‘Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai’

Urrian, Euskal Herriko 15 gaztek hilabeteko trekking-a egingo dute Everest inguruan. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Oñatiko Udalak sustatu duten proiektuaren izena ‘Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere bai’ da eta, izenak berak dioen bezala, euskararen erabilera eta mendizaletasuna uztartzea du helburu.

Proiektuaren sortzailea eta Himalaian mendi gidari lanak burutuko duena Felipe Uriarte da.

Euskal Herriko hamabost gazterekin batera Nepalgo hamar sherpak ere parte hartuko dute egitasmoan. Euskal gazteen eta sherpen arteko zubiak eraikitzeko, gainera, egitasmoaren barruan euskara-xerpa-ingelesa hiztegia sortzea aurreikusita dago.

Bestalde, bertan grabatuko diren irudiekin ETBk bi saio prestatuko ekimen horren berri emateko.

Himalaiara egingo den espedizioaz gain, egitasmoa irailaren 16an Oñatiko San Miguel parrokian ospatu den kontzertu batekin osatu da. Kontzertuak helburu bikoitza izan du. Alde batetik, espedizioan parte hartuko duten gazteei agur esatea eta, bestalde, egitasmoa aurrera eramaten lagundu duten erakunde zein pertsona guztiei eskerrak ematea. Izan ere, aipatu hiru erakundeez gain, egitasmoak EAEko beste bi foru aldundien, Nafarroako Gobernuaren, Iparraldeko Elkargoaren eta Euroeskualdearen babesa ere jaso du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.