Chemsex: sexu gehiago drogei esker

Bizitzaren hainbat esparrutan “ona dena laburra bada, birritan ona” esamoldea erabili ohi da. Sexuan, aldiz, askok iraupenari garrantzi handia ematen diote (ikerketa baten arabera koitoaren batez besteko iraupena 5 minutu ingurukoa da). Txortan ematen den denbora ahalik eta luzeena izateko badira substantzia kimikoetara jotzen dutenak. Horrelako harremanei chemsex izena eman diote (chemical sex) eta horren barruan popper izeneko substantzia da gehien erabiltzen dena (alkilo nitratoa eta amilo nitratoa). Substantzia horrek hainbat orduz sexu-harremanak mantentzeko gaitasuna ematen omen du, baina noski, dena ez da urre kolorekoa eta albo-ondorio kaltegarriak ere baditu. Berriki jakin ahal izan denez, Madrilen bi pertsona hilik suertatu dira, antza denez, droga hori kontsumitu ostean. Chemsexarekin lotzen diren bestelako substantziak ditugu, adibidez: metanfetamina (kristala), estasi likidoa (GHB), mefedrona (kaktusentzako janaria), kokaina eta Viagra.

Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan hedatuagoa den fenomenoa izan arren, gure artean gero eta kasu gehiago ematen ari dira. Adituek praktika horrek izan ditzakeen kalteez ohartarazi dute, nagusiki, sexu-transmisiozko gaixotasunei dagokionez: praktika hori nagusi da pertsona homosexualen artean eta horietako asko GIBaren eramaileak dira (% 40). Izan ere, popperek, iraupenean ez ezik, inhibizioan ere eragiten dute eta, erabiltzaileek arriskuaren pertzepzioa galtzen dutenez, sarritan praktika sexual arriskutsuak burutzen dituzte inolako babesik gabe.

Horrez gain, droga horrek hainbat arazo mediku ere eragin ditzake, hala nola, arazo kardiobaskularrak, hipertentsioa, etab.

Amaitzeko, aholku bat: Sexuaz gozatu, baina drogarik gabe!

Lohizune Loroño
Mi Psicólogo Getxo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.