Gazteok etxebizitzarekin dugun harremana eraldatzeko garaia da

Diru-iturrien % 30 bideratu behar da etxebizitza gastuetara gehienez. Eta kopuru hori % 40ra iristean gain-esfortzu ekonomikoa kontsideratzen da. Ez da guk Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) atera dugun ondorioa. Ez da gure lantaldeak egindako proposamen bat. Ezta gazte-elkarte askok aldarrikatzen duten zifra. Aditu askok zehaztutako ehunekoa da.

Hori horrela bada, zergatik dago errealitatea gomendio horretatik hain urruti? Kurtso berriarekin batera hainbat hedabidetan albisteak eta erreportajeak publikatu dira gazteok emantzipatzeko ditugun arazoak mahai gainean jarriz. Hau da, gizartean barneratua dagoen errealitate bat da. Baina hala ere egoerak bere horretan dirau.

Eusko Jaurlaritzak kaleratutako azken datuek marraztutako egoera azaldu nahiko nuke laburki: EAEn, batez beste, alokairu librearen prezioa 1.129€koa da, 2017an baino 209€ gehiago. Nola egiten diogu horri aurre gazteok? Emakume gazteen kasuan diru-iturrien % 73 bideratuta –gizonezkoek % 60–. Aipatutako eta gomendatutako % 30 362 eurotan legoke. Bada diferentzia. Eta ezin ahaztu azken urteotan alokairua gorantz doala urtero: alokairu librean % 8 eta babestuan % 5. 2019an esfortzua handiagoa izango da.

Hilabete hasieran Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak Euskadiko Etxebizitzaren Behatokiak egindako Etxebizitzaren Erabilerari buruzko Inkestaren emaitzak aurkeztu zituen. Bertan zehazten denaren arabera, egun Euskadik kudea daitezkeen 34.466 etxebizitza ditu –etxebizitza-parkearen % 3,3a– eta horietatik 20.840k bi urte daramate habitatu gabe.

Egoera identifikatuta, zein dira pausuak?

Egia da guztien kasuistika ez dela berdina: batzuk ondo daude, beste batzuk obrak behar dituzte eta badaude goitik beherako moldaketa behar dutenak. Eta hori buruan izan behar da, baina beti esan ohi bada eskaintza gutxi eta eskari asko egoteak igotzen duela alokairuaren prezioa, etxebizitza hutsak merkaturatzeak lagun lezake egoera iraultzen. Edo behintzat aztertzea merezi duen puntu bat da, ahalik eta modurik zabalenean. Legeak jada eman du definizio bat –besteen artean, gutxienez eta modu jarraituan bi urtez inor bertan bizi gabe egon izana– eta aurreikusia dago 2019an zehar etxebizitza hutsen kudeaketa zehaztuko duen sistemaren erregelamendua garatzea, esaterako nola sustatu horiek alokairuan jartzea edo ordaindu beharko den kanona. Honekin joango litzakete Euskadin horiek desjabetzeko aukera izango denaren albistea –hau ere ikusi, zehaztu eta argitzeko dagoena–.

Hori dena aurreikusia badago, zergatik ez izan gazteon iritzi, behar, nahi eta aldarrikapenak kontuan? Asmo horri erantzuteko datorren azaroaren 28an topaketa egingo dugu aipatutako puntu guztiak ahalik eta modu zabalenean jorratzeko. Gazteok esateko asko dugula uste dugu eta garrantzitsua iruditzen zaigu arduradun politikoek eta administrazioek horren berri izatea.

Aipatutakoaz gain, azken urteetan, eta batez ere udaran, bolo-bolo ibili den pisu turistikoen gaia aztertu nahi dugu: Horiek erregulatzeko sortu diren ordenantzak, hauen ondorioz eta turismoarekin batera sustatzen den hiri-eredua, ordenantzen harira enpresek, esaterako Aparturek, izandako erreakzioa, bertako gazteentzako emantzipatzeko oztopoa den ala ez, etab.

Beti diogun bezala, egoerari erantzuna emateko beharrezkoa da politika publikoen diseinuan gazteon presentzia bermatzea, gure ahotsa entzutea. Izan ere, guk lehen eskutik pairatzen dugu egoera eta hori hobetzeko zehazten diren neurrietan guk zeresan handia dugu.

Gazteok bizi-proiektu autonomoa eratu nahi dugu, emantzipatuz eta lan egoki bat izanda. Asmo horretan etxebizitzara sarbidea ezinbestekoa da. Esandako guztiak argi uzten du guk nahi, behar eta merezi dugunetik urrun gaudela. Batez beste 30 urterekin emantzipatzen gara, gazte izateari uzten diogunean eta guk nahiko genukeen adin-tartetik urruti. Datuen arabera, lautik batek soilik lortzen du aurrez emantzipatzea.

Hori guztia eta bertaratzen direnek proposatutakoa jorratuko dugu azaro amaieran Donostian egingo dugun ekitaldian. Laster zabalduko dugu informazio gehiago gure webgune eta sareetan.

Maialen Olabe
EGKko presidentea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.