© UN0158133

Myanmar mendebaldean bizitako biolentziatik ihesi egin zuten Bangladeshera. Suteak euren etxebizitzetan; gosetea; talde-heriotzak; bortxaketak. Aldean zeramaten erropekin alde egin zuten. Munduko gutxiengo jarraituena dira eta gaur egun milioi bat pertsona baino gehiagok osatzen dute. Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi dira, muturreko egoeran, guztiz pilatuta, palu eta banbuekin egindako etxe ahuletan. Bangladeshen. Euren etxeetara itzultzeko beldur dira eta jada pobrezia-egoeran dagoen herrialdean, zikloi denboraldiari aurre egin beharko diote hemendik aurrera. Honek, larrialdi egoera baten barne-krisia suposatuko du.

Familia rohingyak kokatuta dauden mendi-hegaletako tokien ezaugarriak direla eta, denboraleak, ekaitz eta uholdeek izan ditzaketen kalteak suntsitzaileak izango dira abuzturarte. Ur edangarria jasotzeko dituzten puntuen erdiak arriskuan daude oraintsu, horrek suposa dezakeen gaixotasunen hedapenarekin: edateko uraren 9 milioi litro behar dituzte egunero. Komunetako edukiak gainezka egin lezake, osasun eta higiene egoera arriskuan jarriz eta kolera edo beheranzko larria eraginez bertako poblazioan, non pertsona rohingyen erdia baino gehiago umeak diren. Horrez gain, haurren traumei aurre egiteko eta hezkuntzarako aukerak murriztuko dira, euren etorkizuna airean utzirik. Etorkizun latza eta hondamendia baino ez dute begien aurrean ume rohingyek.
Honen guztiaren aurrean, UNICEF lanean ari da, lehenik eta behin, gainpopulazio egoera hobetu eta familia ronhingyak toki seguruagoetan bizi daitezen ahalbidetuz. Bestalde, osasun alorrean 1,1 milioi pertsonari bideratutako koleraren aurkako txertaketa kanpaina jarri du martxan, elgorria, errubeola, poliomelitisa edo bestelako gaixotasunak ahaztu barik. Osasun arloko langile komunitarioei formakuntza eskaintzen ere ari da, gaixotasun agerraldirik egonez gero, nola aurre egin erakusteko. Uraren arloan, kloratze-prozesuetarako prest dago UNICEF, baita ur puntuak eta komun ontziak gaixotasunen hedapena ekiditeko toki aproposenetan kokatzen ere. Nahitaezkoa da pertsona rohingyen artean osasun eta segurtasun praktika egokien mezuak helaraztea, egoerak okerrera egin ez dadin. Betiko lez larrialdi egoeretan, gizarteko talde ahulenen osasun eta segurtasun egoerak kezkatzen gaitu: jaioberriak, desgaitasuna duten haurrak, bakarrik edo familiarengandik urrun dauden umeak eta haurdun dauden emakumeak, besteak beste.

“Bala batek oina kaltetu zidan. Uste dut erratuta tiro egin zidatela. Pertsona nagusiei tiro egin nahi zieten” (Muhamad-Cox,s Bazar, Bangladesh). “Nire aita hil zuten eta ezin izan genuen lurperatu” (Mohammad, 10 urte). “Ez dut Myanmarrera itzuli nahi. Jendea hiltzen ari da” (Supayra, 7 urte). “Bakea badago, oraintxe bertan itzuli nahiko nuke Myanmarrera” (Anowar, 8 urte). “Beldur naiz ekaitza etorri eta etxe guztiak apurtuko dituen eta denok gaixo jarri” (Yasmin Tara, 10 urte). “Egunero hiruzpalau aldiz joan behar dut ur bila” (Fatima, 7 urte). Bangladeshen bizi eta zikloi alertari aurre egin behar dioten umeen testigantzak dira. Iragan latza eta etorkizun iluna duten haurren testigantzak.

Montzoi eta urakan denboraldiari modu egokian aurre egitea nahitaezkoa izango da haur rohingyen osasun eta biziraupenerako. Baina iraganean jasan duten biolentziak sortutako traumei ere aurre egin behar diete 400.000 ume errefuxiatuk Bangladeshen, etorkizunari gogotsu eusteko. Larrialdi egoera bikoitz honetarako laguntza bideratzen ez badugu, dena galduko dute.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.