Borja Martínez: “Ez da animalientzako lege zuzenik izango gizarteak horrelakorik eskatzen ez duen bitartean”

Euskadin animalien babeserako indarrean den legea 1993. urtekoa da. Zein da lege horren inguruan duzuen iritzia?

6/1993 legeak, izena kontrakoa adierazten duen arren, ez ditu animaliak babesten. Lege horrek gizakiok egiten dugun animalien ustiapena arautzen du. Animalistak taldean inkongruentzia izugarria iruditzen zaigu animalien babesaren inguruko lege batez hitz egitea helburua animalien ustiapena denean. Gainera, lege horrek bakarrik txakurrak edo katuak bezalako animaliak hartzen ditu aintzat eta ia beste animalia guztiez ahazten da. Aipatu legeak, adibidez, maskotak babesten ditu, baina tauromakia bezalako espektakuluetan erabiltzen diren animaliez ahazten da. Guretzat zentzugabekeria da: edo animalia guztiak defendatzen dira edo bat ez. Horrelako bereizketek garbi uzten dute legeak ez duela animalien ongizatea aintzat hartzen; ostera, garrantzitsuena, animaliak gizakiontzat duten erabilgarritasunaren arabera sailkatzen dira. Legea beraz, ez dago, izaki indibidualak diren heinean, animaliak babesteko pentsatuta; gizakion jabegoa babesteko pentsatuta dago.

Orain lege horren erreforma egin nahi dela iragarri da. Zein nolako aldaketak planteatu dira?

Duela gutxi, eta animaliak protagonista izan dituzten zenbait gertakari direla eta, Eusko Jaurlaritzak aipatu legea aldatzea proposatu du, printzipioz, animaliek duten babes-maila igotzeko. Adibidez, arau berriak tamaina handiko animalien erabilera debekatu nahi du zirku-ikuskizunetan. Dena den, orain arte ezagutu dugun proposamen bakarra Alderdi Popularrak egin duena da eta, gure ustez, atzera pauso bat suposatuko luke. Azaldu dudan moduan, 6/1993 legearen abiapuntua ez da zuzena eta egin nahi diren aldaketek ez dirudi hori aldatuko dutenik.

Gizakiok animaliak sailkatzen ditugu horien erabilgarritasunaren baitan. Animalistak taldean horrelako bereizketarik egiten al duzue?

Animalia guztiak animaliak dira. Gizakiok animaliak bereizten ditugu guretzat duten erabilgarritasunaren edo ekartzen dizkiguten onuren baitan. Gure ustez, gizakiok egiten duguna zentzugabekeria da. Animaliak hazten ditugu, hainbat kasutan hautespen genetikoaren bidez horiek aldatuz ere, euren gorpuekin elikatzeko. Guretzat etika kontu bat da. Edozein animaliaren interesak hain modu arbitrarioan urratzen direnean injustizia baten aurrean gaude eta, hori ez da etikoa. Edonork uler dezake animalia bat giltzaperatzeak ondoren eraila izateko animalia horren interesen kontra egiten duela eta, ondorioz, injustizia bat da. Hori objektiboa da; ez da iritzia emateko gai bat. Mila modutan justifikatu ahal dugu, baina faktua horrelakoa da.

Nature aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, 2050. urterako gizakion biztanleria 10.000 milioitara irits daiteke eta, ondorioz, pertsona horiek guztiak elikatzeko arazoak egon daitezke. Horrelako egoera batean haragiaren kontsumoa bertan behera uztearen beharra aldarrikatzea gizartean ulergaitz suerta daiteke…

Haragia jatea ez da askatasunean hartu dugun erabaki bat; txikitatik sartu diguten ohitura edo tradizio bat da eta modu akritikoan onartzen dugu. Betidanik hori ikusi dugu eta besterik gabe onartzen dugu. Egokiena izango litzateke gizakiok ditugun kontsumo-ohituren inguruan eta horiek animaliengan dituzten eraginen inguruan hausnarketa sakona egitea eta horren araberako erabakia hartzea. Garbi dago hori ez dela egun batetik bestera lortzen , baina guk jendeari horrelako informazioa helarazteko eta horren inguruan hausnar dezaten lan egiten dugu.

Munduko biztanleria elikatzeko diren arazoak, preseski, haragiaren kontsumoan oinarritutako elikaduraren ondorioa dira. Nazio Batuen 2010. urteko txosten baten arabera, abeltzaintzako industriaren inpaktua murriztu behar da, animalia-jatorria duten produktuetatik aldenduz eta mundu-mailako elikaduran aldaketa sakona eginez. Haragi, arrain, esneki eta arrautzen ekoizpenak baliabide ugari eskatzen ditu. Litro bat esne ekoizteko, adibidez, mila litro ur behar dira; kilo bat haragi lortzeko, berriz, 5 eta 16 kilo labore bitartean. Eta labore horrekin guztiarekin milioika pertsona elika daitezke; guk berriz, animaliak loditzeko erabiltzen dugu.

Oilo bat hazteko, elikatzeko, berotzeko, garraiatzeko eta hiltzeko erabiltzen den energiaren % 14 soilik berreskuratzen da hori jan ondoren. Lur eremu zehatz batean, adibidez, barazkiak landatuko balira, haragiaren ekoizpenera bideratu balitz baino proteina gehiago lor daitezke. Beraz, animalia-produktuen ekoizpenak duen kostu altua munduan den gose eta pobreziaren arrazoi nagusietako bat da.

Zein nolako ekintzak burutzen dituzue zuen mezua gizarteari helarazteko?

Nagusiki, kontzientziazio eta zabalkunde kanpainak burutzen ditugu. Aurtengo udaberrian, adibidez, txerrikume bat protagonista zuen “Sufritzen dute. Zuk ekidin dezakezu” leloa zuen kanpaina egin genuen. Kanpainaren xedea izan zen gure kontsumo ohiturek animalien bizitzan eragin zuzena dutela salatzea, kasu horretan, txerrien bizitzan.

Bilbon arrakasta handia izan zuen beste kanpaina bat egin genuen: “Kuboaren erronka”. Karpa baten barruan hiltegietan animaliak nola hiltzen dituzten azaltzen zuen monitore bat jarri genuen. Jendeari bideo osoa ikusteagatik hiru euro eskaintzen genien eta oso gutxi izan ziren bideo osoa ikusi ahal izan zutenak. Gainera, bideoa osorik ikusi zuten askok ez zuten dirua hartu eta gure lanarekin jarraitzera animatu gintuzten. Bideoa gure Youtube kanalean ikus daiteke.

NOR / Aitor Garmendia
Hiltegien kontua hedabideetan protagonista izan dugu azken asteetan, adibidez, Baionan epaitzen ari diren Zuberoako hiltegiaren kasua dela-eta edo Nor taldeak Euskadiko eta Nafarroako hiltegietan grabatu dituen irudiak direla-eta…

Jendea zur eta lur geratuko litzateke hiltegietan gertatzen dena ikusiko balu. Printzipioz, bada hiltegietan animalien hilketa arautzen duen lege bat, baina aipatu dituzun kasuetan, eta beste hainbatetan, lege hori ez da errespetatzen. Guretzat, gainera, 6/1993 legean bezala, lege horren funtsa okerra da. Legean adierazten denez, hilketa egiteko metodoak arautzen dira beharrezkoa ez den animalien sufrimendua ekiditeko. Baina gure buruari egiten diogun galdera honakoa da: zein sufrimendu da beharrezkoa? Horrek guztiak argi uzten du gizarteak hala eskatzen ez duen bitartean ez dela animalientzako lege zuzenik izango.

Nolakoak izan beharko lukete animalientzako lege zuzenak?

Guretzat, hasierako planteamenduak abolizionista izan behar du, ez arautzailea. Arautzen duen lege bat, kasu horretan, animalien ustiapena onartzen duela suposatuko luke eta, gainera, gizartean ideia faltsu bat zabaltzen du, hots, animalien interesengatik arduratzen den legea dela. Horrelako lege batek, berriz, bakarrik animalien ustiapena eta hilketa arautuko luke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.