gora egin du eta erabilerak ere bai; erabilerak astiroago, noski, hori hizkuntza guztiekin gertatzen da, hau da, ezagutza aurrera ez badoa, erabilera ezin da aurrera joan, astiroago. Hor faktore askok eragiten dute. Hizkuntza minorizatuek bide korapilatsua eta oztopoz betea dute, oro har, aurrera egiteko, eta euskarak ere bai. Areago, euskarak auzokide indartsu biren artean bizi izan behar izan du eta, Mitxelenak zioen bezala, euskararen misterioa ez datza jatorrian, iraupenean baino. Hori horrela delarik ere, eta ezagutzaren erronkari, nire ustez, behar den moduan heldu diogula esan badaiteke ere, egia da erabilerarena dugula erronkarik handiena etorkizunari begira eta erronka horri heldu eta aurrera egiteko bideak jorratzen ahalegintzen ari gara euskararen ardura dugun erakundeok.

Ezagutza/erabilera dikotomiarekin jarraituz, gazteena da ezagutza-maila altuena duen adin tartea. Erakunde publikoetatik euskararen sustapenerako garatzen diren politiken ardatz izan behar dute gazteek?

Hor indargune bat dugu. Gure gazteak gero eta euskaldunagoak dira. Erakunde publikoek bide egokia eskaini behar diegu gazteei euskaraz bizi ahal izan daitezen, euren egunerokotasunean euskaraz komunikatzea berezko aukera izan dadin. Bide egokia eskaintzeak esan nahi du asmatu behar dugula euskaratik erdararako jauzia gertatu ohi den esparruetan euskararen presentzia eta baliagarritasuna ezartzen; esaterako, lan-munduan eta aisialdian, edo komunikazio-sareetan eta teknologia berrietan.

Gazte gehienek euskaraz ikasten dute, baina hori ez da egunerokotasuneko/kaleko erabileran islatzen. Nola konpon liteke desdoitze hori?

Aurreko erantzunaren ildotik, gazteek sentitu behar dute euskara euren hizkuntza dela eta komunikazio-tresna egokiena eta osoena dela eurentzat, euskaraz hazi diren ume eta gazteek euskaraz bizi izateko gogoa izan behar dute, noski, baina, lehen esan dugun bezala, euskaraz bizitzea “neketsua” edo “mugatua” suertatzen bazaie amore emango dute, batzuek behintzat. Hor ekin behar dugu erakundeok ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea murrizteko.

Elkarrek berriki ezagutzera eman duen azterlan baten emaitzen arabera, euskaldunok euskal kultura kontsumitzeko joera txikia omen dugu. Gainera, eta are eta nabarmenagoa gazteen kasuan, doako produktuak kontsumitzeko joera nagusitzen ari da. Zein neurritan baldintzatzen du horrek euskarazko produktuen ekoizpena?

Gazteei euskarazko produktu erakargarriak eskaini behar zaizkie, baina egia da azken urteotan kontsumitzailearen paradigma aldatzen ari dela. Gero eta nabarmenagoa da kontsumoaren eta Internet-en arteko lotura eta horrek, nahitaez, sarean euskararen presentzia indartzea eta hedatzea eskatzen digu. Hemen ere gauza bera, euskaraz bizi den gazteak euskarazko produktuak izango ditu gogoko eta, eskaria bada, kontsumoa ere haziko da.

Interneten eta sare sozialetan aurkitzen ditugu euskararen inguruko datu positiboak. Bereziki landu beharreko esparrua litzateke?

Hala da bai, euskararen presentzia Internet-en zein sare sozialetan proportzionalki nahiko handia dela erakusten digute hainbat azterlanek eta hori positiboa da, noski. Ez dugu ahaztu behar, hala ere, globalizazio-sasoi hauetan txikia izateak ahalegin bereziak eskatzen dituela handiekin lehiatzeko orduan, eta horretan saiatu beharra daukagu.

Azken urteetan gero eta gehiago dira Bizkaian antolatzen diren euskararen inguruko ekitaldi garrantzitsuak/erraldoiak (Bertsolari txapelketaren finala kasu). Epe motzean horrek eragin zuzena izango duela espero daiteke ala epe ertain/luzera itxaron beharko litzateke?

Nik esango nuke euskararekin loturiko ekitaldi garrantzitsu horiek Bizkaian kokatu izanak izan duela eragina Bizkaiko euskararen egoeran. Duela urte batzuk ametsa zirudien Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Barakaldon izatea edo Durangoko Azokak hartu duen dimentsioa. Argi dago ekintza horiek positiboak direla euskararentzat, bai epe motzean eta bai epe ertain/luzean ere. Horregatik saiatzen gara halakoei eusten eta laguntzen Bizkaiko Foru Aldunditik.

Bizkaia lurralde berezia dugu euskarari dagokionez. Oso eskualde euskaldunak ditugu eta baita oso erdaldunak ere. Lehenengoei dagokionez, joera negatiboa omen da, hots, euskararen arnasgune diren udalerri horiek gero eta erdaldunagoak omen dira. Zer egin daiteke joera hori gelditzeko?

Ez nuke esango Bizkaia berezia denik euskarari dagokionez. Aitzitik, erreparatzen badiogu euskararen egoerari Euskal Herri osoan, ikusten dugu Bizkaikoa oso antzekoa dela, anitza eta alde edo diferentzia oso nabarmenak erakusten dituena eskualde batetik bestera. Gauzak horrela, erakundeek, oro har, eta Bizkaiko Foru Aldundiak dagozkion esparruetan, arreta berezia jarri dute eskualde erdaldunetara zuzenduriko hizkuntza-politika garatzerakoan, eta emaitzak hor daude. Gaur egun, ordea, Bizkaiko gizartearen bilakaerak aldaketa nabarmenak ekarri ditu herri euskaldunenetara eta jabetu gara sortzen ari den egoera berriari erantzun egokia eman beharrean gaudela. Hau da, euskararen arnasgune diren horietan ere arreta berezia jarri beharra dagoela. Eta horretan ari gara Bizkaiko Foru Aldundian ere, dela diru-laguntzak emateko irizpideak ezartzerakoan, dela ekintza bereziak bultzatzerakoan, etorkinei zuzenduak adibidez.

Eta hain euskaldunak ez diren udalerrietan euskara indartzeko?

Hain euskaldunak ez diren udalerrietan, berriz, orain arte eginikoa nahiko positiboa izan delakoan gaude eta bide horretan urrats berriak eta eguneratuak ematen saiatuko gara, ezagutza areagotzeko jardueretan ere arreta bereziagoa jarriz, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.