©UN40090

Errefuxiatu eta migratzaileena beronekin zifra asko daramatzan krisia da. Zenbaki latzak, haur eta familia askoren egoera agerian uzten dutenak. Azken asteetan gure artean, berriz ere, komunikabideen lehen orrialdeetako albiste bilakatu den krisia da. Baina ez da pertsona errefuxiatu eta migratzaileen krisia soilik, agintari, harrera eta babes-sistemen eta gizartearen aldetiko erantzun krisia ere bada.

Estatu espainiarrarekin, Italiarekin eta Greziarekin batera, Europara sartzeko ate nagusietako bat bilakatu da azken hilabeteotan, baita arriskutsuenetariko bat ere: Afrikako iparraldea eta estatu espainiarra batzen dituen ibilbidea hilgarrienetariko bat da egun; izan ere, aurtengo urtarrila eta ekaina bitartean ia 300 pertsona hil dira kostalde horretan. Hala ere, gaur egun, estatu espainiarrean eta Europan dauden haur migratzaileen kopurua nahiko baxua da munduko egoerarekin alderatzen badugu, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: mehatxu askori aurre egin behar diote eta asko bakarrik daude, guraso eta pertsona heldu baten laguntza barik. Italian, adibidez, 2017an herrialdera heldu ziren haurren % 92 bakarrik zeuden.

Bakarrik dauden haur atzerritarren egoera, migrazio- krisiarekin zerikusia duen gai larrienetariko bat da. Estatu espainiarren euren guraso edo babesten dituzten beste pertsona heldu barik dauden umeak dira. 2015 eta 2017 urte bitartean % 62 hazi da bakarrik iristen diren haur atzerritarren kopurua estatu espainiarrean. Halere, datu zehatzak jakiterik ez dago, itsasotik heltzen direnen kopurua baino ez baita zenbatzen. Hau kontutan izanik, estatu espainiarrera bakarrik iristen diren haurren kopuruak nabarmen egin du gora.

Babes eta harrera sistemak
Zer gertatzen da estatu espainiarrera bakarrik heltzen diren haurrekin? Nola egiten zaie harrera? Zein babes juridiko daukate? Nork laguntzen die? Zein harrera eta ondorengo babes eta integrazio prozesu daukate? Nork hartzen du euren tutoretza eta zenbat denboraz? Galdera gehiegi hazten dabilen arazo bati aurre egiteko. Haurrentzako babes sistema gainezka dago eta arazo honek berehalako erantzuna eskatzen du, bai autoritate eta agintarien aldetik, baita gizartearen aldetik ere. Haurrez ari garenean denbora faktorea funtsezkoa da, egunak aurrera joan eta erantzun eta babes egokirik ez izateak etorkizunean ondorio latzak izan ditzakeelako bakarrik dauden umeengan. Horregatik, UNICEFen uste dugu baliabide, koordinazio eta eskuzabaltasun gehiago beharrezkoak direla.

Estatu espainiarrera heltzerakoan, labirinto juridiko bati aurre egin behar izaten diote; lege askok eragiten diete, askotan gehiegik: pertsona atzerritarrei dagozkienak, haurrei dagozkienak, asilo eskubideari dagozkienak… horrek guztiak eta eskumenak banatuta egoteak prozesuak asko geldiarazten ditu. Gainera, babes sistemak ez dira gai bakarrik dauden haur horietako bakoitzak dituen beharrizanei erantzuna emateko. Hori dela eta, nahitaezkoa da autonomia- erkidegoen arteko koordinazio eta kooperazio gehiago egotea, datu-sistema bateratu baten bitartez, baita baliabide gehiago bideratuz eta atentzio lanetan dauden pertsonak modu egokienean hezituz. Erantzukizunak partekatu egin behar dira autonomia erkidegoen artean, bakarrik dauden haurrak nora iritsi diren alde batera utziz eta euren iritzi eta banakako egoerak kontuan hartuta.

Prozesu juridiko guztietan haurren interes gorenak eta haurrak haur izateak duen garratzia azpimarratu behar delakoan gaude UNICEFen, pertsona atzerritzar edo migratzaileak izatearen gainetik. Eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak dioenez, estatuak behartuta daude harrera eta babes egokia ematera, beraz bete dezagun. Ahaztu gabe gizarteak bete beharreko papera, gutariko bakoitzak bakarrik dauden ume atzerritarren integrazio-prozesuetan gure esku dagoena egiteko prest egotea.

Munduan errorik ez duten 50 milioi haur daude, euren etxebizitza eta herrialdeetatik ihesi, biolentzia, pobrezia edo aukera faltak bultzatuta, bizitzeko toki seguruago baten bila alde egin dutenak. Iaz Europara 32.000 haur iritsi ziren, batez ere, Siria, Irak, Nigeria, Maroko, Bangladesh eta Gineatik. Europara iritsi diren pertsonen laurdena haurrak dira. Eta hauetariko asko bakarrik. Eman diezaiegun babes egokia. Eman diezaiegun merezi duten erantzuna. Ez dadin erantzun krisia izan.

UNICEF – Euskal Herriko Batzordea

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.