Fur-bola

Errusiako Mundiala hasi da. Estreinaldiko sarrerak denbora eskasean agortu ziren. Baina perutar batek, 25 kilo lodituta, bere selekzioaren debuta ikustea lortu zuen. Miguel, 24 urteko gaztea, txartelik gabe geratu zen; eta bere azken itxaropena sarbide bereziko sarrera lortzea izan zen. FIFAk higikortasun txikia edo aniztasun funtzionala duten pertsonentzat lekua gordetzen du; gizentasun morbidoa (IMC = 35 kg/m2), esaterako. Beraz, hiru hilabetetan, gutxi gorabehera, soberako 175.000 kaloria jan zituen helburua lortzeko, hain zuzen ere partida bakarra ikusteko. Dioenez, sasoian mantendu zen egunero igeri eginez. Baina bat-bateko pisu igoera ondorio larriak dakar, gaixotasun kronikoak bitarteko, askotan itzulezinak direnak. Sindrome metabolikoa, hipertentsioa, diabetesa, gaixotasun kardiobaskularra, apneak… Ez dut uste haren ekintza gogoangarriak zekartzana benetan zekienik, baina bere osasuna zaharberritzea pentsa dezala espero dut. Furfuriak noraino eraman diezazukeen, furbolaren bitxikeriak. Egia esan, berriak jokoz kanpo utzi ninduen.

Futbolzalea bazara adi! Munduko txapelketa jarraitzeak zure osasuna kalte dezake eta kilotxo batzuk gizentzea, gehiago axola zaizula. Ondo pentsa ezazu. Lagunekin etxean edo tabernan batzen zarete. Patata minak eta garagardoa eskatu. Partida hastera doa, jokalariak zelairatzen dira. Barruan daramazun entrenatzailea azaleratzen da; gosea ere bai. Afaritako pizza edo burgerra? Eta beste garagardo bat. Arbitroari errurik ez bota. Pase eta pase bitartean oliba batzuk, eta… garagardoa, noski. Alboko sakea, zelako sarrera egin dion. Falta. Jokalariak aldaketa eskatzen du. Pipa batzuk, mesedez! Aurkako taldearen defentsa, sasoian da. Kornerra. Prest! Bota, erdiratu eta goool. Goool-goool-goool. Honek tragoa merezi du. Viva Rusia! Oihuka genezake; ez da izango guarrindongadak faltagatik. Eskerrak partida amaitu den. Nerbioak direla eta, estutasunagatik edo sabelkeriagatik, baina 2000 kaloria jan dituzu 90 minututan. Egia da iragarkiek jan eta edatera bultzatzen zaituztela –babesle ofizialak aztertu besterik ez duzu: freskagarri tipikoa, garagardo famatua eta salduen burgerrak dira–; baina borondaterik ezak, hilabetean lauzpabost kilo hartzea dute emaitzatzat.

Euskal Selekzioaren hautatzaile berria nauzue –bai, ni neu izendatuta–, bertakoak aukeratzea bere oinarria duelako. Gure hasierako hamaikakoa argi izan: barazkiak eta frutak aurrelari; ale integralak, haziak, lekaleak eta fruitu lehorrak erdilari; jogurtak defentsan; arrautzak, arrainak eta oliba-olioa hegaleko; eta ura atezain. Haragiak aulkira bidaliko ditugu, noizbehinka parte izaten utziz; eta lesionatuen zerrenda luzeegia da: alkohola, litxarreriak… betikoak. Aurrekontu ona izanda, denboraldia biribildu dezakegu ekologikoak fitxatuz. Dena den, garrantzitsua da aldaketak egitea sasoi bakoitzean: neguan energetikoagoak hautatuz eta udan urtsuagoak. Ekipamenduaren koloreak, ortzadarrarenak. Eta funtsezkoa, elikadura egunero ondo entrenatzea. “Futbola horrela da, batzuetan irabazten da, beste batzuetan galtzen da eta beste batzuetan berdindu”.

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.