#BiluztuEzazuFruta

Kanpaina batek gehiegizko ontziratzea duten produktuei argazkiak ateratzeko eta horiek sare sozialetan partekatzeko eskatzen du

Tipula baten irudiak porexpan azpil batean plastikoz inguraturik ez du kontsumitzaileen negarra eragin, zerbait eragitekotan haserrea eragin du. Tipula bakar baten irudia plastikozko bilgarri handi batekin bilduta plastikozko gehiegizko ontzi eta enbalajeak kritikatzen dituzten horien guztien sinbolo bilakatu da.

#BiluztuEzazuFruta ekimenak (#DesnudaLaFruta gaztelaniaz) frutaren eta barazkien industrian funtsezkoa ez den plastikoaren erabilerarekin amaitzea eskatzen du. Horretarako, erabilera hori salatzen du sare sozialetan fruta eta barazki horien argazkiak partekatuz. Modu horretan, abusu horrek ingurumenean duen inpaktuaren gainean kontsumitzaileak eta supermerkatuak kontzientziatu nahi dira.

Plastikoz inguratutako tipularen irudia sare sozialetan partekatu da merkatuan elikagaiak aurkezteko erabiltzen den neurrigabeko enbalaje xahutzailearen adibide bezala. Baina dozenaka adibide aurki daitezke. Supermerkatura joatea besterik ez dugu. Bizpahiru mandarina azpil batean plastikoz inguraturik eta jada pisatuta; zuritutako eta moztutako frutak ontzietan irentsiak izateko prest, edo zapore tropikalak bananduak edo aleetan behin erabiltzeko azpiletan bilduta dira supermerkatuetako apaletako protagonista berriak.

Aipatu kanpaina horren atzean jasangarritasuna eta ingurumena jorratzen dituen La Hipótesis Gaia bloga kudeatzen duen Isabel Vicente ingeniari agronomoa eta Vivir Sin Plástico web-orrialdea kudeatzen duten Fernando Gómez eta Patricia Reina aurkitzen dira. Behin kanpaina abiatuta, arrakasta handia lortu du oso denbora laburrean eta sare sozialak neurrigabekeria hori salatzen duten irudiekin bete dira #DesnudaLaFruta traolaren bidez elkartuta.

Kanpainaren fronte bikoitza
#BiluztuEzazuFruta kanpainaren xedea da, alde batetik, kontsumitzaileak kontzientziatzea horrelako ontziratzeak ekiditeko eta, bestetik, supermerkatuei ontziratu gabeko produktu freskoen salmenta sustatzeko eskatzea.

Kanpainak ez du plastikoa kritikatzen, kasu zehatz horretan egiten den neurrigabeko erabilera baizik. Izan ere, plastikoa hainbat ezaugarri eta abantaila dituen material bat da, oso erabilgarria, adibidez, medikuntzan edo ingeniaritzan, beste hainbat sektoreren artean. Iraunkorra, gogorra, moldagarria eta merkea da. Kanpainak, esan bezala, plastikoari eman nahi zaizkion erabilera ez beharrezkoak, hutsalak, kritikatzen ditu. Horiekin, bat-batean zaborra bilakatzera kondenatuta dauden erabili eta botatzeko salerosgaien kopurua biderkatzen da eta horrek etxeko zaborraren kudeaketa ere eragozten du.

Hainbat urtez, enpresek erabilera bakarreko plastikozko produktuen ekoizpen masiboa biderkatu dute inolako oztoporik gabe eta, horrekin batera, horien kontsumo neurrigabea ere sustatu da. Gaur egun, enpresek ez dute saltzen dituzten produktuen gaineko ardura hartzen eta ardura hori kontsumitzaileek bereganatzen dute. Hala ere, gero eta gutxiago dira erabili eta botatzeko plastikoen erabilera ezinbestekoa dela defendatzen dutenak eta zoritxarrez, ikusi ahal izan den bezala, birziklapenak ezin du plastikoek eragindako kutsadura geldiarazi.

Behin birziklapen-maila baxua egiaztatuta, egungo zabor-kudeaketaren eraginez sortutako kostu ekonomiko estra hori kontsumitzaileek ordaintzen dute, ez produktuaren bidez, baizik eta zabor-kudeaketaren ondorioz ordaintzen diren zergen bidez eta bestelako deskontaminazio-ekintzen bidez.

Ingurumen-inpaktua
Lehengaien erauzketagatik eta horien garraiotik sortutako arazoez gain (baliabide naturalen agortzea, berotegi-efektua duten gasen emisioak edo airearen kutsadura), plastikoek duten ingurune-inpaktu larriena biodegradagarri ez izatearen ondorioa da. Hau da, ez da plastikoa kontsumitzen edo jaten duen izakirik (mikroorganismoak eta onddoak) eta, ondorioz, ez dira elementu kimiko natural bilakatzen.

Plastikoa mikroplastikoetan banatzen da: sarritan, ozeanoetara iristen da eta bertan bizi diren animaliengan arazo fisiologikoak eragiten ditu. Izaki horietatik gugana igarotzen da.
Gaur egun, planetaren edozein txokotan barreiatutako plastikoa aurki daiteke. Historian ekoiztutako plastiko guztiaren erdia baino gehiago azken hamahiru urteetan ekoiztu da. Adituen kalkuluen arabera, urtero 12 milioi tona plastiko botatzen ditugu itsasora. Ondorioz, hainbat ekosistema suntsitzen dira, bertako fauna kaltetuz eta elika-katean eraginez.

Badira kalkulu gehiago: segundo bakoitzeko, adibidez, 160.000 pertsonak plastikozko poltsaren bat erabiltzen dute eta, joera mantentzen bada, 2050. urtean, pisua aintzat hartuta, plastikoa arrainak baino ugariagoa izango da.

Nafarroan, Katalunian eta Balear Uharteetan hartu diren zenbait neurriren salbuespenarekin, Estatuan ez da ezer egin azken hamarkadan biderkatu den erabili eta botatzeko produktuen hazkundea oztopatzeko.

Birziklapen-emaitza kaxkarrak
2016. urtean Eurostatek jasotako datuen arabera, Espainiako udalerrietan jasotako zaborraren % 29,7 ez da birziklatzen. Europar Batasuneko batezbestekoa % 45,9koa izan zen. Zaborraren erdia baino gehiago (% 57) zabortegietara bidaltzen da. Horrek, zaborraren tratamendurako beharrezkoak diren azpiegituren garapen eskasa azaltzen du (materia organikoaren konpostajea, materialen birziklapena…). Estrategia de Economía Circularrek eman dituen datuen arabera, Espainian bakarrik ontzien % 40 inguru birziklatzen da.

Adituen ustez, neurrigabekeria hori gelditzeko neurririk hartzen ez bada, ezinezkoa izango da Europak ezarritako helburuetara iristea. Kontuan izan behar dugu Europako Parlamentuak 2030. urterako hiriko zaborraren birziklapen-tasa % 65ean jarri duela (% 75 ontzien kasuan) eta zabortegietara bakarrik zaborraren % 10 bidali ahal izango dela.

Horregatik, legeak ekoizlearen ardura ere aintzat hartzea eskatzen da. Modu horretan, ontzien eta bestelako produktuen bilketa eta tratamendua berme handiagoarekin egin ahal izango da.

Nafarroak ontziak itzultzeko sistema bat ezarriko du

Ekainaren 7an, Nafarroako Parlamentuak Hondakinen Lege berria onartu du eta, horrela, erabilera bakarreko produktuekin amaitzeko erreferente bihurtu da. Lege berriaren helburuak dira hondakinak sortzea prebenitzea, kudeaketa hobetzea, eta ekonomia zirkularrean eta klima aldaketaren aurkako borrokan aurrera egitea.

Izan ere, lege berriak bi urteko epea ezarri du ontziak itzultzeko sistema baten ezarpena sustatzeko. Neurri horri esker, Nafarroan edariak deposituarekin saltzen hasteko aukera izango da eta, horrela, 300.000 ontzi (botila eta lata) baino gehiago zabortegietan amaitzea ekidituko da.

Legeak anbizio handiko helburuak ezarri ditu edari-ontzien berrerabilerarako. Horrela, 2028. urterako, taberna eta jatetxeetan kontsumitzen den garagardoaren % 80, freskagarrien % 70 eta uraren % 40 berrerabil daitezkeen ontzietan zerbitzatu beharko dira. Aldi berean, eta lehen aldiz Estatu mailan, supermerkatuetan kontsumitzen diren edarientzako ere gutxieneko bat ezarri da: 2028. urterako supermerkatuetan erosten diren edari-ontzien % 15ek berrerabilgarriak izan beharko dute.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.