Atzerrira joaten bazara eraman zure bankua sakelako telefonoan

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen heren bat inguru atzerrira joan da noizbait egonaldi bat egitera.

Unibertsitate-mailako ikasketak atzerrian burutzea edo atzerrira lan egitera joatea erabaki garrantzitsua da edozein gazterentzat. Izan ere, horrelako erabaki batek aldaketa sakonak ekar ditzake norberaren bizitzan. Lehenik eta behin, etxetik kanpo izango zara, zure familiatik eta lagunetik urrun. Gainera, seguruenik, kultura eta ohitura desberdinak dituzten pertsonetara ohitu beharko duzu.

Atzerrira bidaiatzen denean asko dira kontuan hartu behar diren aldagaiak: etxebizitza, non ikasi, non lan egin… Bada, oso garrantzitsua izan arren, hain ezaguna ez den beste aldagai bat: nola kudeatu zure dirua. Atzerrian garen bitartean izan daitezkeen diru-sarrerak eta gastuak kudeatzeko alternatiba bat izan beharko dugu. Printzipioz, Europar Batasuneko herrialde batera bidaiatzen baduzu, hango banketxe batean oinarrizko kontu korronte bat zabaltzeko aukera izango duzu. Oinarrizko kontu korronteek gordailuak egiteko, dirua ateratzeko eta ordainketak jasotzeko eta egiteko aukera ematen dute. Hala ere, teknologia berrien garapenarekin lehen ezinbestekoa zena jada ez da beharrezkoa: zure banketxea telefonoan izan ahal duzu eta!

Diruaren digitalizazioa

Adituek iragarri dutenez, hemendik urte gutxira diru fisikoa desagertuko da. Gaur egun, Europako hegoaldeko herrialdeetan salerosketen % 80 inguru oraindik eskudirutan ordaintzen bada ere, joera garbia da: dirua digitalizatu egingo da. Horren adibide garbia Suedia dugu non salerosketen % 5 inguru besterik ez da eskudirutan ordaintzen.

Atzerrira joaten garenean gure dirua kudeatzeko modurik erosoena kreditu txartela dugu. Txartelak (hobe kreditu-txartela zordunketa-txartela baino) zure diru guztia kudeatzeko aukera emango dizu eta, modu horretan, ez duzu zertan kopurua handiak gainean eraman behar izango. Legearen arabera, gainera, kapitalen zuriketa dela eta, edozein kopuru handi susmagarri suerta daiteke. Printzipioz, onartzen den gehienezko kopurua 10.000 eurokoa da.

Europar Batasuneko herrialde gehienetan euroa erabiltzen bada ere, beste hainbat herrialdetan (Erresuma Batua, Danimarka, Suedia, Suitza…)bertako moneta erabili beharko duzu nagusiki eta horrek trukea egitera behartuko zaitu. Trukea egiteko gomendagarria da zure banketxean bertan egitea eta, ahal izanez gero, saihestu helmuga den herrialdeko aireportuetan izaten diren truke-bulegoak.

Bestalde, kontuan hartu beharko duzu kutxazainetan dirua ateratzen duzun bakoitzean, seguruenik, komisio bat ordaindu beharko duzula eta, ondorioz, zenbat eta gehiago errepikatu eragiketa hori, orduan eta garestiagoa aterako zaizula bidaia.

Telefonoa zure diru-zorroa izango da

Teknologiaren garapenari esker, txartelaren alternatiba sakelako telefonoa dugu. Gero eta gehiago dira zure kreditu txartelaren kopia telefonoan eramateko aukera ematen duten aplikazioak. Telefonoarekin ordaindu ahal izateko NFC (Near Field Communication) konektagarritasuna duen telefono bat behar dugu (2014. urtez geroztik ekoiztutako ia telefono gehienek teknologia hori dute). Horri esker, ordainketa egin ahal izango dugu gure telefonoa salmenta-puntuko terminalera gerturatuz. Kreditu txartelarekin egingo genukeen antzeko eragiketa izango litzateke, baina, kasu honetan, telefonoarekin.

Aipatu konektagarritasuna ez ezik, transakzioa kudeatuko duen aplikazio bat ere deskargatuta izan beharko duzu zure telefonoan. Normalean, aplikazio hori zure banketxearen aplikazio bat izango da.

Jende askorentzat arraro egiten zaio telefonoarekin ordaintzeko aukera izatea eta telefonoa galduz gero, dirua lapurtu ahal izango diotela uste du. Printzipioz, telefono bidezko ordainketa-sistema beste edozein ordainketa-sistema bezain segurua da. Lehenik eta behin, ordainketak egin ahal izateko telefonoa desblokeatu behar delako eta 20 euroko muga gainditzen duten salerosketetan, gainera, kreditu txartelarekin gertatzen ohi den bezala, PIN zenbakia jartzea ezinbestekoa delako.

Atzerrira joaten garenean komenigarria da kreditu-txartela eramatea eta telefonoaren bidez ordaintzeko aukera prest izatea. Modu horretan, adibidez, txartela galdu edo ahaztuko bagenu, alternatiba bat izango genuke.

Mikel Arriaran. Laboral Kutxa


Atzerrira bidaiatzen dugunean zein izango litzateke gure dirua kudeatzeko modurik egokiena?

Gure ustez modurik egokiena txartela eta sakelako telefonoetako aplikazioa erabiltzea da. Funtsean biak gauza bera lirateke, baina modu horretan zure dirua kudeatzeko aukera bikoiztuta duzu. Sakelakoa, pantaila eta teklatudun txartela dela esan daiteke. Bankuarekin berehalako kontaktua ahalbidetzen duena. Funts gabe geldituz gero muga erabilgarria handitu edo ordainketak geroratzeko aukera ematen duena. Eta txartela galduz gero blokeatzea posible egiten duena. Hala ere, eskudiru kopuru txiki bat eramatea ere ez legoke gaizki.

Txartelaren kasuan ba al da alderik kreditu-txartelaren eta zordunketa-txartelaren artean?

Kreditu-txartelek zordunketa-txartelek baino askoz zerbitzu gehiago eskaini ohi dituzte eta, zentzu horretan, hobe kreditu-txartela eramaten bada. Adibidez, kreditu-txartelekin bidaia-asegurua edo erosketak atzeratzeko aukera duzu. Bestalde, kotxeak edo hotelak erreserbatzeko kreditu-txartela exijitu ohi da berme gisa.

Telefono bidezko ordainketa-sistema dela eta, badirudi, oraindik ere, nahiko jende mesfidati azaltzen dela. Modu segurua al da?

Bai noski! Metodo guztiz segurua da edo, behintzat, beste edozein modu bezain segurua. Kontuan izan behar da telefonoarekin ordaindu ahal izateko, lehenik eta behin gailua desblokeatu behar dela. Zentzu horretan, nahiz eta telefonoa galdu, nekez egin ahal izango da ordainketaren bat. Bestalde, 20 eurotik gorako ordainketetarako PINa sartu behar da.