Gero eta ergelagoak gara

Mundua aurrera egin beharrean atzera doala uste duen horietako bat bazara, agian arrazoia duzu. Izan ere, badirudi gero eta adimen gutxiago dugula edo, modu gordinago batean esanda, gero eta ergelagoak garela.

Norvegiar ikertzaile talde batek azaldu duenez, gazteen batez besteko adimena zazpi puntutan gutxitzen ari da belaunaldi bakoitzeko. Beherakada hori 1975. urtean jaiotakoekin hasi zen, hots, pasa den mendeko 90eko hamarkadan heldutasunera heldu ziren horiekin. “Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS)” aldizkarian argitaratu den ikerlanaren egileek azaldu dutenez, fenomeno hori azaltzeko ez da arrazoi genetikoetara jo behar. Ostera, arrazoia gure ingurunean bilatu beharko litzateke eta, zehazki, hezkuntzan edo irakurketa-ohituretan izan diren aldaketetan. Kasu bietan izendatzaile komun bat azalduko litzateke: ordenagailuak eta pantailak.

Norvegiako Ragnar Frisch Ikerketa Ekonomikorako Zentroko taldeak 1970. eta 2009. urteen artean derrigorrezko soldadutzara joan behar izan zuten herrialde horretako gazteen adimen-kozienterako azterketen emaitzak aztertu ditu. Guztira, 730.000 proba inguru aztertu dira eta horietan lortutako emaitzak aztertzerakoan, belaunaldi bakoitzeko, batez beste, zazpi puntuko beherakada ematen zela ohartu ziren. Horrela, 1991. urtean jaiotakoek 1975ean jaiotakoek baino bost puntu inguru gutxiago lortu zituzten eta azken horiek, berriz, 1962an jaiotakoek baino hiru puntu gutxiago.

Aurreko zenbait txostenen arabera, adimen gutxiago duten pertsonek seme-alaba gehiago izateko joera dute eta, ondorioz, mesedegarri ez diren haien geneak gehiago zabaltzen dira. Hala ere, norvegiar ikertzaileen ustez, adimen-kozientean eman den beherakada honek genetikarekin baino, ingurunearekin harremana duten faktoreekin du erlazioa.
Behin betiko arrazoi bat eman gabe, ikertzaile horiek matematikak edo hizkuntza irakasteko moduetan izan diren aldaketak edo liburuak irakurri beharrean telebista edo ordenagailuaren aurrean jartzeko joera aurki daitezke adimen-kozientean izan den beherakadaren atzean.

Flynn efektua

Beherako joera hori Flynn efektuaren bihurtze bat izango litzateke. Efektu horrek XX. mendean munduko hainbat tokitan adimen-kozientean izan den hobekuntza azaltzen du. 1932. eta 1978. urteen artean James R. Flynnek hainbat herrialdetako nerabeen adimen-kozientea aztertu zuen eta, hainbat kasutan, oso hazkunde azkarrak eman zirela nabarmendu zuen: batez beste, hiru puntu baino gehiago hamarkada bakoitzeko. Flynnen ustez, hobekuntza hori, beste zenbait aldagaien artean, elikaduran, osasunean eta hezkuntzan izandako garapenaren ondorioa izango litzateke.

Zoritxarrez, emaitza berriek Flynnen efektuan inflexio-puntu bat suposatuko lukete 1975. urtetik hona jaiotakoen artean. Ikerketa berriek agerian uzten dutenez, adimen-kozientean izandako hazkundea desagertzear da. Ez da giza-adimenaren beherakadaz zientzialariek ematen duten lehen oharra. Adibidez, Britainia Handian egin ziren beste bi lanen arabera, adimen-kozientea, batez beste, 2,5 eta 4,3 puntu bitartean murriztu da azken hamarkadetan. Norvegiako ikerketak Danimarkan, Frantzian, Herbehereetan, Finlandian edo Estonian jasotako datuak berresten ditu.

Flynnek azaltzen zuenez, “badirudi britainiar nerabeen artean badela nolabaiteko trakestasuna. Egia da nerabetasunera heldu aurretik haurren ingurune kognitiboa indartu dugula, baina nerabeen inguru kognitiboa ez da aberastu”.

Norvegiar ikerlanak azaltzen duen ondorio kezkagarrienetako bat, agian, honako hau da: adimen-kozientean eman den beherakada ingurune-aldagaien ondorioa da eta ez genetikoa. Funtsean, esaldi horrek honako baieztapena izkutatzen du: gero eta ergelagoak bagara gure hautu baten ondorioa da.

Hezkuntza eta aldaketak elikaduran

Norvegiako txostenak agerian uzten duenez, adimen-kozientean ematen diren beherakadak familia berberaren barruan ematen dira, anaien eta seme-alaben artean eta, ondorioz, beherakada ezin zaie aldakorrak diren aldagai demografikoei egotzi. Aldagairen batzuk izatekotan, horiek ingurunearekin erlazionatutakoak izango lirateke eta bizitza-estiloan izan diren aldaketetan izango lukete jatorria.

Hainbat urtez, pertsona baten adimenean eragin handiena duen faktorea faktore genetikoa dela azaldu dute hainbat teoriek. Horrela, adimen-koziente altua duten gurasoen seme-alabek ere koziente handia izango dutela uste izan da. Ragnar Frisch Centrek egin duen txostenaren arabera hori ez da guztiz zuzena eta anai-arreben adimen-kozienteen arteko alde nabarmenak aurkitu dituzte.
Ingurumen-faktoreen artean adibidez, gazteak hezitzeko moduak, Internetera konektatuta egoteko denboraren hazkundea, elikaduran izan diren aldaketak eta irakurketa, orokorrean, aipatzen dira.
“Historian zehar izan den adimen-kozientearen hazkundea eta oraingo beherakada ingurumen-faktoreen ondorioa da, familia beraren barruan alde berberak ikusi ditugulako” azaldu du Ragnar Frisch Ikerketa Ekonomikorako Zentroko ikertzaile Ole Rogebergek CNN telebista-katean. “Adimen txikiagoa duten pertsonek adimen handiagoa dutenek baino seme-alaba gehiago izateak ez du zer ikusirik. Hainbat faktore hartu beharko lirateke kontuan, adibidez, hezkuntza-sisteman izan diren aldaketak, elikadura, gero eta gutxiago irakurtzea eta gero eta denbora gehiago online egotea, bizitza-estilo berriak, sare sozialak eta bideo-jokoak. Azken finean, ingurumen-faktoreez ari gara.

Azterketa ez dago adimen modernora egokituta

Txostena prestatu duten zientzialariek itxaropenerako ate bat utzi dute zabalik. Izan ere, egileek azaldu dutenez “seguruenik gazteak ez dira euren gurasoak baino ergelagoak. Kontua da adimenaren definizioa ere aldatu dela aro digital berrian”.

Horrela, adimen-kozientean izan den beherakada azaltzeko, adimena neurtzeko erabili ohi diren azterketak zaharkituta ez ote dauden galdetzen du batek baino gehiagok. Azterketa horiek egungo sistemetan nagusi ez diren arrazoiketa-metodoetan eta egungo bizitza-estiloetan aurkitzen ez diren alderdietan oinarritzen dira.

Londreseko Kings Collegeko psikologia irakasle Robin Morrisek azaltzen duenez, asko dira adimenaren garapenean eragiten duten faktoreak eta egun bizi dugun mundu teknologikoan adimen-kozientea neurtzeko metodo berriak behar dira. Morrisen ustez, urteak aurrera egin ahala, adimena adierazteko moduak ere aldatzen dira.

Modu horretan, aro digitalean adimena deitzen duguna agian ez da aurreko urteetan adimen bezala ulertzen genuena. Horregatik, adimen-eredu berri hori ezin da behar bezala neurtu ohiko azterketekin.