LIBURUA UPV/EHUren Arabako Campusean aurkeztu da. Liburuaren aurkezpenean Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua; Ivan Igartua, UPV/EHUren Arabako Campuseko errektoreordea; Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; eta Joaquín Gorrochategui, UPV/EHUko Indoeuropar Hizkuntzalaritzako katedraduna izan dira.

Liburuak era ordenatu eta erakargarrian laburbiltzen du euskararen bilakaera mendeetan zehar

Eusko Jaurlaritzak, UPV/EHUrekin batera, euskararen bilakaera historikoa eta euskarak beste hizkuntza batzuekin izan duen harremana laburbiltzen duen “Euskararen historia” liburua aurkeztu berri du. Euskararen historia gai berezia da hizkuntzalarientzat, oraindik ere ez baitago garbi zein den bere jatorria. Aurkeztu berri den liburuan euskararen eboluzioaren fase ezberdinak aztertzen dira. Horretarako, eta egun ezagunak diren datuetan oinarrituta, hainbat adituk (filologoak, hizkuntzalariak eta historialariak) euskararen bilakaera historikoa baldintzatu duten faktore nagusiak aztertu dituzte. Era berean, berriro ikertu beharreko alderdiak ere identifikatu dira. Egile gehienak UPV/EHUkoak diren arren, badira Nafarroako Unibertsitate Publikokoak eta Université de Pau et des Pays de l’Adour-ekoak ere.

Liburuak euskararen bilakaeraren inguruko kronologia eraikitzen du eta, zenbait kasutan, hizkuntzarekin berarekin harremana ez duten mugarriak aipatzen ditu, adibidez, arabiarrak iberiar penintsulan sartzen diren urtea (711) edo euskal foruak abolitu ziren urtea (1876). Badira, noski, euskararekin harreman zuzena duten beste hainbat mugarri: Manuel Larramendiren Hiztegi hirueleduna argitaratu zen urtea (1745) edota hizkuntza estandarra bateratzeko prozesu garaikidearen abiaburua (1968).

Aurkezpen-ekitaldian azaldu den moduan, lan horren xedea euskararen historiari buruzko ikuspegi zabala eta zehatza eskaintzea da.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.