AURKEZPENA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAN. Egitasmoaren aurkezpen ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibaliz Alkorta, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabal, ekimenaren sortzaile Felipe Uriarte, Orona Fundazioaren Garapen zuzendari Iñigo Marquet eta Maddi Oyhagaray eta Enaitz Ibarguren espediziokideak izan dira.

Felipe Uriarte mendigoizalearen egitasmoak munduko mendikaterik altuenera eramango du euskara

Urrian, Euskal Herriko 15 gaztek hilabeteko trekking-a egingo dute Everest inguruan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak sustatu duten proiektuaren izena ‘Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai’ da eta, izenak berak dioen bezala, euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartzea du helburu.

Proiektuaren sortzailea eta Himalaian mendi gidari lanak burutuko duena Felipe Uriarte da.

Euskal Herriko hamabost gazterekin batera Nepalgo hamar sherpak ere parte hartuko dute egitasmoan. Euskal gazteen eta sherpen arteko zubiak eraikitzeko, gainera, egitasmoaren barruan euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortzea aurreikusita dago.

Bestalde, bertan grabatuko diren irudiekin ETBk bi saio prestatuko ekimen horren berri emateko.

Himalaiara egingo den espedizioaz gain, egitasmoa irailaren 16an Oñatiko San Miguel parrokian ospatu den kontzertu batekin osatu da. Kontzertuak helburu bikoitza izan du. Alde batetik, espedizioan parte hartuko duten gazteei agur esatea eta, bestalde, egitasmoa aurrera eramaten lagundu duten erakunde zein pertsona guztiei eskerrak ematea. Izan ere, aipatu hiru erakundeez gain, egitasmoak EAEko beste bi foru aldundien, Nafarroako Gobernuaren, Iparraldeko Elkargoaren eta Euroeskualdearen babesa ere jaso du.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.