Finalerdietara iritsi diren lau taldeetatik hirutan jokalarien % 47 baino gehiago immigranteen semeak dira

Europar Batasuneko hiritarrak eta herrialdeak gehien banatzen dituen eztabaidetako bat immigranteen eta asilo-eskatzaileen etorrera nola kudeatu behar denaren ingurukoa da. Migrazioaren gaia funtsezkoa izan zen Brexiteko emaitzan, Marine Le Peni Frantziako Errepublikako presidentetza lehiatzeko aukera eman zion, Bost Izar Mugimenduak eta Matteo Salviniren La Liga osatzen duten gobernua mantentzen duen kola da eta hainbat buruhauste eragin dizkio Alemaniako kantziler Angela Merkeli.

Merkelek berak berriki azaldu duenez, “migrazioak Europar Batasunaren etorkizuna baldintza lezake”. Eta Batasunean gero eta indar handiagoa duen atzera-egite nazionalistaren aurrean, kantzilerrak multilateralismoa babestu du honakoa argudiatuz: “Afrikan eta bestelako tokietan gure baloreetan oinarrituta jokatzen dugula ikusi behar dute eta unilateralismoaren aurrean multilateralismoan sinesten dugula ikusi behar dute. Bestela, inork ez du hain indartsu egin gaituen balore-sisteman sinetsiko”.

Kuriosoki, kontinentean mugimendu populista, nazionalista eta xenofoboek indarra hartzen ari diren une honetan, Munduko Futbol Txapelketak agerian utzi du Europak immigrazioari zenbat zor dion. Eta Frantziak lortutako garaipena horren adibide garbia dugu. Frantziar taldean aritu diren 23 jokalarietatik 16k, gutxienez, Frantziatik kanpo jaiotako gurasoren bat dute.

Frantzia ez ezik, finalerdietara iritsi diren Ingalaterrako eta Belgikako selekzioak ere migrazio-fenomenoaz baliatu dira eta euren jokalarien artean beste herrialde edo kontinentetan jatorria duten jokalariekin jokatu dute. Belgikaren kasuan, hamaika izan dira horrelako jokalariak eta Ingalaterraren kasuan, berriz, sei jokalari immigranteen semeak dira eta beste lauk jatorri afro-karibearra dute.

Munduko Txapelketa duela hainbat mende munduan bizi den errealitatearen ispilua da, baina, azken hamarkadan, garrantzia berezia hartu du. Gerrek, krisiak, jazarpenek, hondamendi naturalek edo aukera berrien bilaketak gizakiak mugitzera behartzen ditu, hots, euren jaioterria utzi eta nazionalitate berri bat eskuratzera.

Berria ez den fenomenoa
Azken urteetan selekzioetan atzerriko jatorria duten jokalariak ikustea gero eta arruntagoa bada, aurtengo Txapelketaren ezaugarri nagusietako bat kulturaniztasuna izan da, bereziki, nagusi izan diren europar taldeen artean.

Urruti geratzen da Ingalaterran ospatu zen 1966ko Txapelketa. Bertan, Mozambiken jaiotako Eusebiok bederatzi gol sartu zituen Portugalerako eta Urrezko Bota irabazi zuen. Eusebio izan zen Afrikak eman zuen puntako lehen aurrelaria.

Denboran hain urruti joan gabe, Frantziak berak 1998an antolatu zuen Txapelketa irabaztea lortu zuen. Talde horretan, besteak beste, Algerian jatorria duen Zinedine Zidanek, Ghanako Marcel Desaillyk edo senegaldar jatorria duen Patrick Vieriak jokatu zuten. Garaipen hura herrialde batean eman daitekeen gizarteratze eredutzat jo zen; kulturen arteko bizikidetzaren emaitza naturala nazio komun baten pean. Talde horretan, 23 jokalarietatik 17k atzerrian zuten jatorria. Hala ere, Marinen aita den Jean Marie Le Pen ultraeskuindarrak ez zen hobea izan eta jatorri arabiarra edo afrikarra zuten jokalari horiek Frantziak eskaintzen zizkien onurez aprobetxatzen ari zirela adierazi zuen.

Beste kasu bitxi bat. 2014. urtean Brasilen ospatu zen Munduko Futbol Txapelketan Alemania izan zen garaile. Talde horretan ere, atzerrian jatorria zuten hainbat jokalarik jokatzen zuten. Garaipen hori hainbat urtez eskoletan eta oinarrizko taldeetan egindako lanaren gailurra izan zen. Lan horri esker, jatorri arabiarra, asiarra edo afrikarra zuten jokalariak trebatu ziren. Alemaniarentzat laugarren izarra irabazi zuen talde horretan, adibidez, turkiar jatorria duen Mesut Ozil, Sami Khedira tunisiarra, ghanatar aita eta ama alemaniarra duen Jerome Boateng, edo Lukas Podolski eta Miroslav Klose poloniarrak ziren. Deigarria, adibidez, Boateng anaien kasua: Jeromek Alemaniarentzat jokatzen duen bitartean, bere anaia Kevin-Prince Boatengek Ghanarentzat jokatzen du.

Kulturaniztasunaren arrakasta
Badirudi kulturaniztasuna arrakastatsua dela jokalekuan. The Times of India egunkariak argitaratu duen erreportaje baten arabera, aurtengo Munduko Txapelketan europar taldeak ordezkatzen izan diren izan diren 230 jokalarietatik 83 immigranteak dira. Esan bezala, finalerdietara iritsi diren lau taldeetako jokalarien % 47 immigranteak dira.

Txapeldun atera den Frantzia dugu aniztasun etniko horren adibiderik garbiena. Taldean izan diren zenbait jokalari kolonia horietan jaio ziren eta beste batzuk, berriz, etorkinen ondorengoak dira. Horrela, Frantziako selekzioan izan diren jokalarien % 78,3 “atzerritarrak” lirateke eta immigranteak, berriz, % 6,8.

Belgikaren kasuan, jokalarien % 47,8 immigrante izango lirateke. Biztanleria osoaren kasuan % 12,1 besterik ez da Belgikako mugetatik kanpo jaio. Herrialde horretan, immigrazioaren gaiak eztabaida sozial handia piztu du, bereziki, Molembeekeko atentatuak eta bertan izan diren hainbat zelula jihadista direla eta. Belgikako hiri nagusietako periferietan paisaia demografikoa mestizoa, Saharaz hegoaldekoa edo rifekoa da. Futbolean, antzeko zerbait gertatzen da.

Ingalaterraren kasuan, berriz, taldeko jokalarien % 47,8 immigrantetzat jo daiteke eta % 9,2 atzerritartzat. Ingalaterrako entrenatzaile Gareth Southgatek azaldu duenez, taldeak Ingalaterrako nortasun berria islatzen du.

Taldearen barruan atzerrian jatorria duten jokalari asko dituzten taldeak dauden bezala, badira propiotzat jo daitezkeen jokalariekin soilik jokatzen dutenak ere: Errusia, Brasil, Serbia, Hego Korea, Iran edo Saudi Arabia, besteak beste.

Eta Kroazia?
Finalera iritsi den Kroaziaren kasuan ere, taldean Kroaziako mugetatik kanpo jaio diren hainbat jokalari aurkituko ditugu. Kroazia Jugoslaviatik banandu zen 1991. urtean gerra baten ostean. Ondorioz, egun taldean jokatzen duten hainbat jokalari atzerrian jaio ziren. Adibidez, Dejan Lovren eta Vedran Corluka gaur egun Bosnia-Herzegovina den lurraldean jaio ziren. Bertakoa da Zlatko Dalic entranatzailea ere.

Kroazian aritu diren jokalari ‘atzerritarrak’ honako bi hauek ditugu: Suitzan jaio zen Ivan Rakitic eta Austrian jaio zen Mateo Kovacic. Danijel Subasic atezaina, berriz, Kroazian bertan jaio zen, baina bere gurasoak serbiar immigranteak dira. Beste 18 jokalariak kroaziarrak dira, euren gurasoak bezala.

Alderantzizko immigrazioa
Ikusi dugun moduan, Europako hainbat jokalari beste lurraldeetako jokalariekin hornitu dira. Baina kontrakoa ere ematen da, hots, Europan jaiotako jokalariak beste selekzioetan jokatzea.
Benditofútbol atariaren arabera, Frantzia izan da azken Txapelketan jokalari gehien eman dituen herrialdea. Frantziarekin jokatu duten jokalariak aintzat hartu gabe, 29 frantziar izango lirateke bestelako taldeetan jokatzen. Horietatik, 17k Tunisia eta Senegalen jokatu dute.

Herbehereetako 7 jokalarik beste talderen batean jokatu dute. Brasilgoak bost izan dira eta Espainiak eta Bosniak launa jokalari ‘utzi’ dituzte. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, Marokoko selekzioan aritu diren jokalarien hiru laurdenek beste herrialderen batean dute jatorria.

Xenofobiaren kontraesanak
Xenofobiak bere alderdirik kontraesankorrena azaldu digu amaitu berri den Munduko Futbol Txapelketan, baina baita beste hainbat kiroletan ere. Horrela, immigranteak Europara etortzea nahi ez duten askok bere herrialdearen izenean lortutako kirol-garaipenak ospatzen dituzte.

Manchester United taldean jokatzen duen Romalu Lukakuk azaltzen duen bezala, “gauzak ondo doazenean Belgikako selekzioaren aurrelaria naiz, baina gauzak ondo ateratzen ez direnean, kongoar jatorria duen jokalaria naiz”.

Antzeko zerbait jazo zaio turkiar eta libanoar jatorria duen Jimmy Durmaz suediar jokalariari. Jokalari horrek irainak eta herio-mehatxuak jaso zituen Alemaniari garaipena lortzea ahalbidetu zion falta egin ondoren. Seguruenik, falta hori egin beharrean, Durmazek gol bat sartu izan balu, mehatxu horiek laudorio bilakatuko ziren.

Futboletik kanpo, pasa den hilabetean Tarragonan ospatu diren Mediterraneoko Jokoetan, 4×400 erreleboetako emakumezkoen Italiako taldeak urrezko domina irabazi zuen eta, bide batez, italiar gobernuaren izaera xenofoboa utzi zuen agerian. Taldea osatzen zuten lau emakumeak beltzak dira: Raphaela Lukudo, Maria Benedicta Chigbolu, Libania Grenot eta Ayomide Folorunso. Lukudo Casertan (Campania) jaio zen eta sudandar jatorria du; Chigbolu erromatarra da (ama italiarra eta aita nigeriarra); Grenot Kuban jaio zen eta hiritartasuna lortu zuen bertako batekin ezkondu ostean; eta Folorunso Nigerian jaio zen, baina zazpi urterekin Italiara joan zen.

Goialdean ikusten den argazkia Chigboluk berak bere Instagram kontura igotakoa da. Oso denbora laburrean birala bilakatu zen eta erabiltzaile askok argazkia erabili zuten Italiaren izaera kulturanitza aldarrikatzeko. Gainera, euren kritika azpimarratzeko, gaur egun Italiako barne-ministro den Matteo Salviniren Liga alderdi xenofoboak hauteskundeetan erabilitako lelo bera erabili zuten: “Italiarrak lehenengo”. Sare sozialetan #PrimeLeItaliane traola (italiarrak lehengo) birala egin zen.

Salvinik diskurtso xenofobo bat defendatzen du eta, hala ere, azken hauteskundeetan bigarren geratzea lortu du. Hala ere, inolako lotsarik gabe lau emakume horien garaipena berea egin zuen eta mezu hau argitaratu zuen Twittereko bere kontuan: “Arazoa milaka inolako gerratik ihesi egiten ez duten eta gerra gurera ekartzen duten immigrante ilegalen presentzia da. Euren azalaren kolorea edozein izanda ere, gure herrialdearen garapenean laguntzen duten horiek ez dira arazoa”.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.