Eta egokitzen bazaizu?

Urte amaiera eta gabonak gertu dira eta, tradizionalki, sasoi horri hasiera eman izan zaio Gabonetako zozketarekin. Aurten, aipatu zozketa abenduaren 22an izango da eta mundu guztiak du gutxi-asko diru kopuru garrantzitsu bat irabazteko itxaropena. Diru horrekin, hainbat gauza egin daitezke, adibidez, hipoteka ordaindu, ametsak bete, buruan duzun bidaia hori egin, kotxe handi bat erosi edo, besterik gabe, apeta bat asetu. Garbi dago, loteria egokituz gero, etorkizunari modu lasaiagoan aurre egiteko aukera dagoela.

Hala ere, loteria irabaztea ez da beti albiste ona; ez behintzat, epe ertainera begira. Izan ere, zenbait estatistiken arabera, sarritan, errealitateak irabazle zoriontsua gainditu ohi du. Hainbat azterlanen arabera, bost urte pasatu ostean, loteria irabazi duten lau pertsonetatik hiruk saria irabazi aurretik baino diru gutxiago dute. Datu horrek hausnarketarako bide eman beharko luke eta, beraz, garbi dago altxorra jaso aurretik komenigarria dela aholkularitza profesionala bilatzea.

Gauzak horrela, gure burua euren ondasunak handitzea edo, behintzat, mantentzea lortu duen laurden horretan kokatu nahiko bagenu, egin beharreko inbertsioetan lagunduko gaituen aholkulari bat bilatu beharko genuke. Esan bezala, kasu horietan (are gehiago oso diru kopuru handiez hitz egiten ari bagara) komeni da oinak lurrean mantentzea, hausnartzea eta eman beharreko urratsak hotzean planifikatzea. Gauzak ondo eginez gero, etorkizunean ospakizunetarako denbora izango da.

Zure finantza-egoera aldatu dela onartu

Hainbat kasutan (seguruenik, gehiegitan), erabaki garrantzitsuak bihozkadetan eta harreman afektiboetan oinarrituta hartzen ditugu. Horregatik, ezer egin baino lehen, loteria edo bestelako sari potoloren bat egokitu bazaizu, zure finantza-egoera aldatu dela eta egoera berri horrek arreta handiagoa eskatuko dizula onartu beharko duzu. Ez hori bakarrik, egiten duzun kudeaketak zuzena izan beharko du. Horrela, epe motzean zentratu beharrean, epe luzera begiratzen hasi beharko duzu. Ideia hori funtsezkoa da eta, horren baitan, zure ongizate-ekonomikoa egonkortuko da edo iritsi den bezain azkar aldenduko da. Zure bizitzako aukera onenaren aurrean egon zaitezke; ez alferrik galdu.

Orain arte azaldutakoa garbi baduzu, lehen gomendioa zentzu komunekoa da: ez egin ezertxo ere; ezer ez. Hau da, ez atera kalera milioidun zarela oihukatuz, ez esan publikoki edo ez atera telebistan esku batean xanpain botila bat eta bestean saritutako txartela duzularik. Horietako bat bazara, agian, ez zenuke irakurtzen jarraitu behar. Beraz, ez azaldu inori, eta norbaiti esatekotan, bakarrik konfiantza osoko pertsonekin partekatu berri ona. Horrelako albisteak publikoak egiten direnean ohi baino lagun gehiago azaltzen dira eta telefonoa hartzen ez zuen neska edo mutil hori, agian, deiak bueltatzen hasiko da.

Beraz, bizitza normala egiten jarraitu. Ez utzi lanera joateri. Denbora izango duzu horretarako eta nahi duzun ordutan esnatzeko (hori, noski, egokitu zaizun sariaren arabera).

Kobratu aurretik, aholkua eskatu

Garbi dago horrelako sari handi bat egokitzen bazaizu zenbait egun beharko dituzula albistea behar bezala digeritzeko. Hala ere, zenbat eta lehenago aholkularitza profesionalaren eske joan, hobe. Finantza-aholkulari batek zure diruarekin zer egin dezakezun erabakitzen lagunduko dizu. Kontuan izan diru hori berean uzten baduzula urteak aurrera joan ahala balioa galduko duela.

Demagun Gabonetako zozketan lehen saria egokitzen zaizula. Dezimo bakoitzeko 400.000 euro jaso beharko zenituzke, baina, errealitatean, ‘bakarrik’ 320.000 euro jasoko dituzu. Bai, falta den beste % 20 Ogasunak ‘irabaziko’ du. Diru hori guztia zure etxean gordetzen baduzu (koltxoiaren azpian esan ohi den bezala), 20 urte barru eta, batez beste, inflazio-tasa % 2koa bada (Europako Banku Zentralaren helburua), kopuru horren balioa 220.000 euro ingurukoa izango da.

Behin aholkua eskatuta, garrantzitsuena epe motzera dituzun kreditu guztiak kentzea izango da; hots, interes-tasa altuak dituzten horiek (kreditu-txartelenak edo mailegu-azkarrak). Behin zor horiek kitatuta (hobe horiek ez badituzu), papera, arkatza eta kalkulagailua hartzeko unea da.

Bestelako mailegu edo hipotekak kitatu nahi badituzu, erabaki hori komenigarria den ala ez kalkulatu beharko duzu, betiere, kontratatuta dituzun baldintzen arabera. Hipoteka baten kasuan, adibidez, kontuan hartu beharreko irtenbide bat, guztiz amortizatu nahi ez bada, partzialki amortizatzearena da, ordaindu beharreko kuoten kopurua murriztuz eta, horrela, epeak laburtuz. Hala ere, gaur egun, interes-tipoak oso baxuak direnez, mailegu bat amortizatzea agian ez da erabakirik azkarrena eta, bai ordea, inbertsio interesgarriren bat egitea. Gainera, hipoteka-mailegua guztiz amortizatzen denean, ohiko bizilekuaren kasuan eskaintzen diren zerga-arinketak galduko zenituzke.

Eta bai, zergatik ez, apetaren bat ere asetu ahal duzu, baina beti kontuan izanik zure egoera eta behar berriak nolakoak diren. Ahal den neurrian, ekidin eragilketak. Kasu horietan, komenigarria da horrelako gastuetan irabazitakoaren % 10 baino gehiago ez xahutzea. Kopuru horrekin, nahikoa izan beharko zenuke apetaren bat asetzeko eta, horrela, gainera, jakin ahal izango duzu loteriari esker bere bizitza aldatu ahal izan duen gutxiengo horren parte zarela.

Nola inbertitu

Irizpidez inbertitzea da lortutako dirua oso denbora laburrean ez xahutzeko biderik onena. Baina ez ahaztu bizitzak badituela ezustekoak eta, definizioz, gutxien espero ditugunean azaltzen direla. Horregatik, komeni izan ohi da kapitalaren zati bat gehiegizko arriskurik hartu gabe berehalako likidezia eskaintzen duen deposituren batean gordeta izatea.

Behin urrats horiek emanda, sobera dugun dirua non eta nola inbertituko dugun erabaki beharko dugu. Esan bezala, egokiena finantza-aholkulari batengana joatea da edo, aukera gisa, zure erreferentziazko banketxera. Bertan, laguntza eta aholkua eskainiko dizuten kudeatzaile adituak ere aurki ditzakezu. Inbertsio-produkturen bat aukeratu aurretik, ezinbestekoa da ulertzea errentagarritasuna ez dela aintzat hartu behar den aldagai bakarra. Kontuan izan ordainsaria beti arriskuaren araberakoa izango dela.

Dirua inbertitzeko erabakia norberaren izaeraren eta arriskuaz dugun pertzepzioaren araberakoa izango da. Finantza-produktuekin arriskurik hartu nahi duten horiek aurrezteko aukera dute edo, bestela, errentagarritasun baxuagoa duten alternatiba seguruetara jo dezakete, adibidez, deposituen bidez. Horregatik, ezinbestekoa da gaitasun-azterketa bat egitea finantza-ezagutzak eta esperientzia, finantza-egoera, inbertsioaren denbora-horizontea eta bilatzen diren helburuak ebaluatzeko. Modu horretan, behin ebaluazioa eginda, guretzat egokien den inbertsioa jakiteko aukera izan dezakegu, betiere kontuan hartuz, jada azpimarratu den bezala, ordainsaria edo errentagarritasuna beti arriskuaren araberakoa izango dela. Horregatik, inoiz ez duzu zure dirua ulertzen ez dituzun produktuetan inbertitu behar.

Azterketa hori egin ostean eta gure profila zehaztuta dagoenean, aholkularitza fiskala eta finantzarioa ezinbestekoa da. Ahal den neurrian, aholkulari onak izatea komeni da eta ahal den neurrian, ekonomiaz eta finantzaz ikastea, oso mugikorra den sektorea baita.

Printzipioz, eskainiko dizkiguten produktuak edo zorroak hiru multzo nagusitan bildu daitezke: errenta aldakorreko inbertsioak, errenta finkoa eta monetarioak. Normalean, horiek Inbertsio Funts bezala aurkeztuko dira suposatzen duten abantaila fiskalak eta eragin fiskala ez duten aldaketak egiteko aukera dela eta. Gainera, zorro horiek hainbat inbertsio funtsetan banatzen dira eta, horrela, ez dira arrautz guztiak saski berean jarriko. Kasu horietan, hobe da dibertsifikatzea arriskuak ahalik eta txikienak izateko.

Eta gaztea bazara ere, ez ahaztu zure pentsioaz. Oraindik urrutiko gauza bezala ikusi arren, interesgarria izan daiteke zure kapitalaren zati bat pentsio-funts edo BGAE/EPSV batean sartzea. Abantaila fiskalak lortzeaz gain, etorkizunean zure pentsioa osatzen lagun zaitzakete.