“Rohingyen sufrimendu maila muturrekoa da”

Zein kokalekutan izan zineten lanean? Noiz eta zenbat denboraz?

Mónica Fernández.– Ni larrialdiaren unerik zorrotzenean izan nintzen, 2017ko abuztuko exodoaren ondorengo lehen bi hilabetetan. Beraz, gure jarduera zenbait errefuxiatu-esparrutan jarri genuen martxan: Unchiparang, Jamtoli, Hakimpara, etab.
Sonia Cámara.– Nire kasuan, Jamtoli, Hakimpara eta Moynargona esparruetan izan nintzen. Horiek guztiak Cox’s Bazar eskualdean daude, Myanmarren eta Bangladeshen arteko mugan. Guztira hiru hilabete izan nintzen bertan, 2017ko azaroa eta aurtengo otsaila bitartean, hain zuzen ere.

Zer aurkitu zenuten bertara iritsi zinetenean?

S. C.– Iritsi bezain pronto horretarako egokia ez den lurralde batean errefuxiatu-esparru itzelekin egiten duzu topo. Eskualde hori duela zenbait urte baso edo oihan antzeko zerbait zen. Orain, berriz, ez da zuhaitzik eta lokatzaz beteta dauden mendixka pila geratu dira agerian. Bertan, rohingya familia bakoitzak bere etxea edo txabola zuen, banbuz eta plastikoz egina. Baldintza horietan ia milioi bat pertsona bizi dira.
M. F.– Bangladesh eta Myanmar ibai zabal baten bidez daude banatuta. Alde batean, oso baldintza kaxkarrean bizi diren pertsonak aurkitu nituen, etxe bat, komun bat edo eskola bat eraiki nahian. Ibaiaren beste aldean, berriz, Rakin eskualdean erre zituzten Rohingyen etxeetatik ateratzen zen kea ikus zitekeen.

Biok duzue MSF erakundearekin lan egiten esperientzia handia. Zer izan zen hara iristean aho bete hortz utzi zintuen gauza?

S. C.– Niretzat txundigarriena errefuxiatu-esparruen tamaina edo azalera izan zen. Benetan harrigarria da; ezinezkoa zen esparrua non amaitzen zen ikustea.
M. F.– MSFrekin lan egin dut hainbat egoeratan eta testuingurutan, baina rohingyek bizi duten egoerak nire bizitzan bizi izan ditudan tematika guztiak biltzen ditu: indarkeria, sexu-indarkeria, izurriteak, hezkuntza zerbitzuen falta, osasun baldintza kaxkarrak, malnutrizioa, baldintza meteorologiko oso txarrak eta, horrela zerrenda amaigabe bat. Bestelako egoera humanitarioekin alderatzea beti zaila bada ere, bertan den sufrimendu maila muturrekoa dela uste dut.

Zeintzuk lirateke rohingyek dituzten gabezia eta behar nagusiak?

S. C.– Nire ustez galdera horrek alderantzizko galdera izan beharko luke… Errefuxiatu-esparruetan denetarik falta da, banbua eta plastikoa izan ezik. Hori da duten guztia, eta garbi dago, ez dela nahikoa hotzetik babesteko.
M. F.– Haien egoera legala dela-eta ezin dute lanik izan, ezin dute hezkuntza-zerbitzurik jaso eta mugimendu askatasuna mugatuta dute. Hori guztia dela eta, horrelako esparruetan izaten diren arrisku guztien menpe daude: izurriteak, gaixotasunak, pilaketak, elikagai falta, muturreko baldintza meteorologikoak, indarkeria… Horregatik, bizirik irauteko laguntza humanitarioa ezinbestekoa egiten zaie.

Deskribatu ahal duzue nolakoak diren kokaleku horiek? Nolakoa da familia rohingya baten egunerokotasuna?

M. F.– Jada azaldu dugun moduan, ingurunea lokatzaz betetako mendixkaz osaturik dago. Muino horiek guztiak banbuz eta plastikoz eraikitako txabolez beteta daude. Etxetxo horietako bakoitzean 4 eta 10 pertsona inguru bizi daitezke. Egunerokotasuna oso sinplea da: janaria, ura eta su-egurra bilatzea eta errefuxiatu-esparruak ‘eskaintzen’ dituen baldintzei aurre egitea.
S. C.– Egunero, normalean, “zerbait” banatzen zen. Zenbait kasutan, bertan ziren GKEek, astean behin edo, janaria banatzen zuten, nagusiki, arroza. Beste batzuetan, batez ere tenperaturek behera egiten zutenean, tapakiak edo txabolak babesteko olanak banatzen ziren. Emakumeak normalean txaboletan geratzen ziren janaria prestatzeko eta haur txikiak zaintzeko. Gizonak berriz, esparruan zehar ibiltzen ziren banbua edo txabolak eraikitzeko erabiltzen dituzten bestelako materialak garraiatzen. Haurrak, berriz, jolasten eman ohi dute egun osoa, plastikozko botilekin etab. Zenbait kasutan, bat-batean eraikitako eskoletan izaten ziren.

Eta nolakoa zen zuen egunerokotasuna?

M. F.– Lan handia. Milioi bat pertsona inguruz hitz egiten ari gara eta, ondorioz, egin beharreko lan medikua dimentsio itzelekoa da. Lau ospitale eta zortzi osasun-zentro martxan jartzea sekulako lana da. Eguzki argia den bitartean errefuxiatu-esparruan bertan lan egiten dugu. Gauean lan administratiboa, logistika, koordinazioa eta bilerak egin beharra dago.
S. C.– Goizeko seiak aldera esnatzen ginen eta zazpietarako kotxeak hartu eta errefuxiatu-esparruetara abiatzen ginen. Zortziak aldera iristen ginen eta arreta medikurako klinika batean ematen genuen egun osoa. Han bertan jaten genuen; batzuetan sandwich bat eta beste batzuetan errefuxiatuek jaten zuten janari berdina. Atsegina zen haiekin batera jateko aukera izatea, nahiz eta jateko askorik ez izan.
Eguna amaitzean gure basera bueltatu behar genuen, estatistikak egin, ataza berriak antolatu… Eguna amaitzeko talde-bilera bat izaten genuen eta oheratu aurretik, zertxobait jan eta dutxatu.

Zein nolako lanak burutzen zenituzten esparruan bertan?

S. C.– Talde medikuek arreta eskaintzen genuen banbuz eraikitako klinika xumeetan. Badira osasun mentala eta osasuna sustatzen duten bestelako taldeak ere, baina horien kasuan, esparruan zehar ibiltzen ziren beharrak antzemateko. Lan hori guztia egin ahal izateko ezinbestekoa da talde logistiko erraldoi bat izatea. Horien ardura da funtzionamendurako beharrezkoa den guztiaz hornitzea eta ura eta saneamenduaz, ibilgailuen kudeaketaz eta beste hainbat lanaz arduratzea.
M. F.– Nik zuzenean komunitatean bertan egin nuen lan bertako osasun eragileekin (bertako emaginak eta tokiko liderrak) rohingyarrek dituzten zailtasunen eta oztopoen berri zuzena izateko eta, horien baitan, gure lana haien beharretara egokitzeko. Lan horri esker, izurriteak identifikatzeko, haurdun ziren emakumeengana gerturatzeko edo bestelako gaixotasunak antzemateko aukera izan genuen.

Zein nolako gaixotasunez arduratu behar izan zenuten?

S. C.– Ur eta saneamendu baldintzak oso kaxkarrak direnez, sabeleko gaixotasunak, azaleko infekzioak eta arnas eritasunak dira gaixotasun ohikoenak.
M. F.– Horri guztiari, difteria, elgorria edo kolera bezalako izurriteak ere gehitu behar zaizkio, nagusiki, txertoen estaldura hutsala delako. Baina, gainera, osasun mentaleko arazoek ere gero eta garrantzi handiagoa dute.

Azaldu duzuen guztia ikusita, argi dago hainbat drama pertsonal eta muturreko egoera bizi behar izan dituzuela. Zer egiten zenuten egoera horietatik guztietatik deskonektatzeko?

M. F.– Errealitate horren aurrean eta lan erritmoa altua denez gero, zaila da deskonektatzea. Gorputza gainaktibatuta dagoela esango nuke eta, ondorioz, etxera bueltatu arte, ez zara guztiz lasaitzen. Egoera horiei aurre egiteko oso lagungarria da taldean egindako lana eta egunekotasunak planteatzen dituen zailtasunak partekatzea zure kide guztiekin.
S. C.– Egunaren amaierarako gure kideekin egoteko tarte bat uzten genuen, azken finean, hor duzun familia guztia baitira. Topaketa horietan eguneko gorabeherak aipatzen genituen eta bestelako gaiez ere hitz egiten saiatzen ginen deskonektatu ahal izateko. Horrelako misioek duten gauzarik onenetakoa da, beste herrialdeetako hainbat lagunekin izateko aukera duzulako eta horrelako egoeretan eraikitzen diren harremanak oso sendoak direlako. Oso garrantzitsua da laguntzea eta lagunduta sentitzea. Misio bakoitzeko MSFeko familia betirako gogoratzen duzun zerbait da.

Larrialdi humanitario batean osasun-laguntzaz hitz egiten denean, burura etortzen diren lehenengo gauzak dira zauri fisikoen sendaketa, gaixotasunen tratamendua edo izan daitezkeen izurriteei aurre egitea. Baina, antza denez, gero eta garrantzitsuagoa da dena galdu duten horiei, umezurtz geratu diren haurrei edo bortxatuak izan diren emakumeei arreta psikologikoa eskaintzea. Nola egiten da lan pertsona horiekin?

S. C.– Horretan espresuki lan egiten zuen talde bat genuen. Talde horrek beharrak antzemateaz gain, talde medikuak eskatutako kontsultei ere aurre egiten zien.
M. F.– Rohingyak muturreko indarkeriaren biktima izan dira Bangladeshera iritsi aurretik, baina, gainera, esparruetan bizi den egoerak frustazioa eta etsipena eragiten du eta sentsazio hori handituz doa denborak aurrera egin ahala. Osasun mentaleko gure kideek tratamendua egiteaz gain, tokiko lagunak ere trebatzen dituzte lan hori egin dezaten.

Zeintzuk lirateke zuen lana egiteko aurkitzen dituzuen oztoporik handienak?

M. F.– Aldi berean laguntzaile asko iritsi ginen. Horien guztien lana koordinatzea lan bera ez errepikatzeko eta ahalik eta jende gehienera iristeko oso lan konplexua da. Zorionez edo zoritxarrez, halako krisi humanitario batek guztion lanerako aukera ematen du.
S. C.– Nagusiki, larrialdi egoera. Asko dira zure gaitasunetik kanpo geratzen diren egin beharreko gauzak. Han dagoen arazoa izugarria da.

Arazoren bat izan al zenuten zuen lana egiteko arrazoi kulturalak edo erlijiosoak direla eta?

M. F.– Oso tradizionala eta erlijiosoa den komunitatea izan arren, beti azaldu dute haien jendearekiko izaera humanitario handia. Asko izan dira ospitaleak eraikitzen laguntzeko bolondres aurkeztu diren rohingyak. Euren egoera gainditzeko konpromiso maila handia dute eta izan daitezkeen oztopo kultural edo erlijiosoak alde batera uzten dituzte. Guk geuk ere testuingurura egokitu behar izaten dugu gure kultura edo erlijioa oztopo bezala antzeman ez dadin.
S. C.– Beti izaten da arazoren bat. Bangladeshen erlijio nagusia islamiarra da eta horrek egokitzera behartzen zaitu ‘deserosotasunak’ ekiditeko. Hala ere ezin da zailtasunez hitz egin. Kultura kontuei dagokionez… asko dira. Rohingyena marjinatuta izatera ohituta dagoen herria da eta, ondorioz, ondo ulertu behar dituzun ohitura oso itxiak dituzte: familiaren kontzeptua, hierarkiak, lehentasunak… ez dira guk ditugun horien antzekoak eta, horrek, bai, zailtasunak eragiten ditu.

Esparruen barruan ba al da nolabaiteko barne antolakuntzarik? Ba al da, adibidez, poliziarik, eskolarik, merkaturik…?

S. C.– Segurtasuna Bangladesheko ejerzitoaren ardura da eta bertan lan egiten dugun erakunde guztiak kohesionatzen ditu. Apurka, rohingyek euren dendak sortu dituzte, bai eta eskolaren bat ere. Beste zenbait eskola han lan egiten duten zenbait GKEk eratu dituzte.
M. F.– Hain zuzen ere, urtebete baino gehiago pasatu da errefuxiatu-esparruak eratu zirenetik. Eskolak, meskitak eta merkatuak inprobisatu dituzte. Azken finean, euren bizitzekin jarraitzen saiatu behar dute, bestela, egoera askoz ere katastrofikoagoa eta etsigarria izango litzateke. Ingurune hori jada hiri handi baten antzekoa da, baina banbuz, plastikoz eta lokatzaz egina.

Nola ikusten duzue errefuxiatu horien etorkizuna?

S. C.– Zalantzazkoa eta ez egonkorra. Sarritan aberriratzea gertu dagoela entzun dugun arren, nik ez dut hori jazoko denik uste… Rohingyak ez dira bueltatuko gutxieneko baldintza batzuk bermatuta izan arte eta, hori momentuz, urruti dago.
M. F.– Zoritxarrez, epe labur eta ertainean ez dago itxaropentsu azaltzeko arrazoirik. Errefuxiatu-esparruen egoerak ez du hobera egin eta zenbait arazok, ostera, okerrera egin dute. Muturreko egoera bat denboran luzatzen denean, hortik eratorritako sufrimendu eta etsipen maila ere luzatzen da.

Nola sentitu zineten bueltatu behar izan zenutenean?

S. C.– Misio batetik bueltatzea beti gauza zaila da. Bat-batean oso nekagarria den lan bat egitetik ezer ez egitera pasatzen zara. Errealitate aldaketa horrek zaila den prozesu mental bat eskatzen du. Nire kasuan, horrelako egoeretan sentitzen dudana azaltzea asko kostatzen zait eta, normalean, ‘deprimituta’ bezala sentitzen zara, gutxienez, lehenengo egunetan. Horretarako, MSFek laguntza psikologikoa eskaintzen digu eta ia beharrezkoa izaten da etxera bueltatzeko.
M. F.– 24 orduko epean errefuxiatu-esparru batean izatetik Iruñean izatera pasatzen zara.Baina mentalki bidaia horrek luzeago jotzen du. Egokitzea nahikoa erraza izan daiteke gure artean hainbat erraztasun ditugulako, baina bi errealitate horien arteko aldeak ez zaitu axolagabe uzten eta kontraesan horiek guztiek zer pentsatu ematen dute.

Rohingyekin bizi izan dituzuen esperientzia guztietatik, zein azpimarratuko zenukete?

M. F.– Alde batetik, rohingyen erresilientzia gaitasuna, indarra eta espiritu itxaropentsua azpimaratuko nuke. Bestalde, oraindik ere gure artean horrelako egoerak ematen direla jakiteak ikaratzen nau.
S. C.– Gauza guztien gainetik rohingyen eskuzabaltasuna azpimarratuko nuke. Asko sufritu duten arren, duten gutxi hori eskaintzen dizute. Espero dezagun ahalik eta lasterren euren etxeetara bueltatzeko aukera izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.